Eltxotrail, festa bihurtzen den mendi lasterketa

Imanol Garcia Landa 2022ko urr. 19a, 11:59

Larunbat arratsaldean izango da Orendaingo VI. Eltxotrail mendi lasterketa, eta hasieratik bezala, ibilbide luzea eta motza izango ditu.

Egun berezia izango da larunbata Orendain herriarentzat. Dagoeneko agendan sendo txertatuta dagoen Eltxotrail mendi lasterketa izango da jokoan, eta aurten seigarren edizioa izango da. «Herrian ekintza gustukoa izan zen antolatzen hasi ginenean, saltsa sortzen dugu eta festa moduko bat izaten da», esan du Aimar Agirresarobe antolakuntza taldeko kideak. «Herri txikia gara, eta herritar gehienek parte hartzen duten egitasmoa da. Bere emaitzak ere baditu, eta saiatuko gara urtetan mantentzen».

Ohi bezala, bi ibilbide izango dira aukeran. Luzeak 21 kilometro inguru izango ditu eta 15:30ean hasiko da, eta motzak 7,3 kilometro eta 16:00etan jarriko da martxan. «Hasieratik gure asmoa izan da lasterketa luze samar bat antolatzea, zehazki maratoi erdi bat, baina garbi genuen herritarrei eta hasiberriei beste aukera bat eman behar geniela nolabait mendi lasterketetan esperientzia berri bat probatzeko. Horregatik daukagu ibilbide motza».

Ibilbide motza aldatzen joan da eta aurten azken igoeran egin da aldaketa. Ibiur urtegitik gora izan ohi da, eta aurten ibilbide luzeko igoera bera egingo dute. «Igoera politagoa da eta luzekoen denborekin alderatzeko aukera ematen du», esan du Agirresarobek.

Ibilbide luzean Gaintza eta Baliarrain herriak zeharkatzen dituzte. «Bertako herritarrek eta udalek ere parte hartzen dute antolakuntzan, eta nolabait esateko beraiena ere bada pixka bat Eltxotrail mendi lasterketa».

Izena Internet bidez eman ahal da, eta horretarako Buscametas.com webgunean sartu daiteke, edo Eltxotrail.com webgunean dagoen lotura baliatu daiteke izena emateko atarira iristeko. Ostiraleko azken ordura arte egongo da aukera izena emateko, eta ez dira dortsal asko geratzen.

Bertako produktuen azoka

Eltxotrail mendi lasterketarekin batera, bertako eta inguruko ekoizleen azoka ere izango da. Guztira zazpi postu izango dira herriko plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!