Elkarrizketa

«Bost ordu-edo egin nituen, ezin lorik hartuta, hotzez dardarka»

Imanol Garcia Landa 2022ko uzt. 21a, 19:59

Transpyrenees proba gogorra egin nahi zuen Patxi Plazaola orendaindarrak, baina eguraldiak ez zion utzi erronka egin nahi izan zuen bezala burutzen; uztailaren bukaeran beste ultra distantziako erronka bati helduko dio, Basajaun izenekoa.

Ez zen posible izan. Patxi Plazaolarentzat (Orendain, 1990) Transpyrenees ultra txirrindulari proba egitea zen aurtengo helburua, baina azkenean ezin izan zuen burutu. Mediterraneo aldetik abiatu eta Donostiara artekoa da probaren ibilbidea: 1.080 kilometro, 25.000 metro maldan gora eta guztira 33 mendate, horietako hainbat Tourrean egiten direnak. Hori dena, kanpoko laguntzarik izan gabe, eta aurretik ezer lotuta gabe. Ez zen nolanahiko erronka, eta txirrindulari orendaindarra Donostiaraino iritsi bazen ere, ez zen probaren ibilbidetik izan. Ez dio, baina, gogorik kendu horrelako probetan parte hartzen jarraitzeko.

Azkenean, ezin izan zenuen Transpyrenees proba amaitu.

Eguraldiagatik-eta erabaki nuen dezenteko arriskua zegoela, eta ez zela egokiena bidean segitzea. Donostiaraino iritsi nintzen, baina beste bide bat hartuta. Mendate gutxiago egin nituen, baina esan daiteke behintzat bizikletan Donostiaraino iritsi nintzela.

Martxan jarri zinetenean zer aurreikuspen zenituzten?

Aste osoa generaman begiratzen eta nahiko beldurtuta geunden. Euria ematen zuen, eta euria 2.000 metrotik gora eta gauez, baldintza nahiko txarrak dira. Egun bat osorik euria egingo zuela ematen zuen, eta azkenean horrela izan zen.

Hasiera nola izan zen?

20:00etan atera ginen [ekainaren 25ean] Llançatik, eta iluntzean nahiko bero egiten zuen, baita hezetasuna ere, baina bizikletan joateko eguraldi txarra ere ez zen. Atera bezain pronto, bigarren kilometroan, parte hartzaile batek erasoa jo zuen, eta besteak elkarri begira geratu ginen, ea zein ote zen galdetuz. Gero jakin genuenez, Europa mailan horrelako lasterketa asko irabazi dituen txirrindulari bat da. Seikote bat geratu ginen aurrean, ihes egindakoaren ondoren; gure artean ondo gindoazen eta erritmoa ez zen gogorregia. Nik ez nuen asmorik aurrera egiteko, gauez hobea zelako denak batera joatea.

Eta seikote hori hautsi egin zen?

Goizeko lauak edo bostak zirenean, eta altuera bat harrapatu genuenean, ia 2.000 metrora, batek arropak aldatu behar zituela, bestea ur bila joan zela, azkenean hiru geratu ginen. Gero, beste biak nahi bezain ondo ez zihoazela eta aurrera egiteko esan zidaten.

Ordurako euria egiten hasi al zuen?

Ez, igandeko ia egun osoa libratu genuen. Hotza bai, Puymorens aldean 2.000 metro inguruko altueran genbiltzalako. Bakarrik geratu nintzenean, martxa hartu nuen eta segituan harrapatu nuen bigarren zihoana, eta hortik gutxira lehen postuan zihoana ere harrapatu nuen, eguna argitzen ari zenean. Nire gurpilean jarri zen, eta biok Puymorens mendatea igo eta jaitsi genuen. Gero Andorran sartu ginen, eta nik eskularruak jantzi gabe nituen, eta horiek janzterakoan, besteak alde egin zuen. Baina, aurrerago ikusi nuen bidegurutze bat saltatu egin zuela. Buila batzuk bota nizkion, baina ez zen konturatu. Nik nire bidea jarraitu nuen eta mendateak-eta igo eta gero, gasolindegi batean geratu nintzen zerbait jateko, eta ikusi nuen bestea pasa zela. Beraz, buelta eman eta bidea ondo hartu zuen.

Beraz, hor zenbiltzaten, batera ez, baina paretsu.

Bai, oso paretsu genbiltzan. Atzetik zetozenetik oso alde handia omen zegoen. Oraindik goiza zen, eta Cantoko mendatea pasa, eta gero Aran bailarara Bonaiguatik igo ginen. Hor dezenteko krisia izan nuen, logura handia bainuen eta urik gabe geratu nintzen. Aparkatuta zegoen kotxe bati ura eskatu eta behintzat bidoi bat bete eta horrekin goraino joateko aukera izan nuen. Ondoren, Portilhon mendatetik Frantzia aldera egiten zuen bideak. Logura dezente nuen eta jaitsieran berriz pasa zidan. Igande eguerdia zen, eta oraindik lo egin gabe nengoen. Gero Peyresourde eta Val Lauron mendateak etorri ziren. Azken honen lehen erdia oso gogorra da, eta hor ezinean, logurarekin, baina iritsi ginen gora. Ondoren Cap de Longera igo eta jaitsi egin behar genuen, bide beretik, eta horra joateko bidean sekulako txakalaldia izan nuen. Jan eta jan hasi nintzen, eta oraindik gaizki, baina aurrera segitzen nuen.

Nola egin zenuen igoera hura?

Cap de Longera igotzen berriz ere nirekin paretsu zebilen txirrindulariak pasa zidan, eta orduan konturatu nintzen lehen postuan nindoala ordura arte. Gailurrean hamar minutuko aldea bakarrik ateratzen zidan, eta arropa guztia ondo janzteko aprobetxatu nuen. Beherakoan pixka bat busti ginen. Zerbait jan eta pentsatu nuen aurrera egitea, behintzat Aspin igo eta gero Sainte Marie du Campanen hotel batzuk daudenez, han atseden hartzea. Eguraldiak eutsiz gero, jarraitu eta Tourmalet ere igotzea zen beste aukera.

Eta hor etorri zen euria?

Aspin igotzen ari nintzela, gailurretik gertu gauak harrapatu ninduen eta euria nahiko indartsu hasi zuen. Han hoztu nintzen eta beheraka nahiko sufritu nuen. Sainte Marie de Campanera iritsi nintzen, baina hotel guztiak itxita zeuden. Ate joka-eta ibili nintzen, baina ez nuen lekurik lortu. Ez zen oso berandu, 22:30ak-edo izango ziren. Komun publiko batzuk ikusi nituen eta hara sartu nintzen, manta termikoarekin lurrean botatzera. Baina erabat bustita eta hoztuta nengoen, eta hantxe nengoen, dardarka, ezin lorik hartuta. Larrialdietara ere deitu nuen, baina ez zidaten kasu handirik egin. Probaz ahaztuta nengoen une horretan, egoera ikusita. Bost ordu-edo pasa nituen, ezin lorik hartuta, hotzez dardarka. Hankak-eta komuneko paperarekin bildu nituen, pixka bat lehortu eta tapatzeko. Azkenean ordu pare bat lo egitea lortu nuen.

Gogorra, beraz, gau hori.

Bai, egoera gogorra izan zen. Gau osoan euria egin zuen eta goizean zirimiria ari zuen. Aurreikuspenak ikusi eta egun osoan euria ematen zuen. Tourmaleteko gainean, lau eta bost gradu ematen zituen. Eta pentsatu nuen, Tourmalet igotzeko aukera izan nezakeela, baina gero jaisten gaizki pasako nuela, eta hurrengo portuan ere antzeko egoera izango zela. Nire planteamendua ez zen egun bat atseden hartzea, ez zen hori nik bilatzen nuena. Beraz, Lourdes aldera abiatu nintzen, eta ikusten nuen euria egin arren, ez zuela hotzik egiten, eta, beraz, pixkana Donostiaraino joan nintzen, probako mendateak igo gabe. Beste txirrindulariak, beraien denborak-eta ikusita, euria egin zuenean geldirik egon ziren.

Gaua eroso pasa eta atseden hartuz gero, segituko zenuen?

Ez dut uste. Eguraldia ikusita, ziurrenik antzeko erabakia hartuko nukeen.

Eta zer sentsaziorekin geratu zinen?

Gazi-gozoa. Momentu oso txarra pasata, baina lasterketan egin nuenarekin oso gustura, ikusita oso ondo nindoala, bidean akatsak egin arren. Gauza asko ditut hobetzeko, baina gustura nago egindakoarekin. Betiere, ez bukatzeak pena ematen dizu.

Ez duzu baztertzen, beraz, horrelako proba batean parte hartzea berriro?

Ez; hain justu, uztailaren bukaeran, Basajaun izeneko proban parte hartuko dut. Gasteizen hasi eta bukatzen da. 760 kilometro ditu eta 15.000 metro maldan gora. Gravel estiloko bizikletarekin egiten da, gehiena pistetatik eta menditik joaten baita bidea, eta Urbasa, Irati, Bardeak eta Sierra de la Demandatik pasatzen da. Horrelakoak egiteko gogoak joaten zaizkizu bizikleta gainean zaudenean, baina, gero, helmugara iristerakoan, berriro itzultzen dira.

Argazkiak: Biteofme, Carlos Mazon (https://www.instagram.com/biziosona/) eta Jakub Kopeckyy (https://www.instagram.com/jacob_kopecky/)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!