Elkarrizketa

«Abentura bat izango da Transpyrenees proba egitea»

Imanol Garcia Landa 2022ko eka. 16a, 11:59

Argazkia: GIGANTE DE PIEDRA

Ez ditu lan makalak hartzen txirrindulari orendaindarrak: mendi bizikletako proba gogor batean bigarren egin ondoren, Pirinioak errepidez zeharkatzeko asmoa du.

Erronkatik erronkara egiten du salto Patxi Plazaolak (Orendain, 1990). Castelloko mendietan zehar Harrizko Erraldoia (Gigante de Piedra) mendi bizikleta proban parte hartu du, Europako gogorrenetakoa, eta bigarren egin du elite mailan. Hamaika ordu eta erdi baino gehiago egin ditu bizikleta gainean.

Aurrekoan Kanariar Uharteetan ultradistantziako proba bat egin zenuen errepideko bizikletarekin, eta oraingoan mendi bizikletarekin aritu zara, Harrizko Erraldoian, proba gogor batean.

Ultramaratoi bat da, 200 kilometrorekin eta ia 7.000 metroko desnibel positiboarekin. Egia esan, estatu mailan nahiko sona du, eta Europako gogorrenetakoa da, antolatzaileen esanetan gogorrena. Aspaldi begiz jota nuen proba bat zen.

Eta bigarren bukatu zenuen elite mailan. Espero zenuen hor aurrean ibiltzea?

Izen ematea ikusi nuenean pentsatu nuen nahiko aurrean ibiltzeko aukerak nituela, baina hainbeste ez. Ez zegoen izugarrizko parte hartzea, baina gutxienez bost bat izen nabarmen izan ohi dira probetan, eta oso gustura nago bigarren bukatuta.

Eman dituzun datuen arabera, gogorra zela ezin ukatu.

Castelloko mendi horiek, izenak dioen moduan, nahiko harritsuak dira, eta nahiko zati teknikoak ditu, abiadura asko hartzen ez den ibilbideekin. Teknikoki eta fisikoki gorputzaren goiko partearentzako higadura handia duen proba bat da.

Hamaika ordutik gora eginez, aukera izango zenuten geratu eta behar bezala elikatzeko.

Antolakuntza oso ondo zegoen. Motozale asko zebiltzan denbora guztian aurrera eta atzera eginez, parte hartzaileak nondik zebiltzan kontrolatzeko. Anoa postu asko zeuden eta ni askotan geratzen nintzen ura hartzera, eta potoa betetzen zidaten bitartean mokadutxoa hartzen nuen. Gero aipatzekoa da pasatzen ginen herri gutxietatik, herri txikiak egia esan, denetan jendea zegoela ikusten eta animatzen, eta hori eskertu egiten da.

Proba lehenengo bukatu zuena, Llibert Mill, ezagutzen zenuen?

Llibert Mill proba hauetan espezialista da, eta irabazia du Europako Txapelketaren bat ultramaratoietan. Proba luzeetan erreferentea da, onenetakoa.

Beraz, bere atzetik sartuz gero, ez zela emaitza txarra izango pentsatu zenuen.

Beno, beti hobeto egin nahi izaten da, baina ez da emaitza txarra, ez.

Proba bera nola joan zitzaizun?

Goizeko seietan atera ginen, eta ez ginen oso indartsu joan, baina segituan aurrean geratu ginen lauzpabost txirrindulari. Tartean, mendi lasterketako mito bat, Tinker Juarez, 60 urterekin horrelako probetan parte hartzen jarraitzen duena. Bere aldamenean joatea plazer bat izan zen. Bi ordu eta gutxi generamatzanean, Llibert Millek aurrera egin zuen. Ni ordura arte jaitsieretan ez nintzen batere eroso sentitzen ari, oso baldar baizik. Banaka geratu ginen, erritmoa hartu nuen eta hobeto moldatu nintzen. Hirugarren joan nintzen baina segituan harrapatu nuen bigarrena eta atzean utzi nuen. Nire erritmoan joan nintzen, segi eta segi. Anoa puntuetan esaten zidaten gutxi gorabehera tartea mantentzen nindoala, eta gustura nindoan.

Tracka ez zegoen guztiz ondo, eta batzuetan zalantza egiten nuen. 120 kilometrotik aurrera aurrenekoari tartea pixka bat jaten hasi nintzen, baina harrapatzeko adina ez. Eta pena bakarra, 170. kilometroan-edo zintekin duda egin nuela bidegurutze batean, gps-ari jarraitu nion eta hamabost minutuz galduta ibili nintzen. Azkenean buelta eman nuen eta motozale bat topatu nuen nire bila zetorrena, ez nintzelako azaltzen. Azkeneko 30 kilometroetan ikusten nuen bigarren postu horretan mantentzen nintzela, ez atzera eta ez aurrera, eta momentu horretan helmuga harrapatu besterik ez nuen egin nahi.

Zure egutegian zer garrantzia zuen proba honek?

Ez hainbestekoa. Proba aspaldidanik nuen markatuta urteren batean egiteko, baina egutegitik nahiko libre. Astebete lehenago eman nuen izena. Proba luzeetan nahiko ondo moldatzen naiz, eta ekaina bukaerako dudan proba baterako sasoi aldetik nola nengoen ikusi nahi nuen.

Eta zer proba da, bada, begiz jota duzuna?

Transpyrenees izena du. San Joan ondorengo egunean hasiko da, eta Pirinioak zeharkatzen dituen ultradistantziako proba bat da. Gironako kostaldetik hasten da eta Donostiaraino doa. 1.080 kilometro ditu eta 25.000 metroko desnibel positiboa. Gelditu gabe egiten den proba da, errepidez, eta norbera bere kabuz moldatu behar da. Kanariar Uharteetan egin nuena bezalakoa da, baina han etapaka izan zen, irla batetik bestera ferrya hartu behar zelako. Hau etapa bakarrekoa da, eta ikusiko dugu gaua eta loa nola eramaten dugun. Niretzako esperientzia berria izango da. Nahiz eta Kanariar Uharteetako proba egin, hura ezberdina izan zen, ferryetan atseden hartzeko aukera zenuelako. Gogoz nago, leku ezaguna da eta behintzat badakit polita dela eta alde horretatik ondo pasako dugula. Ea beste guztia nola joaten den; abentura bat izango da.

Pirinioen iparraldetik edo hegoaldetik izango da bidea?

Urtero aldatzen dute, eta aurten iparraldetik goaz, mendate ezagun ugari igaroz: Peyresourde, Tourmalet, Aubisque...

Beraz, Frantziako Tourraren ia herena egingo duzue, baina segidan...

Bai, pixka bat erokeria bada. Orain arte egin dudan erronkarik handiena, gogorrena eta bereziena izango da. Nire aurreikuspen positiboena bi egun eta pixka bat gehiagotan egitea da. Horretarako lo gutxi egin behar da, eta gorputzak hori ondo jasatea, matxurarik ez izatea...

Zerbait planifikatu duzu probarako?

Kontua da norbera bere kabuz baliatu behar dela, eta ezin duzula kanpoko laguntzarik jaso, eta aurretik ezin duzu erreserbarik egin. Behin abiatuta, hoteletan lo egin dezakezu, jatetxetan otorduak egin, supermerkatuetan erosketak egin.., baina aurretik ezin duzu ezer lotuta izan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!