Frontoi zaharreko eremua berritu eta aisialdirako egokitu nahi dute

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mai. 25a, 07:59

Orendaingo Udalak 384.000 euroko aurrekontua du, eta legegintzaldi honetan frontoi zaharraren eremua eraberritu nahi dute; bihar, kultur etxe berritua inauguratuko dute.

Haizetea izan zela azaroan hiru urte beteko badira ere, oraindik, kultur etxean eragin zituen kalteak lanak ematen ari da Orendaingo Udalean. Izan ere, Migel Angel Arsuaga Orendaingo alkateak esan duenez, aseguru etxetik ezin izan dute jaso konpontze lanek izan duten kostu guztia; «80.000 euro falta zaizkigu».

Aldundiarekin jarri ziren harremanetan, landa garapenerako laguntzetatik lagunduko zietela esan zieten, eta guztia bukatzea espero dute. «Lehen zegoen bezala ez uzteagatik, teilatua lehen zegoena baino ziurrago jarri nahi izan dugu beste segurtasun neurri batzuk jarrita», azaldu du alkateak, eta ondorioz, aurrekontua igo egin da. «Kontua da aseguru etxeak lehen zegoena ordainduko duela esan digula».

Bada, obra guztia bukatuta dute, eta barrukoa ere guztiz bete nahi dute «bukatutzat» emateko. Nahiz eta, ziur ez dauden gauza guztiak iritsiko ote diren edo ez, jada inauguraziorako eguna jarria dute, eta bihar irekiko dituzte, berriz ere, kultur etxeko ateak. «Altzari guztiak iristen ez badira ere jendeak ikus dezala, eta ireki egingo dugu», kontatu du Arsuagak. Argazki batzuk jarriko dituzte nola geratu zen gogoratzeko, eta horrekin batera artisau garagardo festa bat egingo dute herriko gazteekin batera antolatuta. 19:00etatik aurrera, garagardo festari hasiera emango diote eta Bassagain Original Dancehall Soundek jarriko du musika. Sarrera eta basoa bi euro ordaindu beharko da, eta jateko pintxoak, sandwichak eta patatak jarriko dituzte.

Gaia «amorragarria» izan dela ekarri du gogora alkateak, «buruhauste eta zalantza handiak» sortu baitizkie. «Ez da soilik teilatua jartzea izan, barruan gauza asko geratu ziren puskatuta». Eta festa horrekin, haizetea ahaztu eta aurrera begira jartzeko gogoz dira Orendaingo udal ordezkariak.

Haizetea albo batera utzita, aurtengorako 384.000 euroko aurrekontua du Orendaingo herriak. Ur sarean sartu gabe bost baserri dituzte, eta epe laburrean obra horiekin hastea aurreikusten dute. Diru laguntza batzuk lortu dituzte; alde batetik, aldundiak kostuaren %48 lagunduko die, ur kontsortzioak %34 eta gainerakoa udalaren kontu izan beharko luke. «Udalarentzat diru asko dela iruditzen zaigu», dio. Jabeekin negoziatu nahi dute bakoitzak kostuaren zati bat jar ote dezakeen. Hala eta guztiz ere, jada lanak egingo dituen enpresa hartua dute.

Berritu dutena udaletxe ondoko haur parkearen lurra izan da, «egoera txarrean» baitzegoen.

ERREPIDEAK

Neguko euriteek Orendainen ere zalaparta sortu zuten, eta besteak beste, herrirako bideak itxita geratu ziren luizi handi bat tarteko. Luiziak albo batera utzita, urteroko ahalegina da herriko baserri bideak mantentzearena, eta gogora ekarri du baserri bat dutela biderik gabe: «Bidea egiteko eskatzen digute, eta aurten bigarren urtez eskatu dugu laguntza. Iaz ez ziguten eman laguntzarik ez dutelako bertan aktibitaterik, eta aurten ere zalantzak ditut emango diguten», argitu du. Aipatu neguko euriteen eraginez, esaterako, Zelaieta baserrira doan bidean luizi bat dute konpontzeko: «Pentsatzen dugu horretarako laguntza jasoko dugula artzaintzatik bizi direlako». Errepide nagusian ere, Abaltzisketara bidean, beste luizi bat dute, baina hori aldundiaren ardura dela zehaztu du.

Iaztik hasita jada prest dutena gas zerbitzua da. Azken baimenaren zain badaude ere, egun gutxi barru, ostatuak, udaletxeak eta elkarteak gasa izango dute. Elkarteak eta ostatuak butanoa erabiltzen dute, eta udaletxea gasolioarekin berotzen dute: «Obra guztia eginda dago, konektatzea falta da soilik».

FRONTOI ZAHARRA

Frontoi zaharrarekin bueltaka jarraitzen dute Orendaingo Udalean. Bi edo hiru saiakera eginak dituzte diru laguntzak lortzeko. Orain artean ez dute lortu, baina ez dute etsi, eta aurten, berriz ere, proiektua txikiagotuta aurkeztuko dute diru laguntzetara: «Tokia nahiko utzita dago, eta ez zaigu gustatzen dagoen moduan», dio alkateak. Naturan txertatu nahi dute frontoi zaharra.

Hasiera batean egin zuten proiektua moldatu dute; «nahiko proiektu polita egin dugula uste dut», nabarmendu du Arsuagak. «Frontoia orain dagoena mantenduko genuke txukunduta jarriz, eta hortik kanpora dagoen zelaian mahaiak, txirrista, zuhaitzak...». Aisialdirako gune edo atsedenleku bat egingo lukete. Herriguneari eta azken etxebizitzen jarraipenari amaiera eman nahi diote lan horiek eginda.

Eskolapioetako frontoia da zutik mantentzen dutena, eta horrekin batera, udalak baso lurrak ere bereganatu zituen. «Aurten basoan landaketak egin ditugu, eta orain beste baso batzuk eskuratzeko negoziaketan ari gara». Gehien bat haritzak landatu dituzte, Orendaingo kokalekurako hori gomendatu dietelako: «Lehen dena pinua zegoen». «Orendaingo Udalak ez du behin ere izan terreno ezta basorik ere, eta orain komenigarri ikusten dugu izatea», dio Arsuagak.

Basoa eskuratzeaz gain, ibilbide bat ere prestatu nahi dute herriaren bueltan. «Herrigunean paseo bat egiteko asmotan gabiltza, eta baso zati hori primeran etorriko litzaiguke», gaineratu du.

Legealdia asko baldintzatuta doala azpimarratu du, batez ere, ekonomikoki. Nolabait, legealdi hasieran zituzten asmoak zapuztu zaizkie, eta ez dute ziurtasunik izan aurrera eraman nahi zituzten proiektuak gauzatzeko. Pandemia albo batera utzita ere, haizeteak hankaz gora jarri zuen udala eta azken luiziek ere eragina izan dute Orendainen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!