Orendaingo inguruez gozatzeko mendi lasterketa, hilaren 23an

Imanol Garcia Landa 2021ko urr. 14a, 07:58

4. Eltxotrail mendi lasterketa antolatu dute, bi ibilbiderekin: luzea 21 kilometrokoa eta motza 8,3koa.

Iazko hutsunearen ondoren, Orendaingo Eltxotrail mendi lasterketa berriro bueltan da, eta hilaren 23rako antolatu dute laugarren edizioa. «Oporretatik bueltan nahiko animatuta geunden, eta zirt edo zart antolatzea erabaki genuen», azaldu du Aimar Agirresarobe antolakuntzako kideak.

Bi ibilbide egongo dira aukeran egiteko, motza 8,3 kilometrokoa eta luzea 21 kilometrokoa. Urtero egin izan dituzte bi distantzia, baina ibilbide motzekoa aldatzen joan da gaur egun osatu dutena iritsi arte. «Herri txiki bat gara, eta Eltxotrail guretzako festa moduko bat da», esan du Agirresarobek. «Gure helburua beti izan da mendi lasterketan parte hartzea zer den probatzeko aukera ematea, eta horregatik mantentzen dugu distantzia motzeko ibilbidea». Proba luzea ere ez dela teknikoa eta ibilbidearen aldetik ere ez dela «ikaragarri gogorra» esan du, «baina 21 kilometro dira eta bere ondorioak izaten ditu, eta ibilbide motz bat izatea ez dago soberan».

Proba luzeko parte hartzaileak 16:00etan aterako dira eta motzekoak 16:15ean. Luzeko irabazleak ordu eta erdi inguruko denbora egin ohi duela dio Agirresarobek eta probak amaitzeko ez dagoela denbora mugarik nabarmendu du.

Ibilbide luzean Ibiur urtegira jaisten dira eta handik Gaintzara igotzen dira. Ondoren, Altzagaratetik igaro ondoren, Baliarrain aldera joaten dira eta handik berriro Ibiur urtegira jaitsi eta bukatzeko Orendainera igotzen dira. Guztira 730 metro positiboko aldapa dute. «Korrika asko egiteko proba da, eta asfaltoan aritzen denarentzako aproposa izan daitekeen ibilbidea da», zehaztu du Agirresarobek. Motzari dagokionez, ibilbide luzearen hasiera eta amaiera lotzen dituzte, Ibiurko urtegiko pistak aprobetxatuz.

Izena bakarrik Internet bidez eman ahalko da. Horretarako Eltxotrail.com helbidera joan behar da eta izen emateko atalean sartu. Lasterketaren bezpera izango da azken eguna horretarako. Ibilbide luzean parte hartzen dutenek 20 euro ordainduko dute, eta horren barne probarako asegurua izango dute. Ibilbide motzekoek 12 euro ordainduko dute. Parte hartzaile guztiek sariren bat izango dute, eta helmugan mokadutxoa hartzeko aukera izango dute.

Izena banaka eman behar da, baina aukera dago bikote mistoa eginez binaka parte hartzeko. Dortsala hartzerakoan adierazi beharko zaie hori antolatzaileei. Proba bakoitzean, beraz, banakako sailkapenaz gain, bikotekakoa egongo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!