Teilatuko obren gastua kontatu gabe onartu dute aurrekontua

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko api. 21a, 19:59

Orendaingo Udalak 292.216 euroko aurrekontua du 2021erako; dagoeneko kultur etxeko teilatuko obrekin hasi dira, baina ez dute espero obra beraiek ordaindu beharko dutenik.

Orendaingo Udalak 292.216 euroko aurrekontua onartua du aurtengorako. Miel Angel Arsuaga alkateak «lan askorekin» dabiltzala aitortu duen arren, aurrera begira jarrita ari dira lanean.

Iazko urtea ez zuten ondo bukatu Orendainen, haizeteak, besteak beste, kultur etxeko teilatua bota eta gero. Hilabete luzeak pasa dituztela kontatu du teilatura begira, batik bat, haur eskolara euririk ez sartzeko. Dagoeneko, ordea, «lasaitua» hartuta daude, teilatua jarri diotelako kultur etxeari.

Gainerakoan, aurtengo aurrekontua kultur etxean sortuko diren gastuak aurreikusi gabe egin dutela esan du Arsuagak. «Beti ere, aseguruak orain artean nahiko ondo ari direla portatzen pentsatuta egin dugu. Hitz egin dugunagatik badirudi azkenean lan horien kargu egingo direla», argitu du.

Ohiko gastuetara bideratutako diruaz gain, inbertsioetarako geratzen zaien dirua herrira begira dituzten proiektu batzuk gauzatzeko erabiliko dute. Azken hiru urtetan frontoi zaharreko proiektuari begira aritu dira lanean, baina, aurten, albo batera utzi, eta herrian behar garrantzitsuagotzat jo dituzten lan batzuei ekingo dietela argitu du.

«Anduti, Lizarribar, Zutzarri... baserri batzuk herriko urik gabe daude. Beraien deposituak dituzte, baina egoera txarrean daude eta proiektua egin dugu ura baserrietara eramateko», azaldu du Arsuagak. Diru laguntza eskatuko dute: «80.000 euro inguruko inbertsioa da, eta ez dakit zenbaterainoko laguntza emango diguten, baina frontoi zaharreko proiektua baino garrantzitsuagoa iruditu zaigu, eta horren ordez proiektu hori sartu dugu Leader diru laguntzara».

Baserriekin jarraituz, Murgi baserrirako bidea asfaltatzeko asmoa du udalak, oraindik asfaltatu gabe dagoelako.

Horiez gain, udaletik haurren parkeko lurra konpondu beharrean dagoela ikusten dutela esan du alkateak, «horretarako ere aurrekontua eskatua dugu».

ERAIKIN PUBLIKOETARA, GASA

Ostaturako, udaletxerako eta elkarterako gasa sartzea erabaki du Orendaingo Udalak. «Gaur egun udaletxea gasolioarekin berotzen dugu. Ostatuak gasa du baina bonbonekin eta elkarteak ere bai. Urteak daramatzagu kexatzen bonbona horiekin horrela ez dagoela ibiltzerik, eta orain depositu bat jartzeko proiektua dugu».

Bi eraikinak hornituko lituzke gas deposituak. «Udaletxean dugun gasoliozko galdarak baditu 25 bat urte, eta ezin dugu horrela jarraitu», dio. Leku faltagatik egokiena gasa jartzea ikusi du udalak.

Esku artean dituzten proiektuak «egin beharrekoak» direla azpimarratu du: «Mantenu lanak dira, parkeko lurra hondatuta dago, eta jarri beharra daukagu eta gasarena ere beharrezkoa da. Ez da orain bururatu zaigula». Nolabait, herria txukun mantentzeko lanak direla aurreikusi dituztenak nabarmendu du.

TEILATUA JARRITA

Bost hilabete luze izan dira, baina teilatua jarri berri diote kultur etxeari. «Orain gustura gaude», dio. «Ibili garen bezala ibili eta, egunero teilatura begira jarrita; euria dela, haizea dela... eta behintzat txapela jarri diogu», esan du. Garrantzitsua zen teilatua jartzea Arsuagarentzat, «jada barruan hezetasunak hasita baitzeuden». Alkatearentzat urduritasun edo ardurarik handiena, ordea, haur eskolak sortutakoa izan da. Urarengatik behin itxiz gero, berriz irekitzeko aukerarik izango zuten ez zekitelako. «Lortu dugu, eta pixka bat lasaitu gara», aitortu du.

Teilatua baino ez dute jarri oraindik, eta lan handia dute egiteko. Lehen zuen itxura mantendu nahi dute, eta orain proiektu bat eginda «leiho seguruagoak» jarriko dituzte. Horrez gain, barruan eraikinak izan dituen kalteak ere konpondu beharra dauzkate. Lehen zegoen bezala utzi nahi dute, eta horretarako argiteria lanetatik hasi eta liburuetaraino egin behar dute lana. Itxaropentsu da, eta «hilabete pare batean» uste du bukatu beharko liratekeela. Gutxi gorabehera egina dute kalteen balorazioa; «baina aseguruei esaterako ere guk ikusi behar dugu aurretik zer zegoen eta nola zeuden gauzak». Aseguruaz gain, aldunditik ere diru laguntzaren bat jasotzea espero dute Orendainen.

FESTAK ETA KULTURA, NAHI

Herriko festak antolatzeko eta kultur ekitaldiak egiteko diru partida aurreikusi du udalak. «Baina ez dakit nola joango diren gauzak», adierazi du Arsuagak.

Hurrengo hilabeterako bertso ekitaldiren bat antolatzekotan direla aurreratu du, baina ez dakitela ziurra izango den edo ez. Gainerakoan, zalantzak sortzen zaizkio: «Guk gure partetik badugu gogoa gauzak egiteko, baina askotan mugatuta aurkitzen gara egiteko, eta bestetan pentsatzen duzu gauzak ondo ez egiteko, bada hobe dugu ez egitea». Gauzak gaizki edo erdipurdi eginez gero, gainera, kritikak jasotzeko prest egon beharra dagoela azpimarratu du, eta hori ere kontuan izan behar dela dio.

 

ZENBAKITAN

SARRERAK                                     EUROAK

Zuzeneko zergak                                       31.800
Zeharkako zergak                                       1.000
Tasak eta beste sarrerak                         20.400
Transferentzia arruntak                        228.006
Ondare sarrerak                                           6.210
Kapital transferentziak                              4.800

GASTUAK EUROAK

Pertsonal gastuak                                  121.976,12
Gastu arrunt eta zerbitzuetan                  85.000
Finantza gastuak                                           1.200
Transferentzia arruntak                            48.300
Inbertsio errealak                                  21.239,88
Kapital transferentzia                                  2.500
Finantza pasiboak                                       12.000

GUZTIRA                                              292.216,00

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!