Orendaingo kultur etxeko teilatuko lanekin otsailean hastea espero dute

Ataria 2021ko urt. 26a, 07:57

Orendaingo Udala hilabete «gogorrak» bizitzen ari da, baina dirua izan edo ez, teilatua ahalik eta azkarren egin nahi dute

Hiru hilabete geroago, egoera berean jarraitzen dute Orendainen. «Oraindik arrastaka segitzen dugu arazo berarekin», esan du Miel Angel Arsuaga alkateak. Urriaren 20ko haizete handiek kultur etxeko eraikinaren teilatua eraman zuten, eta baita frontoiko teilatuaren hainbat zati ere. Frontoia konpondu dute, eta zabalik dago, baina, kultur etxearekin ez dira hasi oraindik.

Alkateak onartu du «luze» jotzen dutela horrelakoek; «gainera, seguruen kontu hauek ia pintzekin hartu behar izaten dira». Dena den, teilatua egiteko lanak behintzat hasi dituztela azaldu du Arsuagak: «Duela hamabost egun jarri genituen teilatua egiteko lanak abian, eta hurrengo hilabetean hasiko egiten aurreikusten dugu».

Denborarekin gauzak lasaiago ikusten badira ere, alkateak urriaren 20ko eguna «nahiko triste» moduan definitzen du. «Ez kultur etxeko eraikinagatik soilik, ia etxe guztietan izan baitzen kaltea, eta ondorioz, tristea izan zen eguna». Hori bai, herritarren jarrera nabarmendu du: «Jendea oso ondo portatu zen, eta guztien laguntzarekin, auzolanean, oso denbora gutxian bueltatu ginen lehengo egoerara, baina teilatua falta zaigu».

LAGUNTZARIK GABE

Herri txikia da Orendain, eta orain artean behintzat ez dute laguntzarik jaso: «Gipuzkoako Foru Aldunditik egunean bertan deitu ziguten dirua izango zela esanez, baina harrezkero, ez dugu berririk, gaur arte. Ez dugu deitu ere egin, badakite hemen zer dagoen, eta nire ustez beraiek izan behar dute ardurak hartzen lehenak, are gehiago horrelako herri txiki batean denean». Kritiko agertu da alkatea: «Beste gauza batzuetarako ondo askatzen dituzte milioiak».

Orendaingo Udalaren urteko aurrekontua 300.000 euroren bueltakoa izaten da, eta egin beharreko obren kostua gutxi gorabehera 400.000 eurokoa izango dela aurreikusi dute.

Garbi dute teilatua egin behar dutela: «Seguruak ez digu arazorik jartzen. Beraiek ez bada, seguruen kontsortzioak ordainduko digula diote. Ez daukagu dirurik, baina guk erabaki genuena da egin egin behar dugula. Ordaintzeko garaia iristean dirurik ez badugu, kreditu baten bitartez ordaindu beharko dugu».

Seguruen esku dagoela guztia dio Arsuagak: «Seguruak ordaintzen du edo seguruak bilatzen du zerk huts egin duen edo nork izan duen akatsa. Kasu honetan, ziur aski seguruen kontsortzioak ordainduko du, baina, erabakitzen dutenaren zain jarraitzen dugu».

Beraz, argia ikusten hasiak dira Orendainen. Dagoeneko lanak egingo dituen enpresa aukeratua dute, eta teilaturako egurrezko egitura egiten ari direla aurreratu du alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!