400 bat mila euroko kolpea

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko aza. 13a, 07:58
Urik ez sartzeko ondo tapatuta jarri badute ere, haizearekin lanik zailena ondo tapatuta mantentzean dute. E. MAIZ

Orendaingo Udala herria normaltasunera bueltatzeko lanean ari da. Kultur etxeko eta frontoiko teilatuetan egin beharreko lanak ahalik eta azkarren egin nahi dituzte, baina eman beharreko pauso guztiak direla eta, nahi baino denbora gehiago beharko dute obrak egiteko.

Haizeteak Orendain herria astindu zuela aste batzuk pasa dira, baina begi-bistan daude oraindik kalteak. Kultur etxeko eraikinak azken pisu guztia falta du, eta frontoiko teilatua ere zuloekin dago. Sustoa pasa dela onartu du Miel Angel Arsuaga alkateak, baina guztia bere onera bueltatzeko «buruhauste asko» dituztela onartu du, eta baita ondorengoa gehitu ere: «Egunero hor gora begira jarrita gaude».

Auzolanean garbitu zuten gehiena: «Ez dugu bestelako laguntzarik jaso. Jendeak esan egiten du, baina gero ez du eskurik botatzen», azaldu du Arsuagak. Toldo edo belaki bidez estali dute eraikinaren goiko zatia, beste bi pisuak kaltetu ez daitezen, «auzolanean ustez ondo jarrita dugu, baina zaila da ondo estalita mantentzea haizearekin», azpimarratzen du.

Lehentasunen artean zuten Haurreskola martxan mantentzea, eta lortu dute: «Partzuergotik etorri ziren lekua ikustera, eta urik sartzen ez den bitartean irekita eduki dezakegu», dio. Hori da lortu behar dutena, goitik barrena haur eskolara urik ez sartzea. Negua dute ate joka, ordea. Gainerakoan, beste bi solairuak irekita dituzte, eta esaterako, gimnasioa ere martxan dute.

Liburutegia zegoen hirugarren solairuan, eta liburu asko berreskuratu ahal izan dituzte. Aldiz, apalak, mahaiak, aulkiak,... guztia dute puskatuta. «Guztia haizeak eraman zuen. Aire girotuaren sistema ere goiko pisuan zegoen eta dena falta da. Materialean ere diru dezente izango da», argitu du alkateak.

Aseguru etxearekin harremanetan jarrita daude, baina «pilota alde batetik bestera dabil. Haizearen abiadura 120 kilometro ordutik pasa bazen kontsortzioak asumitu behar duela diote. Jada erabakia hartua dugu. Guk egingo dugu, ahalik eta azkarren teilatua egin ahal izateko. Eta nahiz eta guk egin, ez da segituan egingo. Proiektua egin behar dugu, nork egingo duen erabaki... oraindik ere luze joango zaigu», nabarmendu du Arsuagak.

Miel Angel Arsuaga: «Haizea izugarria izan zen, baina garbi ikusi da haizeak leihoak apurtu zituela, eta hori izan da arazoa» 

Kultur etxeari lehengo itxura ematea erabaki dute. Horretan ahaleginduko dira, baina egokitzapen batzuk egingo dizkiote: «Antza leiho batzuek huts egin zutela ikusi da. Leiho horiek apurtu, hortik haizea sartu eta teilatua eraman zuen, beraz, hori aldatuko dugu». Arazoa zein izan ote zen galdetuta, «haizea izugarria izan zen, baina garbi ikusi da, bai guk eta baita arkitektoak ere, haizeak leihoak ireki zituela eta hori izan dela arazoa».

Erakunde ezberdinetan atea jo dute laguntza eskatuz: «Diputaziotik ematen du laguntzaren bat izango dugula. Diru aldetik ez dakit, baina aseguru etxearekin bideratzen lagunduko digutela edo. Bestela ez dugu inongo berririk. Inork ez digu esan diru kopuru bat emango digunik».

Espero gabeko obrak

Ezustean obrak egin beharra tokatu zaio Orendaingo Udalari; bai kultur etxean eta baita pilotalekuan ere. Ekonomikoki kolpe gogorra jaso du udalak: «Gainetik egin dugu balorazio osoa, eta 400 bat mila euroko gastua aurreikusi dugu». Kultur etxeaz gain, pilotalekuko teilatua ere konpondu beharrean dira, eta herritarren erabilerarako itxita dute. «Teilatuaren gailurreko metakrilatozko zati guztia altxatuta dago, eta horretarako ere nahiko aurrekontu potoloa egin dugu», argitu du.

Urriaren 22ko gau hartan herritarrek oso gaizki pasa zutela ekarri du gogora Miel Angel Arsuaga Orendaingo alkateak. «Ez du zertan berriz pasa behar, baina herritarrak ikaraturik edo kezkatuta daude».

Haizetea pasa zen. Biharamuna ere bai, baina Orendainen haizearen arrastoak hor jarraitzen du. Nahi baino gehiago luzatuko zaie gainera, eta hor daudela gogoan izatea nahi dute.

Eskertu egin du egoeraz hitz egiteko aukera eman izana: «Errazena, pasa da, izugarrizko pelikula izan zen eta ahaztea izaten da. Baina gu hemen gaude oraindik. Uda izan bazen agian lasaiago egongo ginateke, baina negua dator, euria eta elurra, baina saiatuko gara eta ea nola ateratzen zaizkigun gauzak».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!