"Gure hazia ereiteko ordua iritsi da; ez dago utzikerietarako tarterik"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko abe. 5a, 19:57

Orendaindarrak 'Ekologista naiz baina...' liburua argitaratu du, eta Durango Azokan izango da.

Irakasle lanak utzi eta aholkulari lanetan dabil Gorka Egia orendaindarra. Lur planetaren egoerak kezkatuta, eta ekarpen bat egin nahian lanbidez aldatu, eta orain, gizarteari eragiteko asmoz liburua idatzi du.

Herrian bertan aurkeztu duzu idatzi berri duzun liburua.

Etxean jokatzen duzunean erosoa izaten da. Ni oso gustura egon nintzen, eta eskertuta azaldu ziren herritar guztiengatik.

'Ekologista naiz baina...' liburua argitaratu duzu. Zer dago hiru puntu horien atzean?

Uste dut gehiengoa arduratuta gaudela ingurumena jasaten ari den egoerarekin. Ohartzen garela uste dut zerbait larria gertatzen ari dela, baina liburuaren kontrazalean, nire eguneroko kontsumoa ingurumenaren aldekoa al da? jartzen du. Hau da, oso arduratuta gaude ingurumenaren egoeraz, baina egiten dugun kontsumoa erabat ingurumenaren kontrakoa da. Sentitu eta pentsatu, eta pentsatzen eta egiten dugunaren artean arrakala dago, eta liburuaren helburua arrakala hori murriztea da.

Kontsumo jasangarrirako oinarrizko gida praktikotzat definitu duzu liburua.

Gida deitzen diot, nolabait liburuan zehar irakurlea gidatu egiten dudalako gai batetik bestera. Eta praktikoa deitzen diot, gai bakoitza jorratu ondorenean konpromiso batzuk hartzeko gonbita egiten dudalako; zure kontsumo ohiturak liburua irakurri orduko aldatzeko.

Zein atal jaso dituzu?

Lehenengo atala munduko erronken gainekoa da. Ondoren uraren gaia jorratzen da, eta energia, hondakinak eta azkenik, kontsumo arduratsua bere horretan. Aurreko gai guztiak biltzen dira bertan. Esan bezala, gai bakoitzaren bukaeran gonbita egiten dut konpromiso batzuk hartuz, gai horiei dagokienean, kontsumoa alda dezazun.

Adibiderik jartzerik bai?

Demagun, energian, bi helburu zehazten ditut. Alde batetik, erregai fosilekiko dependentzia murriztea, eta bestetik, energia gutxiago kontsumitzea. Autoaren erabilera murriztu beharko dugu, garraio publikoa erabili, energia berdea kontratatu,... Argindar kontsumoa jaisteko berriz, jabetu beharko gara zertan gastatzen dugun gehien, eta hor jarri beharko ditugu indarrak.

Irakurleari zer pentsatua jarriko diozu, beraz.

Bai, irakurlea zer pentsa horretan jarri nahi dut. Nik badakit ingurumenaren alde dagoela, baina bere eguneroko kontsumoak ez du hori erakusten. Nire kontraesanak jartzen ditut mahai gainean.

Zeure burua hartu duzu oinarri?

Noski, niri gertatzen zait. Ni erabat arduratuta nago ingurumenaren egoeraz, ikusirik bizitza Lur planetan desagertzera doala. Era berean, haserre nago egiten dudan kontsumoarekin, benetan, hori delako Lur planetan bizitza egoera horretan jartzen ari dena. Nire buruari esaten diot zer egin dezakedan nik, bihartik aurrera, nire kontsumoak ez dezan erakutsi lurra suntsitu nahi dudala. Horretarako aldaketa batzuk egin behar izan ditut, eta egiten ari naiz. Behin tiraka hasi eta bukatzen ez den soka bat da. Nire kontraesan hauek jartzen dizkiot irakurleari liburuan, berak ere izango dituelakoan. Nik egindako ahaleginari besteena gehitzen badiot, eta beste askorena gehitzen bazaio, nik uste, aldaketa txiki horiek oso eraginkorrak izan daitezkeela.

Bakoitzak bere aletxoa jarri behar du.

Bakoitzak gure hazia ereiteko ordua iritsi da, eta ez dago utzikerietarako tarterik. Beraz, liburuak irakurleari astindu bat eragin nahi dio.

Atal bakoitzak bideo batera eramaten zaitu. Nola osatu duzu liburua?

Testuak, bideoak eta kantu bat dago. Animazio bideo batzuk dira, eta gaiak jorratzen dira. QR kode bidez ikus daitezke. Oso ikuserrazak dira, eta testuak ere irakurterrazak dira. Sentitu, pentsatu eta egiten duguneko arrakala ez da samurra, eta liburua ahalik eta atseginena egiten saiatu naiz. Munduak dituen erronkei amorrutik ez erantzuteko. Eta amaieran abesti bat dago, umore onez eta energia positiboarekin ekiteko aldaketa horiei.

Nori zuzenduta dago?

Pertsona helduentzat da. Irakaslea izan naizenez askok galdetu didate, eta ez, helduentzat idatzi dut. Eginez erakutsi behar da, eta helduoi tokatzen zaigu erakustea beste modu batera eta beste kontsumo batekin bizi gaitezkeela, eta pozik.

Durangoko Azokan izango zara liburuarekin.

Bai, eta amets txiki bat betetzea da. Durangora beti joan izan naiz, baina beste aldetik. Ilusio handiarekin nago, eta egunero egongo naiz. Igandean, aurkezpen txiki bat ere egingo dut, 11:30ean, Egia aholkularitza proiektu berria eta liburua aurkeztuz.

Nolatan idatzi duzu liburua?

Hitzaldiak ematen ditut herritarren kontsumo ohiturak jasangarriago bilakatzeko, eta hitzaldia da liburu bihurtu dudana.

Erraza izan da?

Ez. Idazten badakigu, idazten hasten garen arte. Joana Garmendia atzean izan dut. Bere babesik eta onespenik gabe ez nintzen inoiz ausartuko argitaratzera. Eta ilustrazioak Garbiñe Arregik egin dizkit. Bideoak, aldiz, Chromak egin ditu, baina prozesu guztiaren jarraipena, eta lotura egin egin behar dira.

Eta abestiarena, nolatan?

Bertso batzuk idatzi nituen bukaera alai bat emateko. Eskerrak Juantxo Arakamak lagundu didan abestia osatzen, bestela ezin izango nuen egin. Baina polita izan da, eta ondo pasa dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!