Orendain eta inguruak mendi lasterketa bidez ezagutzeko

Imanol Garcia Landa 2019ko urr. 17a, 19:58

Larunbat honetan 4. Eltxotrail proba egingo da; ibilbide luzea edo motza egiteko aukera dago.

4. Eltxotrail mendi lasterketa egingo da larunbat arratsaldean, Orendainen. Bi helburu nagusirekin jarri zuten antolatzaileek martxan egitasmoa, Aimar Agirresarobe antolakuntza taldeko kideak azaldu duenez: «Batetik herrian bertan ekitaldi bat antolatu eta egun on bat pasatzea herritar guztiek. Bestetik, gure herria ezagutzera ematea inguruko beste herritarrei, bai Tolosaldekoei, bai Goierrikoei, edo Gipuzkoa kanpotik ere etortzen da jendeari. Helburu horiek betetzen baditugu, gustura geratuko gara».

Dagoneko laugarren urtez antolatu dute Eltxotrail lasterketa. «Asmoa ez zen urtebeteko ekintza bakarrik antolatzea», esan du Agirresarobek. «Seinale ona da laugarren edizio bat izatearena eta oraindik gogoarekin egotea edizio gehiago antolatzeko». Egin beharreko lana baino gehiago eskatzen duena denbora dela dio Agirresarobek: «Gaur egun denok dugun bizitza erritmoarekin ez da erraza. Gure lasterketa nahiko xumea da, eta antolakuntza aldetik lana ematen badu ere, ez da hain zaila».

BI IBILBIDE AUKERAN

Lasterketari forma ematen hasi zirenean, maratoi erdi batekin hasi ziren pentsatzen: «Baina egia da korrikalari guztientzako distantzia bat ez dela, eta ibilbide motz bat egiteko aukera eskaintzen genuen». Lehenengo urtetik aldaketak izan direla dio, batez ere motzean. «Lehen beste bat zuen motzak, baina orain ibilbide luzearen hasierako eta bukaerako zati berak dituzte. Guretzako errazago da antolakuntza aldetik, eta korrikalarientzako ere politagoa dela».

Ibilbide luzeak 20,74 kilometro ditu, 732 metro aldapa positiboan eginez. Ibilbide motzak 8,3 kilometro ditu eta aldapa positiboan 304 metro. «Normalean, gauden datak ikusita, jende gehiago animatzen da ibilbide motza egitera. Egia da ibilbide horrek aukera ematen duela ere jendeak mendi lasterketak probatzeko, eta jokoa ematen du», esan du Agirresarobek, eta gaineratu: «Esan beharra dago ere proba luzea, nahiz eta mendi lasterketa bat izan, ez dela batere teknikoa eta oso azkarra dela. Beraz, bai mendi lasterkarientzako eta baita asfaltokoentzako lasterketa polita da. Aldapak badaude, baino ez da mendi tontor batera igotzea bezala».

Orendainen hasi eta bukatzeko dira bi probak. Ibilbide luzea egingo dutenek Abaltzisketa aldera joko dute eta bertara iritsi aurretik Ibiurko urtegira jaitsiko dira, eta hortik hasten da lehenengo igoera indartsua Gaintzara. Gaintzatik Baliarrainera joaten dira eta gero hortik Ibiur urtegira joango dira berriro, eta bertatik azken igoera egingo dute Orendaineraino. Ibilbide motzekoek Ibiur urtegiraino leku beretik joango dira, eta gero Gaintza aldera igo beharrean, zuzenean Orendainera igoko dira. Luzeko parte hartzaileak 16:00etan abiatuko dira eta motzekoak 16:15ean.

Izena eman nahi duenak aurretik www.herrikrosa.eus webgunean egin dezakete. Aurten berrikuntza moduan aukera eman dute izena emateko bikote mistoka. Horrela ibilbide luzekoek 18 euro ordainduko dute federatu gabeek eta 15 euro federatuta daudenak. Ibilbide motzekoek 10 euro ordainduko dute. Egunean bertan ere izena eman ahalko da probaren hasiera izango den lekuan, eta orduan aukera bakoitzean bi euro garestiago izango da.

Bikote mistoka parte hartzeko aukera ematearen arrazoia azaldu du Agirresarobek: «Ikusten genuen bikote asko etortzen zirela batak besteari laguntzera, eta hori nahi genuen bultzatu eta sari txikiren bat ere jarri dugu maila horretan». Bi probetan aukera dago bikote mistoka izena emateko, baina arruntena proba motzean izaten dela gaineratu du. Beste berritasun bat haurrentzako probak ere antolatuko dituztela da. Helduak korrika dabiltzan bitartean, Orendainen bertan ariko dira haurrak lasterketetan.

Sariei dagokionez, proba luzea nabarmentzen dute antolatzaileek, eta bertako lehen hiru gizonezkok eta emakumezkok dituzte sariak. Lehenengoak txapela, oroigarria eta 100 euro; bigarrengoak Zelaieta gazta erdia eta 50 euro; eta hirugarrengoak ardo botila. Beterano irabazleei ardo botila oparituko zaie. Orendainera iristeko azken igoera azkarrena egiten duen emakumezkoak eta gizonezkoak urdaiazpikoa jasoko du. Lehen bikote mistoak, bai motzean eta bai luzean, sari moduan Orendaingo Ostatuan afaria izango du. Ibilbide motzean lehenengo gizonezkoak eta emakumezkoak oroigarria jasoko dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!