Udal Hauteskundeak 2019. Alkateei elkarrizketak

"Elizarekin topatu gara, eta minduta gaude"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urr. 2a, 19:58

Egoerak eraman du Arsuaga alkate izatera, eta «herriarengatik» lana egingo du; herritarren ekimen falta sumatzen du.

«Herriarengatik» egin du ahalegina eta «garbi» hitz egin du Orendaingo alkatea den EH Bilduko Migel Angel Arsuagak.

Zergatik eman zenion baiezkoa alkate izateari?

Zinegotzi izan eta alkate izatea ez da nik nuen amets bat. Herriko arazoa ikusita pentsatu nuen pauso hori eman egin behar nuela. Oso gaizki ibili ginen zerrenda osatzeko. Gogoratu behar da, Iruerrietatik apartatu zela Orendain herri izateko, eta gure aurrekoek hori lortzeko zenbat lan egin zuten ikusita, eta momenturen batean berriro Tolosako auzo izatera pasa gintezkeela ikusita, talde bat elkartu eta saiakera egiteko beharra ikusi genuen.

Behartua sentitu zara?

Bai, nahiz eta nik pentsatu nire zortzi urteak zinegotzi moduan beteta, nire lana egina nuela. Gauzak gaizki edo ondo egingo ditugu, baina behintzat, beti herriari begiratuta egin dugu.

Ez zaizu lan arrotza behintzat?

Bai, lehen ere dezente inplikatua nengoen udaletxeko kontuetan. Orain gehiago tokatzen zait gauzak entzutea; gustatzen ez direnak eta gustatzen direnak, gutxi.

Nolakoa da alkate izatea ?

Laguntzen dit jendeak, baina era berean jendea gainean dago.

Zer duzue mahai gainean?

Aurreko agintalditik datozen proiektu batzuk baditugu. Adibidez, Orendain-Abaltzisketa deitzen diogun bide berdea. Ibiurko urtegiaren bueltatik datorren dirua da. Espainiar gobernuarekin hitz eginda dago eta baiezkoa jasoa dugu, baina zain egon behar dugu. Bestetik, Eskolapioak ziren lekuko lurrak-eta udalak erosiak ditu, eta frontoi zaharra nahiko itxura txarrean dugu. Orendaingo herri kaskoari bukaera emateko proiektua egina dugu, baina nahiko potoloa da, eta fase batean egiteko guk ez daukagu ahal menik. Txukunketa bi-hiru fasetan egingo ote dugun gabiltza.

Proiektu txikiagorik baduzue?

Bai, esaterako, urte askoan egin gabe duguna da; herrigunetik beheko auzora eskailerak falta dira, eta horri heldu nahi diogu. Herriko plazako kalea ere oinezkoentzako jarri nahi da.

Zein da udalaren egoera ekonomikoa?

Ekonomikoki ondo gaude,baina proiektuak egin ahal izateko besteen laguntza behar dugu. Guk ez daukagu ia diru sarrerarik.

Herria osasuntsu dago?

Bai, gazte jende asko dago, eta ume asko. Ekitaldiak egiten dira, eta nahiko ondo ikusten dut herria.

Nolako herritarrak dira orendaindarrak?

Parte hartzeko uste dut pixka bat bultza egin behar zaiela. Beraien ekimenez ez da gauza asko ateratzen, baina zerbait egin behar bada eta udala hasten bada, animatzen dira eta parte hartzen dute.

Zerbait gehitu nahiko zenuke?

Elizarekin topatu gara. Hainbat ekimen aurrera ateratzeko zenbaitetan toki gutxirekin ikusten gara, eta herrian Erretoretxea hutsik dugu. Alokairuan hartzeko eskaintza bat egin genion elizari. Gotzaindegiarekin bilera egin, eta berak ondo ikusten bazuen ere, herriko batzordearena dela hitza esan zigun. Gure ezusterako, herriko batzordeak erabilera ukatu digu. Mina hartuta gaude, baina ez dugu etsiko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!