«Hobeto moldatzen naiz mendi bizikletako proba luzeetan»

Imanol Garcia Landa 2019ko ira. 25a, 11:59
Argazkia: PEIO ELIZASU

Adin muga dela-eta, inguruan egiten diren errepideko proba gehienetan ezin duenez parte hartu, orain gutxi hasi da lehiatzen mendiko bizikletan Patxi Plazaola Esnaola txirrindulari orendaindarra.

Bi gurpilen gainean pedalei ematea gogoko du Patxi Plazaola Esnaolak (Orendain, 1990). Errepideko txirrindularitzan afizionatu mailan aritu zen, eta egun ere tarteka aritzen da ahal duen lasterketetan parte hartzen. Esaterako, aurten Gipuzkoako txapelketan lehen postua egin zuen elite mailan, eta Euskadikoan hirugarren amaitu zuen. Bestalde, iazko Quebrantahuesos probako lehen postua eman diote, lehenengo biek dopin kontrolean positibo eman ondoren.

Azkenaldian mendiko bizikletarekin hasi da lehiatzen eta hainbat lasterketa egiten ari da, tartean uztailean egindako Munduko Kopako proba bat. Parte hartzen duen karrera guztien kronika egiten hasi da orain dela pare bat hilabete eta patxirrindulari.com blogean zintzilikatzen ditu.

Quebrantahuesos probarekin hasiko gara. Iaz helmugan hirugarren izan zinen, baina orain gutxi jakin duzu lehen postuan geratu zarela.

Helmugara lehenengo bi postuetan iritsi zirenen dopin kasuak ateratzen joan dira. Lehenengoa uda aurretik-edo jakin zena, aurrena geratu zenak probaren batean positibo eman zuela, eta orain jakin da bigarrena egin zuenak, eta 2017an irabazi zuenak, positibo eman duela. Berez Quebrantahuesos ez da lehiaketako proba bat, martxa bat da, baina esan daiteke iritsitakoen artean eta garbi joan ginenen artean, ni izan nintzela aurrena.

Ezustean harrapatu zaituzte dopin kasu horiek? Ohikoak dira horrelakoak?

Zuzena izango banintz, esango nizuke ezustean harrapatu ninduela. Baina, egia esan, mundu honetan badira fama txarragoa eta hobea dutenak. Kontua da, maila honetan, berez lehiaketa ez denez, kontrol gutxiago egiten direla. Beraz, horrela ibiltzen direnak harrapatzea zailagoa izaten da. Bi hauek Master mailan ere lehiatu egiten dira, eta proba gehiago pasatzen dituzte eta horietako batean erori egin dira. Tamalez, esan beharra dago dopin analisiak, bai Master mailan, bai afizionatuetan, oso gutxi izaten direla.

Eta zer suposatzen du Quebrantahuesos lehen postuan amaitu zenuela jakiteak?

Niretzat ez da ezer aldatzen. Nik ahal dudan ondoen egitea, ahal nuen ondoen pasatzea gustatzen zait. Egia da denok berotu egiten garela eta ahal dugun ondoen egitera joaten garela. Bestalde, jendeak gehiago kontuan hartzen du lehen postu hori, bigarren geratzen denarekin jendea ez delako gogoratzen. Halere, lehen postu hori horrela lortuta, ez dakit jendea ohartuko den. Niretzako, egia esan, ez da aldatzen.

Aurretik ere parte hartutakoa zara proba horretan?

19 edo 20 urte nituela atera nintzen, baina urte askotan ez nintzen gehiago atera. Gero Eguberri batzuetan anaiak dortsala oparitu zidan. Ondo egin nuen eta hurrengo bi urtetan atera naiz. Aurreko urtean azkenekoa izan zela esan nion. 2017an bosgarren iritsi nintzen, eta positibo eman duten bi hauek aurretik zeuden. Eta 2016an atzerago. Izan ere, Quebrantahuesosen jende asko ateratzen da, eta irteeran aurrean atera edo atzerago, eragin handia du. Urte hartan oso atzean atera nintzen, nik bakarrik egin nuen proba guztia, eta oso gustura geratu nintzen. Baina postuari dagokionez, ez dakit zenbagarren egin nuen, ehungarren edo agian berrehungarren.

Beraz, ez duzu asmorik gehiago parte hartzeko?

Oraingoz ez, behintzat. Zikloturista probek gero eta gutxiago erakartzen naute. Tarteka egin ditut batzuk. Aurten pare bat egin ditut, bat Alpeetan, eta bestea Pirinioetan. Mendiko bizikletan ere ibiltzen naiz eta gustatzen zaidana da proba batzuk egitea, dataz-eta ondo etortzen zaizkidanak, baina saiatzen naiz aldatzen, eta martxa eta lasterketa ezberdinak ezagutzen.

Txirrindularitzan aritutakoa zara, eta afizionatu mailan ere lehiatu zinen.

Afizionatuetan berandu hasi nintzen, baina egin nituen urte batzuk, adin mugak utzi arte. Euskadin ia lasterketa guztiak Lehendakari edo Euskaldun txapelketakoak dira. Lehendakari 23 urte azpikoentzako da, eta Euskaldun txapelketan 26 urte arte parte hartu daiteke. Hortik kanpora ez dago ia lasterketarik. Esaterako, adin mugarik ez dago Gipuzkoako zein Euskadiko txapelketan. Azken hauetan parte hartu izan dut aurten, lehia gustatzen zaidalako.

Azkenaldian mendiko bizikletan zabiltza. Besteak beste, maratoi modalitateko Munduko Kopako proba batean izan zinen, eta maila onean aritu zinen, 16. bukatuz.

Oroitzapen polita daukat. Mount Blanc inguruan izan zen, eta begiz jota nuen. Aurten anaia eta lagun batekin joan ginen oporretara inguru horretara, eta aprobetxatu nuen proban parte hartzeko. MB Race izena du, eta antolatzaileek diotenez, mendi bizikletan egiten den egun bateko lasterketa gogorrena da. 140 kilometro eta ia 8.000 metro aldapa gora ditu. Oso polita da, bueltatzeko modukoa, ondo antolatuta eta paraje ederrekin.

Noiztik ari zara mendiko bizikletan lehiatzen?

Errepidea egin izan dudanean ere, denboraldia bukatzerakoan, udazkenean-eta, hiru-lau irteera egiten genituen. Orain hiru urte mendi bizikleta hobeagoa erosi nuen lehiaketetan parte hartzeko, afizionatu bezala ezin nuelako errepideetan gehiago parte hartu. Pare bat probetan parte hartu nuen eta gustatu zitzaidan. Aurreko urtean proba gehiago korritu nituen, eta beti elkartzen nintzen euskaldun batzuekin. Izan ere, proba gutxi daude hemen inguruan, eta Kataluniara edo Errioxara joaten ginen. Euskaldun horietako batzuk talde bat daramate Oiartzunen, Urkia-Amets, Oarsoaldeko Txirrindulari Eskolak duen taldea, eta esaten zidaten beraiekin hasteko, eta lasterketetan parte hartzeko. Horrela animatu nintzen, eta aurten lasterketa gehiagotan parte hartzen ari naiz. Gipuzkoan ez daude lasterketa asko, eta dezente mugitu behar da mendi bizikletan lehiatzeko.

Emaitza nabarmenik lortu duzu?

Batetik, zirkuitu batean bueltak emanez egiten diren lasterketak izaten dira, eta horietan ez naiz ondo moldatzen. Ez naiz indar bizikoa eta teknika falta zait. Beraz, entrenamendu bezala hartzen ditut horiek. Normalean hamargarren postutik atzera ibili naiz. Proba luzeetan hobeto moldatzen naiz, maratoi eta ultramaratoietan, baina hemen gutxi egiten dira. Ekainean bat izan genuen, Eusko Bike Challenge, eta hor hirugarren egin nuen. Azkenaldian nahiko gustura nabil, baina zorte txarra izaten ari naiz. Euskadiko Maratoiko txapelketan aurrena nindoala, tarte txiki batekin, zazpi kilometroren faltan bidegurutze bat gaizki hartu nuen, eta laugarren geratu nintzen orokorrean eta hirugarren elite mailan. Aurreko asteburuan, bi lasterketetan, lehenengoan atzeko gurpila zulatu nuen eta bigarrengoan aurrekoa, eta bietan laugarren bukatu nuen. Beraz, kostatzen ari zait podiumean sartzea... Halere, gustura nabil, gozatzeko ateratzen naiz. Hori bai, dortsal bat jartzerakoan, denak lehiarako prest jartzen gara.

Mendiko bizikletako lehiaketetan ez dago adin mugarik, errepidean bezala?

Mendiko lasterketetan bezala izaten da. Profesionala izan edo herrikoia, denak batera ateratzen dira, maila berean. Euskal Herrian profesionalik ez dago; batzuk badaude babesleren bat-edo dutenak. Espainiako lasterketa batera joaten bazara, aurreneko bost edo hamar izaten dira profesionalak, eta hortik atzera gu bezalako txirrindulari normalagoak, nolabait esatearren.

Ni mendiko bizikletan gustura nabil, gozatzen dut, eta jarraitzeko asmoa dut. Datorren urtean beste lasterketa batzuk probatuko ditut, eta taldekoekin ari gara irteeraren bat prestatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!