Orendaingo jaiak 2019

Gurpil gainean esnatu da Orendain

Irati Urdalleta 2019ko abu. 16a, 15:30

Orendaingo txirrindulari igoera egin dute 27. aldiz. Proba nagusian, Patxi Plazaola eta Ane Albisu izan dira azkarrenak.

Eguerdirako bizikletaz beteta zegoen Orendaingo plaza eta helduak nahiz haurrak beroketa lanetan ari ziren ordurako. Erlojuak 12ak markatu bezain laister hasi dira lasterketak.

Haurrak izan dira lehenengoak. Hiru mailatan banatuta igo dira bizikletaren gainera. 2013tik 2019ra jaiotakoen artean, Aitor Garmendiak eta Izar Zumetak lortu dute lehen postua. 2010etik 2012ra jaiotakoen artean, berriz, Unai Valverderentzat izan da aurreneko postua. Azkenik, Jokin Askorai eta Malen Letamendia izan dira azkarrenak 2004tik 2009ra jaiotakoen artean. Orotara, 17 txirrindulari izan dira.

Hauek bukatutakoan iritsi da helduenen txanda. Horiek bost kilometro pasako eta 245 metroko malda duen ibilbidea egin behar izan dute, Alegiako bidegurutzetik hasita. Patxi Plazaola eta Ane Albisu iritsi dira lehenengo Orendaingo plazara. Horretarako, 12 minutu eta 39 segundo behar izan ditu batek eta 18 minutu eta 58 segundo besteak. Guztira, zortzi gizonek eta bi emakumek hartu dute parte proban.

Amaieran, txirrindulari guztiei sariak eman dizkiete. Gainera, bestelako lehiaketa bat ere bazuten prest. Ontzi batean zenbat babarrun ale zeuden asmatu behar zen. Josu Lertxundi izan da garailea, 1769 ale dauden lekuan 1725 daudela esanda.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!