Herri txikia izanda ere, ekitaldiz betetako hiru egun dituzte aurretik orendaindarrek. Abuztuaren 14an ekingo diete festei, arratsaldeko 18:00etan txupinazoa botaz. Jarraian, herri kirol saioa ikusteko aukera egongo da eta poteoa ere egingo dute, Elektropapo elektrotxarangaren laguntzaz. Indarrak berreskuratzeko, saiheski jatea egingo dute, 21:00etan. Parrandarako aukerarik ere ez da faltako. Horretarako, aukera bikaina egongo da Obaneukeren erromeriarekin eta elektrotxaranga ere egongo da goizaldera arte.
Batzuk bezperako parrandak utzitako ajea pasatzen egongo diren arren, ostegunean ere jarraituko du festak. Ama Birjin eguna dela eta, goizean meza izango da eta herriko trikitilariek nahiz dantzariek emanaldia eskainiko dute. Bitartean, hainbat sagardo etxeren sagardoak dastatuko dituzte bertaratutakoek. Arratsaldea, berriz, jolasean igaroko dute umeek, beraientzat antolatutako jolasetan. Jarraian, bosgarren aldiz egingo da lokotx bilketa eta gaueko bederatzietan, zahagi ardoa izango da, urtero legez. Aurtengo berrikuntza nagusia ere orduan izango da: bingoa. Festak ez du etenik izango 23:00etan hasiko den La Jodederaren kontzertuaren bidez.
Azken eguna izanagatik ere, egun bete-betea izango da ostirala. Hogeita zazpigarrenez, txirrindulari lasterketa egingo dute, 12:00etan hasita. Jarraian, babarrun zozketa izango da eta herri bazkaria ere egingo dute, Eltxo elkartean. Jaiak amaitzeko, patata tortilla lehiaketa izango dute, 19:00etan, eta 20:15erako amaitu beharko dituzte tortillak parte hartzaileek. Festan jarraitu nahi duenak horretarako aukera izango du Harresi taldeari eta DJ Baldari esker. Urtero legez, harriari buelta emanez agurtuko ditu Orendainek jaiak, hurrengo urtera arte.
Saiheskia jateko txartelak
Iaz egin zen bezala, aurten ere asteazken iluntzeko saiheski jatera joan nahi duten herritarrek txartelak erosi beharko dituzte, abuztuaren 5a baino lehenago, Ostatu tabernan.
Hamabi urtez azpikoek ez dute ordainduko, baina haurren txartela hartu beharko dute.
EGITARAUA
ABUZTUAK 14, ASTEAZKENA
18:00. Txupinazoa.
Jarraian. Herri kirolak eta poteoa Elektropapo elektrotxarangarekin.
21:00. Saiheski jatea.
23:00. Obaneuke taldea eta elektrotxaranga goizaldera arte.
ABUZTUAK 15, OSTEGUNA
11:15. Meza.
Ondoren. Herriko dantzari eta trikitilariak.
Bitartean. Sagardo dastaketa.
17:00. Ume jolasak.
18:30. V. Lokotx Bilketa.
21:00. Zahagi ardoa eta bingoa.
23:00. La Jodedera taldea.
ABUZTUAK 16, OSTIRALA
12:00. XXVII. Txirrindulari lasterketa.
Jarraian. Babarrun zozketa.
14:30. Herri bazkaria, Eltxo elkartean.
17:00. Haurrentzako puzgarriak eta toka.
19:00. Patata tortilla lehiaketa.
23:00. Harresi taldea eta DJ Balda.
00:00. Harriari buelta ematea.