Betidanik eduki izan dituzte behiak Andoni Egia Arregik eta Leire Lizeaga Odriozolak. Larreta jogurtak egiten, berriz, duela lau edo bost urte hasi ziren. Aurretik, guztia Kaikura saltzen zuten, baina aldaketa bat egitea erabaki zuten: «Kopuru dezente izaten genuen, baina ikusten genuen pixkanaka ekonomikoki eta animoz itotzen ari ginela, eta geuk ekoizten hastea erabaki genuen», azaldu du Egiak.
Momentu honetan, lau zaporetako jogurtak, bi zapore dituen gazta freskoa Petixu izenaren, gazta freskoa eta biguna, eta izozkiak saltzen dituzte. «Jendeak, egunerokoan, gehienbat jogurtak erosten ditu. Normalean, etxean, ez dira hainbeste izozki jaten, baina, hala ere, uda partean jogurt eta gazta salmenta pixka bat jaitsi egiten da, eta izozkiena nabarmen igo. Zaporeen artean, joerak egoten diren arren, naturala eta marrubizkoa saltzen dira gehien», zehaztu du Egiak.
Produktu guzti horiek egiteko, etxeko esnea erabiltzen dute, eta ez diete kontserbagarririk botatzen. Egiak herritarrak animatzen ditu esne horretatik sortzen diren Larreta esnekiak probatzera. «Niri ere, beste lekuetara joaten naizenean, gustatzen zait gauzak probatzea, eta probatu ondoren jakiten da gauza bat gustukoa den edo ez». Duten ekoizpen txikiaren ondorioz, produktu bakoitza eskuz eta mimoz lantzen dute. «Gu ezin gara konparatu industria handiekin». Bertako produktuak sortzea baloratu behar dela dio Egiak, eta teoria jakin arren, praktikan jartzeko pixka bat falta dela: «Egunerokoan, ikusten da horrelako joera bat, baina askoz gehiago izan beharko luke. Izan ere, guk saltzen dugu, baina zulo handi bat dago». Gehienbat, denda txikietan, harategietan eta belar dendetan erosi daitezke Larreta produktuak.
Esneki hauek atzetik daukatena ere kontua hartu behar da. «Horrela, hemengo belazeak txukun mantentzen ditugu, baserri batek dauzkan funtzio guztiei eutsiz, eta industria handi batek ezin du hori esan», azaldu du Egiak. Gainera, familiako enpresa txiki bati laguntzeko bidea ere bada. Jogurt edo izozki bat jatez, guzti hori egitea dago aukeran.
LARRETA ESNEKIAK
Helbidea. ASTIZALDE ALDEA, 10, ORENDAIN.
Telefono zenbakia. 627 45 26 44.
E-maila. larretaesnekiak@gmail.com
Webgunea. www.larretaesnekiak.com
Sare sozialak.
Facebook: Larreta Esnekiak
Instagram: larretaesnekiak