Hamaseigarren, munduko lasterketarik «gogorrenean»

Tolosaldeko Ataria 2019ko uzt. 11a, 14:59

Iragan larunbatean jokatu zen Alpeetan MB Race proba; 1.200 parte hartzaile izan zituen, eta 262k lortu zuten amaitzea, tartean Patxi Plazaola orendaindarrak.

«La course VTT plus difficile du monde edota munduko BTT lasterketarik zailena». Horrela definitzen dute MB Race lasterketa bere sortzaileek. Eta, ez da gutxiagorako, 140 kilometro eta 7.000 metrotik gorako desnibel positiboaz, mendi bizikletako maratoi modalitateko Munduko Kopako probarik luze eta gogorrena baita. Parte hartzaileen %6k lortzen du amaitzea. Pasa den larunbatean jokatu zen Alpeetako Combloux herrian, eta proba bukatu zutenen artean zen Patxi Plazaola Esnaola orendaindarra. Emaitza onarekin gainera, 16. postuan iritsi baitzen helmugara.

1.200 parte hartzaile baino gehiago izan zituen probak, eta horietatik, 262 txirrindularik soilik lortu zuten helmugara iristea. Orendaindarra postu onean iritsi zen, baina, denbora are hobea izan zitekeen; izan ere, zulatu bat izan zuen, eta ondorioz denbora galera garrantzitsua jasan zuen. Plazaola «oso gustura» dago lortutako emaitzarekin, ez baitzuen uste «hain ondo» ibiliko zenik: «Lehen aldia zen Munduko Kopako proba batean lehiatzen nintzela, eta 16. postuan amaitzea oso emaitza ona da. Gainera, neure burua nahikoa aurrean ikusi izanak animo handia ematen dit», esan du.

Duela hiru aste Gipuzkoako eta Euskal Herriko afizionatu mailako txapelketetan lehiatu zen orendaindarra, eta horietan «sentsazio onarekin» amaitu eta gero, Suitzara eginiko oporraldian sortu zen MB Racen parte hartzeko aukera: «Anaia eta kuadrillako lagun batekin Suitzara joan nintzen oporretara, bizikletan ibiltzera, eta proba gertu izatearen aitzakian lasterketa egitea pentsatu nuen».

Hala, probaren aurretik, aste guztian zehar «sentsazio txarrekin, pedal kolpe onik ezin aurkitu, eta indar faltarekin» sentitu zuen bere burua, eta horregatik, larunbatean, probaren egunean, «lasai eta errespetu handiz» ekin zion lasterketari. «Inorekin itsutu gabe erosoa zitzaidan erritmo bat hartu nuen eta hura mantentzea beste helbururik gabe jarraitu nuen», dio. Hala, «gustura» zihoan, pixkana postuak irabaziz, baina 90. kilometroan jaitsiera baten hasieran, harri batekin gurpila zulatu zuen. «Zuloa handiegia zen eta ezin izan nuen konpondu, eta azkenik, gurpil zulatuarekin 10 kilometroko jaitsierari ekin nion». Jaitsieraren amaieran, 100. kilometroan, asistentzia mekanikoko postua zegoen, eta erretiratzea pentsatu zuen: «Baina bertan anaiak eta lagunak animatuta, eta indarrez ongi nindoala ikusita, azkenean, gurpila konpondu eta jarraitzea erabaki nuen».

Azken 40 kilometroei gogotsu ekin zien orendaindarrak, eta lau txirrindulari pasa ostean, 12. postura igotzea lortu zuen. «Azken kilometroetan elikadurari ez nion nahikoa arreta jarri eta azken igoeran larri ibili nintzen, hiru txirrindularik pasa nindutelarik. Azken kilometroan, berriz, bidegurutze batean nahastu eta beste txirrindulari batek pasa ninduen», kontatu du.

Probarik «gogorrenean» esperientzia polita izan eta gero, Plazaola jarraitzeko gogoz dago: «Alpeetara beste bidaia bat egiteko asmoa dut eta bertan, beste bi probatan parte hartzeko aprobetxatuko dut». Munduko Kopako proba gehiagotan lehiatzea gustatuko litzaiokeela dio, lasterketa luze eta gogorrak «nahiko ondo» egokitzen zaizkiolako, baina, nahi adina egitea ez dela erraza azaldu du: «Atzerrian izaten dira, eta bidaia eta izen emateak garestiak dira». Dena den, bizikletaz «egunero» gozatzen duela esan du Patxi Plazaolak: «Etxean nahiz kanpoan, beraz, honek ez nau arduratzen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!