«Oso garrantzitsua da jaki tradizionalarekin lan egitea eta, noski, bertakoa izatea»

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mai. 18a, 08:59

Paulo Garaialdek 25 urte daramatza Orendaingo nahiz eskualdeko herritarrei ostalaritza zerbitzua eskaintzen. Gogo berarekin jarraitzeko asmoa du, betiere, tokiko elikagaiak erabiliz, eta bezeroekin ahalik eta harreman onena mantenduz.

Txindokiren magalean dagoen paisaia idilikoko txoko ezkutu bat bezalakoa da Orendain. Bertako udaletxearen azpian, herriko ostatua dago, 1994az geroztik Paulo Garaialde eta Enkarni Garmendiak kudeatzen dutena. Azken urteetan zerbitzua areagotu dute, ohiko bezeroez gain, bisitari berriak erakarri nahian. Udaleko langileen edo etxeko obrak egiten ari diren herritarren deskantsurako gunea izaten da. Kafea hartzeko ohiko lekua. 11:00etatik aurrera, egun osoan egoten da irekita, eta asteazkenetan ixten dute, asteko jai eguna baita. «Egunero aldatzen dugu menua, bezeroak egunero bertaratzen direlako, eta eskertzen dutelako», dio alegiarrak.

Fakturazioari dagokionez, zein alde dago astegunetatik asteburuetara?

Asteburuetan, kanpotik jende gehiago etortzen da, eta ekonomikoki ere nabaritzen da hori.

Zein motatako bezeroak bertaratzen dira?

Denetik, bai orendaindarrak, baita herritik kanpokoak ere. Asteburuetan, kanpotik taldean edo familian etortzen dira asko, 20-25 laguneko multzotan eta, batez ere, kanpotik.

Zein garrantzi ematen diozue bertako produktuari, Orendaingo ostatuan?

Handia. Horri esker funtzionatzen du ostatuak. Oso garrantzitsua da jaki tradizionalarekin lan egitea eta, noski, bertakoa izatea.

Bezeroek eskertzen dute bertako produktuekin lan egitea?

Bai. Erraz antzematen dute. Gehienbat, letxugarekin, arkumearekin edota oilaskoarekin gertatzen da. Menua irakurtzen dutenean, askok ez dute galdetzen, baina, gero, jaterako orduan ohartzen dira, eta nongoa den galdetzen dute. Nik, adibidez, askotan esaten diet gure esnekiak Orendaingo Larreta baserrian ekoitzitakoak direla, eta hori ere eskertzen dute.

Bertako produktuak eskaintzen dituzten eskualdeko ekoizleekin egiten duzue lan?

Bai. Lehen aipatu bezala, esnekiak Larreta baserritik ekartzen ditugu, eta baita Zelaieta baserritik ere. Gainera, arrautzak Orendaingo Sasigain baserrikoei erosten dizkiegu.

Funtzioei dagokienez, taberna eta jatetxeaz gain, bestelako zerbitzurik eskaintzen duzue?

Ostatu bat, taberna eta jatetxea elkarrekin baino gehiago da. Herriko zenbait gunetako giltzak hemen gordetzen ditugu, esaterako, kanposantukoa, eta, herritar askok internetez zerbait erosten dutenean, bertan jasotzen dute eskatutakoa. Bestetik, kanpotik etortzen direnek, baserrien kokalekuaz ere galdetzen digute. Beraz, askotan udaletxea bezala funtzionatzen dugu, zerbait osatuagoa baita.

Lehentasunei begira, zabalik mantentzea garrantzitsuagoa al da, barne kudeaketa egoki bat izatea baino?

Zabalik mantentzea ezinbestekoa da. Hala ere, seriotasun eta jarraipen bat eman behar zaio. Bezeroentzat oso garrantzitsua da ostatua irekita egongo denaren kontzientzia izatea. Mantentzeari dagokionez, lan handia eskatzen du. Horrez gain, oso garrantzitsua da bezeroekin kontaktu ona izatea, harreman hori galtzea ekiditeko.

Tolomendik prestakuntza saio batzuk antolatu ditu, ostatuen kudeaketa egokia izan dadin. Bazenekien zerbait? Zer iruditzen zaizu?

Ez nuen horren inguruko informaziorik. Hala ere, nire iritziz, ostalaritzako lanak gustuko zerbait izan behar du, negozioa aurrera eraman nahi duen edonorentzat. Gogoz hartu behar da, bestela, oso zaila da horrenbeste orduz lanean aritzea. Batzuetan, goizaldeko ordu biak arte irekita egoten da ostatua. Zergatik? Herritarrek badakitelako, etorri eta lasai egon dezaketela bertan. Eta, ni zergatik egoten naiz berandu arte ostatuan? Jakitun naizelako, jende hori etorri egingo dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!