Etxeko esnekiak, bertakoentzat

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mai. 18a, 08:59

Esnea bizibide duen baserria da Larreta. Bertan, egunero aritzen dira mota guztietako esnekiak ekoizten, nonahi saltzeko.

2014ko apirila zen, Larreta baserriko Leire Lizeaga eta Andoni Egia, furgoneta hartuta, «abentura berrien bila» hasi zirenean. «Etxean egiten genituen jogurtak saltzeko asmoa genuen». Orain, bost urte igarota, biek daramate negozioa, eta beste lauzpabost langile dituzte, banaketa lanetan, ukuiluan eta produktuak ontziratzen.

Eskualdean ez ezik, kanpora ere banatzen dituzte ekoitzitako produktuak. Hala ere, Lizeagak dion moduan, «ekoizpen txiki bat gara». Denda edo saltoki txikietan eta jatetxeetan saltzen dituzte, mota guztietako esnekiak. Pixkana, ordea, lurraldetasunari begira, euren salmenta eremua zabaltzen ari dira. «Orain arte, Gipuzkoako hainbat txokotaraino heltzen ginen eta, orain, Aramaiora (Araba) ere joaten gara produktuak saltzera. Helburua, ordea, ez da ekoizpen handi bat izatea, baizik eta duguna mantentzea, eta, aurrera begira, dibersifikatzea edo produktu berriren bat merkaturatzea».

Egunerokoan arruntak diren esnekiak ekoizten dituzte gehienbat: jogurtak, gaztak eta izozkiak. «Gehien jogurtak kontsumitzen dituzte gure bezeroek eta, beraz, horien ekoizpena da handiena. Udan, berriz, izozkiak gehiago saltzen dira, nahiz eta urtean zehar jatetxeetan eskatzen dituzten». Ekoizpen berriei buruz galdetuta, buruan ideia ugari dituztela diote, eta proba ezberdinak egiteko asmoa ere bai. «Azken erronka, baina, iaz lortu genuen produktu ekologikoaren zigiluarena izan da, eta horri garrantzia eman nahi diogu orain, esne ekologikoa ekoizten dugulako».

Eskualdean, «harreman oso ona» dute herriko ostatuekin; Lizartzan, Orendainen eta Abaltzisketan saltzen dituzte produktuak. Azken horretan, gainera, eskolako jangela modura funtzionatzen duenez, haurrentzako jogurtak eramaten dituzte. «Bertako produktua etxean saltzea oso garrantzitsua da. Gero eta gehiago ikusten da, baina ez da erraza. Lan handia egin beharra dago, kalitateari baino gehiago, askok prezioari begiratzen diotelako». Kontzientzia falta nabari du Lizeagak: «Kontsumo arduratsuaren teoria praktikara eraman beharko genuke, egunerokotasunean, gauza oso txikiekin, aldaketa bat eragin daitekeelako».

Larretak orain arte egin duen bidea, ordea, ez litzateke posible izango, euren bezeroengatik ez balitz. «Eskerrak eman beharrean gara. Lanean ari zarenean, jendeak erantzuten duela, produktua baloratzen duela eta harreman eta gertutasun horri garrantzia ematen diola ikusteak, poz handia ematen du. Bezeroak baino gehiago, lagunak direlako». Bertako produktuaren aldeko apustu sendoa egiten duten denda jakin batzuk ere badaudela dio, eta horietan erosten duten bezeroak, kontzientzia jakin bat dutenak direla.

Gertuko produktuei aukera berriak eta bultzada bat ematea da, Lizeagaren ustez, jarraitu beharreko bidea. «Eskatzen eta erosten jarraituz gero, bezeroek gustura eskatzen dutenaren seinale izango da». Horrelako erosleak izatea, guretzako ere pizgarri modukoa da. «Gure produktu bat erostea ez da esneki soil bat erostea, proiektu txiki bati ekarpen handi bat egitea, baizik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!