Raul Amatriain eta Alizia Ormazabal, azkarrenak Orendainen

Mikel Iraola 2018ko urr. 20a, 20:00

Raul Amatriainek marka berria jarri du Mikel Garmendiaren omenezko Eltxo Trail mendi lasterketan. Joan den urtean ere txapeldun izan zen Alizia Ormazabal irundarra izan da garaile aurten.

Egonkortzen ari da Orendaingo Eltxo Trail mendi lasterketa. 140 korrikalarik hartu dute parte hirugarren edizioan, iaz baino 50 gehiagok, eta antolakuntza taldeko Aimar Agirresarobek azaldu duen moduan, «lasterketa antolatzen jarraitzeko indarra», jaso dute.

Giro bikaina izan da arratsaldean herrian. 16:00etan atera dira lasterketa luzeko parte hartzaileak eta Raul Amatriain nafarra izan da 21 kilometroren ondoren azkarrena. Marka puskatu du, gainera: 01:30:14. Bigarren Hassan Ait Chaou billabonatarra izan da, bi minutu pasatxora, eta Ibai Makazaga oriotarrak osatu du podiuma 01:34:51ko denbora eginda.

Emakumezkoetan, joan den urtean ere garaile izan zen Alizia Olazabal irundarra izan da txapeldun. 01:49:32ko denbora egin du, iazko marka ia 8 minutuan hobetuz. Sarah Ugarte donostiarra izan da bigarren, hiru minutura, eta Ainhoa Jauregi urnietarrak amaitu du hirugarren postuan.

Ibilbide amaieran, Ibiurtik Orendainerako azken bi kilometroetako denborak neurtu dituzte, eta denbora onena egin duten lehen gizonezko eta emakumezkoari urdaiazpiko hanka bana eman diete opari: Raul Amatriainentzat eta Sarah Ugarterentzat izan dira.

Mendi lasterketetan hasi berri direnei edo lehia moduan hartzen ez dutenei aukera eskaintzeko ibilbide motza ere jarri dute eskura. Aurten, aldaketa izan da ibilbidean eta denboran nabaritu da. Ander de Luis izan da garaile, 33:33ko denbora eginda. Soraluzetarrak aitortu duen moduan, ibilbide luzea egitekoa zen, baina astea ondoezik pasa ostean, bada ezpada motza egitea erabaki du. Garazi Artola usurbildarra izan da lehen emakumea.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!