Erromeriari heltzen diote Orendainen

Imanol Garcia Landa 2018ko urr. 4a, 20:13

Erromeri Eguna egingo dute larunbatean, iazkoari jarraipena emanez; oholtza gainean Irma Karreran ikasleak izango dira.

Bigarren urtez antolatu dute Orendainen Erromeri Eguna. Irma Karreraren trikiti eta pandero ikasleek parte hartuko dute, Orendaingoek zein Amezketa eta Abaltzisketakoek. «Aurreko urtean nola atera zen ikusita gustura geratu ginen, eta aurten ere antolatzea pentsatu dugu», esan du Irma Karrerak. «Ikasleek urte guztian egindako lan hori erakutsi asmoz antolatu dugu. Esperientzi ona izan zen iazkoa, eta errepikatzea erabaki da».

Larunbatean egingo da Erromeri Eguna, eta kalejira batekin eta hamaiketakoarekin hasiko da. Bazkaria frontoian egingo dute eta 110 pertsona inguru elkartuko dira bertan. Bazkalostean kantatzeko aukera izango da, eta ondoren saio bat egingo dute, adin ezberdinetako taldeekin. Txikienetik hasi eta helduenera arte, 30 pertsona inguru ariko dira oholtza gainean. «Abesti batzuk pixka bat modernoagoak izango dira, eta tartean ez dira faltako dantzagarriak izango diren arin-arinak eta fandangoak. Ikusteko eta entzuteko izango da, eta baita animatzen denarentzat, noski, dantza egiteko ere», esan du Karrerak. Erromeria modu irekian ospatuko dela diote, eta bazkaltzen ez izan arren, bazkalosteko saio eta dantzaldira joateko gonbita egin dute antolatzaileek.

Oholtza gainean egongo diren musikariak ez daude ohituta mikrofono baten aurrean jartzera eta jende aurrean aritzera, «baina iaz esperientzia ona izan zuten», esan du Karrerak eta mikrofono aurrean irailean zehar egiten ari diren entseguak ekarri ditu gogora: «Ilusioa erakusten dute, eta urduritasun puntu bat ere bai».

Karrerarekin batera ikasle talde bat ari da Erromeri Eguna prestatzen, eta Orendaingo Udalak emandako laguntza eskertu dute. Aurrera begira, urtez urte ikusiko dute Erromeri Eguna antolatuko duten edo ez. «Azken bi urte hauek bereziak izaten ari dira, familia moduko bat sortzen ari baita gure artean, irakasle-ikasle harreman hortaz gain, laguntasun handi bat sortzen ari da», esan du Karrerak. «Ondo pasatzeko bide bat bilatzen dugu, eta ikusten ari naiz trikitia eta panderoarekiko gero eta zaletasun gehiago dagoela, eta espero dugu urte askotan zehar mantentzea».

EGITARAUA

Urriak 6, larunbata

12:45. Txarangak lagundutako kalejira eta hamaiketakoa Ostatuan.

14:00. Bazkaria frontoian. Ondoren, kantu zaharren saioa, erromeria eta dantzaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!