Kontsumo ohitura jasangarriak sustatuko ditu Orendaingo Udalak

Imanol Garcia Landa 2018ko irailaren 26a

Orendainen dauden hondakinen etxolak margotuko dituzte, auzolanean.

Diru laguntza programa aurkeztuko du asteburuan; larunbatean, bertako produktuen azoka eta auzolana ere egingo dira.

Orendaingo Udalean jasangarritasunaren inguruan lan egiten urteak daramatzatela azaldu dute, eta aurten ere irizpide honekin jarraitzeko asmoa dute. Horretarako herritarron kontsumo ohitura jasangarriak sustatzeko diru laguntza programa jarri dute abian.

Programa horrek hiru urteko iraupena izango du, 2019. urtean hasita. Pizgarri horiek ondorengo ohituretan eragina izango dute: uraren kontsumoan, argi indarrean, mugikortasunean, bertako produktuetan eta baita komunitate izaeran ere. Programa horren aurkezpena larunbat eta igande honetan egingo da, herriko plazan, 12:00etan. Herriko ekoizleak beraien produktuak azoka moduko batean ipiniko dituzte. Bertan izango dora Orendaingo Errota, Larreta esnekiak, Sasiaingo Baratza, Argaia Goena Baserria eta Zelaieta Baserria. Beraz beraien produktuak ezagutu eta erosteko aukera izango da. Produktu horiek erosteko txartel berezia izango dute Orendaingo herritarrek.

Bestalde, larunbatean auzolana egingo dute. Hamabost pertsona inguruk izena eman dute dagoeneko, eta 09:00etan elkartuko dira plazan. Aurten, hondakinak jasotzeko zortzi etxola margotuko dituzte, beraz, etxeko arropa zaharra janztea gomendatu dute udaletik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!