Orendaingo Andramari jaiak 2018

Herritarrak dantzan, herritarrentzat

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abuztuaren 15a

Heldu da orendaindarrek itxaroten zuten eguna. Gaur, bertako jaietan, Ama Birjin eguna ospatzen ari dira, herriko patroiaren eguna, hain zuzen. Goizean, haurrek eta gaztetxoek, dantza emanaldia eskaini dute, sagardo dastaketaren aurretik.

Meza nagusitik atera, eta udaletxe parera gerturatu dira herritar asko. Bertan zain zeuden herriko haur eta gaztetxoak, oinak dantzan jartzeko. Agurra, zazpi jauzi, fandangoa, arin-arina... era guztietako dantzak egin dituzte, guraso eta herritarren gozamenerako. Ondoren, herriko trikitilarien txanda heldu da, beraiena izan baita, sagardo dastaketa hasi baino lehen, herria girotzeko ardura.

Gaurko festa egun handiak, arratsaldean izango du jarraipena, haur jolasekin eta ipuin kontaketarekin. Gainera, beste urte batez, lokotx biltze txapelketaren laugarren edizioa ospatuko da, zahagi ardoaren aurretik. Aurtengo jaietako nobedade nagusia, berriz, gaueko pilota partida izango da. Hala ere, bertan, botilero lanak egingo dituztenak, bi bertsolari izango dira. Jarraian, egunari amaiera emateko, erromeriaz gozatu ahal izango da plazan. Bihar gauean emango diete amaiera festei, harriari buelta emanda, baina aurretik, egitarau oparoa prestatu dute egun guztirako.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!