Orendaingo Andramari jaiak 2018

Gogotsu ekin diete festei

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abuztuaren 14a

Gaur arratsaldean eman diete hasiera Orendaingo Andre Mari jaiei. Bakarrarekin nahikoa ez, eta bi suziri jaurti dituzte. Gero, herritarrak, euren artean aritu dira nor baino nor, herri kirol saio lehiatuan.

Herritarrek herritarrentzat egindakoak. Horrelakoak izan ohi dira herri txikietako festak, eta horrelakoak dira ere, Orendaingoak. Gaur hasi, eta ostegunera bitarte luzatuko dira. Arratsaldean bota dute txapligua, eta ondoren, goxokiak bota dituzte udaletxeko balkoitik.

Ohiturak agindu bezala, herri kirol saioa ospatu da gero. Nahiz eta normalean gaurko egunez ez egin, aurten hala egokitu da. Gainera, inoiz baino jendetsuagoa izan da, eta bi talde aritu dira aurrez aurre: beltzak eta gorriak. Trontzan, sagarrak biltzen, txingak eramaten, zakua eramaten, lokotxak biltzen edota korrika aritu dira, besteak beste. Azkenean, hiru itzuliren ondoren, beltzak nagusitu dira, oso estu egon den lehian. Taldeko argazkia atera aurretik, haurrek ere izan dute gaztetxo eta helduen paperean jartzeko aukera, eta lokotxetan eta soka-tiran aritu dira.

Gauean, sahieski jatearekin eta elektrotxarangaren saioarekin izango dute jarraipena jaiek. Bihar, berriz, Ama Birjin egunez, ekitaldi sorta handiaz gozatu ahal izango da bertan.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!