Kale baserriko etxebizitzen proiektua, aurrera

Imanol Garcia Landa 2018ko eka. 1a, 11:00

Proiektua gauzatzeko behar ziren lau pertsona edo familiek notarioaren aurrean sinatu eta gero, eraikitzen hastea falta da.

Kale baserrian etxebizitzak egiteko proiektua gauzatuko da. Lau pertsona edo familia behar ziren, eta udaletxean izena eman ondoren, bakoitzari bere etxebizitza esleitu eta gero, aste honetan sinatu dute notarioaren aurrean. Beraz, orain Kale baserriaren jabe egin dira, eta eraikiko den bosgarren etxebizitza Orendaingo Udalari emango diote.

Gorka Egia alkateak azaldu du udalaren aldetik «oso pozik» daudela proiektua gauzatuko delako. «Herri txikietan etxebizitza proiektuak aurrera ateratzea ez da erraza. Hiru urte eta erdi daramatzagu proiektu honekin bueltaka, ideia eratzen hasi ginenetik gaur egunera arte. Beraz, hainbeste denboran sustatu eta zaindutako landareak fruituak ematen ikusteak ematen duen poz bera dugu». Era berean, Egiak nabarmendu du etxebizitzak egingo direla Orendainen, «etxebizitza horietan jendea biziko dela bermatuz. Lau bizilagunak Orendainera datoz bizitzera, konpromiso hori hartzen dute, eta, beraz, etxebizitzak egiten ditugu, baina ez hutsik geratuko direnak, baizik eta bermaturik dago etxebizitza horiek beterik egongo direla. Gure gustuko hazkunde prozesuari erantzuten dio, beraz».

Uztailean enpresa eraikitzaileak lanak hasteko asmoak ere agertu dituela gaineratu du Egiak. Behin lanak hasita, zazpi hilabetetan bukatuta izan behar ditu lanak enpresa eraikitzaileak, konpromiso hori hartu zuelako. Beraz, otsaila ingururako jabeei giltzak ematea aurreikusten da. Zazpi hilabete baino gehiago irauten badute obrek, zigorra jasoko luke eraikitzaileak.

Kale baserria udalarena izan da orain arte. Bertan etxebizitzak eraikitzea aurreikusi zen, bost guztira, eta horietako bat udalari ematea. Hasiera batean, 22 interesatu izan ziren proiektuan, gerora horietatik zortzik jarraitu zuten interesa izaten, eta behin proiektua guztiz zehaztu zenean, laurek eman zuten izena, eta, hain justu, kopuru hori behar zuten. «Egokitu zaizkien etxebizitzekin konforme geratu dira eta, beraz, zorte handiarekin, landutako zorte handiarekin, atera dugu aurrera», zehaztu du Egiak.

Horietatik inor ez da Orendaingoa. «Hasieran herriko batzuk interesa agertu zuten, baina azkenean familien baserri edo etxeak eraberritzearen aldeko apustua egin dute. Uste dut zentzuzkoa dela, gainera», esan du Egiak.

Kale baserriko proiektua, eredu

Proiektuaren lehen kapituluaren ia amaieran daudela azaldu du Egiak. «Kale baserrian etxebizitzak egitean ez da bukatzen Kale proiektuarekin abiatu genuen ideia. Orain bigarrengo kapitulu bati ekin behar diogu udalean», esan du alkateak. Eta bigarren kapitulu hori da udalak Kale baserria eraberritzeko egin duen proiektu hori eredu izatea baserri hutsak dituzten jabe pribatuak ere antzeko proiektuak egiteko, hau da, beraien baserrietan hainbat etxebizitza sortu eta hutsik dauden baserriak bete daitezen.

«Notarioaren aurrean sinadura egitearekin batera, udalak orain arte egindako gastuak itzuli zizkiguten, eta diru horretatik zati bat gordeko da, ondorenean baserri hutsak dituen jaberen batek antzeko proiektua garatu nahi badu, hasierako proiektu hori egiten laguntzeko», esan du Egiak, eta Orendainen baserri hutsak dituztenei animatu die Kale baserrian egindako proiektuaren antzekoa garatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!