Kale baserriko etxebizitzetan interesa dutenen bila hasi dira

Imanol Garcia Landa 2018ko mar. 15a, 08:00

Interesa dutenek martxoaren 28a arte dute izena emateko. Horretarako nahitaezko baldintza da lehen etxebizitza izatea.

Kale baserria eraberritu eta bertan etxebizitzak egiteko proiektuaren azken fasean murgilduta dago Orendaingo Udala. Bi urte baino gehiago proiektua lantzen aritu ondoren, behin proiektua zehaztuta, lau etxebizitzetarako jendearen bila jarri da udala.

Herritarrengandik urtero jasotzen dituzten proposamenetatik jarri zen abian proiektua. «Hutsik zeuden baserriekin zerbait egiteko eskaria egin zen», azaldu du Gorka Egia alkateak. Udalarena da Kale baserria, eta aukera ona iruditu zitzaien udaleko kideei erakin horretatik hastea. «Egoera txarrean dagoenez, eta udalak ez duenez behar den dirurik etxe horretan etxebizitzak izateko, baserri hutsak dituzten hainbati gertatu dakieken moduan, eredu bat sortzea pentsatu genuen», esan du Egiak.

Kale baserriaren proiektuan bost etxebizitza egingo dira, eta lau bizilagun berri aukeratuko dituzte martxan jarri den prozesuan. «Ez dute ordainduko baserriarengatik ezer. Baserria eraberrituko dute bost etxebizitza sortuz eta horietako bat udalarentzat izango da», zehaztu du Egiak. Baserri hutsak dituzten herritarrek prozesu berdina egin nahi badute, udalak bide horretan lagunduko die, hasierako proiektua gauzatzeko.

Egitasmoa martxan jarri zenean, arkitektoen lehiaketa bat egin zen, jendeari erakusteko moduko proiektu bat esku artean izateko. Ekokale proiektua osatu zen eta ondoren deialdi bat egin zuten jendearen interesa ezagutzeko. Orduan 26 pertsona edo familiak interesa agertu zuten, eta proiektuari jarraipena ematea erabaki zuen udalak.

Egun udalak behin betiko proiektua du esku artean, etxebizitza bakoitzaren ezaugarriak eta prezioa zehaztuta dituena. Interesa duenak etxebizitza bat eskuratzeko, informazio gehiago eskatu dezake udaletxean. Bestalde, izena udaletxean bertan edo webgunearen bitartez eman daiteke, eta horretarako epea martxoaren 28an bukatzen da. Egitasmoaren hasieran interesa azaldu zuten 26 horiekin harremanetan jarriko dira udaletik.

Izena eman ahal izateko baldintza nagusiena eta nahitaezkoa, aurretik etxebizitzarik ez izatea da. «Etxebizitza hauek hartzen dituenak bertan bizitzeko asmoa izan behar du», zehaztu du Egiak. Hortik aurrera, puntuak banatuko dituzte interesa agertzen dutenen artean, zerrenda osatzeko. Horrela, Orendainen gutxienez bost urtez bizi direnei lau puntu emango zaizkie; Tolosaldekoa izateagatik, edo bertan lan egin eta bizitzera geratu nahi izanez gero, bi puntu; euskal herritarra izateagatik puntu bat, eta beste puntu bat euskaraz komunikatzeko gai izateagatik.

Etxebizitza bakoitzak bi aparkaleku izango ditu, irekiak, eta 200 eta 250 m2 arteko lursaila. 65 m2-tik hasi eta 92 m2 arteko etxebizitzak dira, eta horren araberako prezioa izango dute: 143.000 euro eta 195.000 euro artean. «Prezioak zerga guztiak eta udaleko gastuak kontuan hartuta dira», zehaztu du Egiak. «Ez gaude guztiz pozik etxebizitzek dituzten prezioekin, baxuagoak izatea nahiko genuke, baina azkenean kopuru horietara iritsi gara». Obren iraupenari dagokionez, ezin dute oraindik zehaztu noiz hasiko diren, baina obrak hasten direnean zazpi hilabeteko epean amaitzea hitzartuta du udalak enpresa eraikitzailearekin. Beraz, udaletik aurreikusten dute legealdia amaitu baino lehen bukatzea.

ETXEBIZITZAK

Behe solairua

Behe A. 65,4 m2ko azalera itxia eta 200 m2ko lursaila. Prezioa: 143.402 euro.

Behe B. 79,98 m2ko azalera itxia eta 250 m2ko lursaila. Prezioa: 171.068 euro.

Lehen solairua

1. A. 75,4 m2ko azalera itxia eta 260 m2ko lursaila. Udalarentzat.

1. B. 70,8 m2ko azalera itxia eta 210 m2ko lursaila. Prezioa: 153.777 euro.

Bigarren solairua

Teilatupekoa. 92,56 m2ko azalera itxia eta 207 m2ko lursaila. Prezioa: 195.007 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!