Aurtengo udal aurrekontuaren herena bideratu da inbertsioen atalera

Imanol Garcia Landa 2017ko abe. 21a, 07:59
Eraikin berrian gimnasioa prest dago herritarrek erabili ahal izateko.

Igandean herri batzarra egin zuten Orendainen eta aurtengo eta datorren urteko aurrekontuak izan zituzten hizpide, besteak beste.

Azken urteotan abenduan egin  duten moduan, herri batzarrean elkartu berri dira Orendainen, aurtengo eta datorren urteko udal kontuak azaldu, eta etxez etxe banatutako galdetegian jasotako erantzunak partekatzeko. 30 herritar inguru elkartu ziren, inoizko kopuru txikiena. «Bertsolari txapelketaren finala egun berean izateak eragin omen du», dio Gorka Egia alkateak. «Ez da beti jendearekin asmatzen erraza, eta aurten horrela atera da».

2017ko aurrekontuari begiratuz gero, heren bat langile gastuetara bideratu dute; beste heren bat mantenura, kultur ekintzetara eta udalak ematen dituen diru laguntzetara; eta hirugarren herena inbertsioetarako izango da. «Herri txiki bat izanik aurrekontuaren heren bat inbertsioetan joaten bazaigu, uste dut esan nahi duela herrian gauzak egiten ari garela, eta hori positiboa da», azaldu du Egiak.  
Batzarrean 2018ko aurrekontu proposamena aurkeztu zuten, galdetegian jasotako informazioarekin inbertsioen atala antolatu ondoren. Aurrekontuak ez zuen kontrako iritzirik jaso, beraz hil bukaerako udaleko osoko bilkuran onartuko da. 353.000 euroko aurrekontua izango du 2018rako Orendaingo Udalak.
Parte hartze prozesuaren bitartez herritarrek inbertsioak erabakitzen dituztela esan du Egiak. Datorren urterako inbertsioetarako 84.000 euro daude aurreikusita, hau da, aurrekontuaren %23a. «Inbertsioaren atala herri txiki gehienetan urtean zehar aldatu egiten da. Diru laguntzak ateratzen doazen heinean, beste inbertsioaren bat ere egin daiteke». Bide batez, herri txikiei ematen zaizkien diru laguntzen kudeaketa kritikatu du alkateak: «Nahiko negargarria da, eta aurten ere horrela izan da. Diru laguntza potoloena atera dute azaro erdialdean, 2018ko otsailean emango dizkigute erantzunak eta 2017an zerbait egiten hasi behar dugu diru laguntza horiek kobratu nahi baditugu».

%88ko parte hartzea
Herri batzarraren beste atal nagusietako bat galdetegiaren emaitzen berri ematea izatea da. Galdetegia etxez etxe banatu zen aurretik eta jasotako erantzunen berri eman zen batzarrean. Hamasei urtetik gorako herritarrei banatzen zaie. Aurten guztira 152 banatu ziren eta 133 jaso ziren, beraz, %88ak hartu zuen parte galdetegian.

Batetik, herritarrek aurreko galdetegietan proposatutako proiektuen inguruan lehentasunak zehazten dituzte. Beharrezkoenentzat jo zituzten lau proposamenak ondorengoak dira: Abaltzisketatik Orendainera oinezko bidea egitea; diru laguntzak jartzea etxearen kanpoaldea margotu eta konpontzeko; frontoia margotzea; eta bertako zuhaitzen landaketa sustatzea.

Bestalde, aurreko urtean herritarrek egindako proposamenen artean baiezkoa eman zitzaienak ibilbideak txukuntzea eta fruitu zuhaitzak landatzea izan zen. Ezezkoa jaso zuena kotxeei olioa aldatzeko toki bat prestatzea izan zen. Beste erabaki bat herriko logoa egun den moduan jarraitzea izan zen. Aurtengo galdetegian jaso diren proposamen berriak udalak aztertuko ditu eta ikusi zeintzuk sartuko diren hurrengo urteko galdetegian.

Egiak azaldu duenez, udalak galdetegian jasotako emaitzen arabera funtzionatzen duela ere «erakutsi egin behar da». Hau da, erabakiak 2016 bukaeran hartu zirenetik, zer egin den, zer ez den egin eta zer dagoen gauzatze bidean azaldu behar da.

Egin den proiektuetako bat
Interneteko azpiegitura da. Guifi.net fundazioarekin osatutako hitzarmenak arautu duen sare publiko bat daukate, eta 30 MB-ko abiaduran doa konexioa. Bestetik, eraikin berrirako sarrera txartel bidez funtzionatzen du eta nahi duten herritar guztiek daukate txartela, liburutegira joan edota gimnasioa erabiltzeko. Hain justu, gimnasioa bera bukatuta dago eta erabilgarri. Horrez gain, hainbat herri bide bukatu dira, aldundiaren diru laguntzei esker. Hilerria ere berritu da. «Herritarrek horma hilobi beharra sumatzen zuten. Errautsak sartzeko horma hilobi ugari egin dira eta horrekin batera aprobetxatu da hilerrri guztia txukuntzeko», esan du Egiak. Herrigunea oinezkoentzat jarri da eta asteburuetan ibilgailuentzat itxi egiten da. Bestalde, mantenu lan asko egin direla dio Egiak: «Zabor ontziak berriz margotu eta txukundu, irisgarritasuna ere betetzen goaz pixkana koxkak ekiditeko lan batzuk eginez, zebrabideak jarri...».

Egin bidean daudenak
Burutzen ari diren hainbat proiektu ere badaudela azaldu du Egiak. Esaterako, gogora ekarri du eraikin berrian herritarrek hainbat zerbitzu jasotzeko gela bat dagoela, ile-apaindegiarekin eta masajea emateko leku batekin. «Ile-apaintzaile bat edo masajista bat falta zaigu, edota edozein zerbitzu eman nahi duen norbait. Deialdia egiten dugu interesa dutenek udalarekin kontaktuan jartzeko. Udalak lekua doan uzten du, herritarrei prezio duin batean zerbitzua eskaintzeagatik». Bestalde, baso eskolaren proiektua ere gauzatze bidean dagoela azaldu du: «Udaletik egin beharreko ibilbidea bukatutzat jotzen dugu, Hezkuntza Sailetik ezezko borobil bat jaso dugulako, baina gurasoak bere kabuz antolatzen ari dira eta diru laguntza eskaera bat egin dute Kutxa Fundazioan. Eta emanez gero, baso eskolak aukerak ditu datorren urtean ateak irekitzeko. Ea egia den».

Kale baserria hainbat etxebizitzetan bihurtzeko proiektua ere aurrera doa. Eraberritzeko proiektua badute eta hil honen bukaeran jasoko dituzte kontratisten lehiaketaren aurrekontuak, eta datorren hilean hasiko dira jende bila. «Beste jarduera bat, jendeak asko eskatzen duena, herriko mugarriak non dauden jakin eta haien inguruko bisita gidatu bat egitea da, eta hori ere martxan dago».

Auzolanaren gaia ere herri batzarrean lantzen dute. Egiak urtero egiten du hausnarketa gaiaren inguruan: «Udalean daukagun diru horrekin zer egiten dugun denen artean erabakitzen dugu, noski, baina denon artean ere erabaki behar dugu bakoitzak bere ahalegin txiki bat jarrita zer egin dezakegun. Auzolanak irudikatzen du alde batetik, eskubidea dagoela erabakitzeko zer egingo den herrian, baina betebeharrak ere badaudela, eta hori izan daiteke herriari zerbait eskaintzea, ahalegintxo bat egitea». Galdetegian auzolanerako proposamenak jaso dira herritarrengandik, eta datorren urtean zerbait antolatzeko asmoa dute.

Proposamenak


Gauzatutako proposamenak
1. Interneteko azpiegitura bukatu.
2. Eraikin berria herritarrei ireki.
3. Gimnasioa.
4. Herri bideak berritu.
5. Hilerria berritu.
6. Oinezkoentzako gunea.
7. Mantenu lanak.

Gauzatze bidean dauden proposamenak
1. Herri sarreran abiadura moteltzeko pasoa.
2. Hainbat zerbitzu herrian eskaini.
3. Baso eskola.
4. Kale baserriaren proiektua.
5. Mugarrien bisitak.
6. Frontoiko eserlekuak
txukundu.

Datorren urtean abiarazi nahi diren proposamenak
1. Herri bideak berritu.
2. Zain baserriko bidegurutzea berritzea .
3. Eskolapioetako lur-sailen erosketa.
4. Frontoia margotu.
5. Energia.

Egin ez diren ekintza proposamenak
1. Lehen sektoreari lotutako proiektua.
2. Orendaindik Abaltzisketarako bide berdea.
3. Herritarrentzat sutarako egurraren ustiaketa.
4. Ibiur aldera errepidea ireki.
5. Herri bideen mapa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!