Afari batetik hasitakoa Erromeri Eguna bilakatu da

Imanol Garcia Landa 2017ko ira. 29a, 09:13

Trikitiek eta panderoek hartuko dute bihar Orendain; eguerditik hasita Erromeri Eguna ospatuko dute estreinakoz.

Hiru hilabetez behin elkartzen ginen afarietan eta pentsatu genuen herri mailan egun bat antolatzea», esan du Orendainen bizi den Aitziber Goikoetxea gazteluarrak, Erromeri Eguna egitearena nola sortu zen azaltzeko. «Herria bizitu eta jendea animatzea da helburua».

Irma Karrera trikitilari tolosarrak klaseak ematen ditu Orendainen eta Abaltzisketan. Adin guztietako jendea izaten du, eta hasiera batean afari bat egin zuten helduen artean. «Afaldu ondoren pieza batzuk jo genituen, eta pentsatu genuen hurrengo batean haurrek ere parte hartzea eta nola ateratzen zen ikustea», esan du Karrerak. «Asmoa klasean bakarka aritzetik gero nola moldatzen garen elkarrekin ikustea da. Beste pare bat afari egin genituen, eta hortik sortu da prestatzen ari garen Erromeri Egunaren ideia».

Orendain trikitilariek hartuko dute bihar, eguerditik hasita. 12:00ak aldera hasiko da, triki-bertso pintxo poteoarekin. «Kalejira moduko bat egingo dugu, tartean bertsolarien parte hartzearekin, eta pintxoak eta edariak izango dira animatzen diren guztientzako», esan du Karrerak. Ondoren izango da bazkaria, 14:00ak aldera, frontoian. Ehun pertsona inguru elkartuko direla espero dute antolatzaileek. Bazkalostean, kantu zaharren txanda izango da, eta horren ondoren iritsiko da erromeria. Bazkarira ez doana ere erromeriara joatera gonbidatuta dagoela azaldu dute antolatzaileek.

Taula gainean multzoka ariko dira abestiak jotzen, parte hartuko duten guztiak batera aritzeko asko direlako. «Haurrak, 13-17 urte bitartekoak eta 20 urtetik gorakoak ariko dira», esan du Karrerak. Orendain, Abaltzisketa, Alegia, Bedaio eta Amezketako parte hartzaileak izango dira oholtza gainean. Karreraren ikasleez gain, Loatzo musika eskolakoak zein Kristina Solanoren ikasleak ariko dira. Karrerak azaldu duenez, «Orendain eta inguruko herrietako musika ikasleei zabaldu diegu deialdia, eta entseguetan batera aritu gara, eta gustura gaude nola ateratzen ari diren ikusita». Goikoetxeak gaineratu duenez, «jotzen ditugun piezak dantzatuko dituzten jendea ere behar dugu. Herria mugitzea da gure asmoa, taula gainean egongo garenez gain, erromerian izango direnek ere parte hartzea». Helburu garbia dute antolatzaileek: «Gure artean festa polita egin eta ondo pasatzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!