Internet zerbitzuaren azpiegitura, jabetza publikoduna

Imanol Garcia Landa 2017ko ira. 20a, 11:25
Erabilera anitzeko eraikinaren gainean jarrita dagoen antenaren bidez zabaltzen da Internet zerbitzua.

Orendainen Internet zerbitzua abiadura handian jaso daiteke. Zerbitzua arautzeko Guifi.net-ekin hitzarmena sinatu du udalak.

Hiru urtetako lanaren ondoren abian da Orendainen Internet zerbitzua abiadura handian izateko aukera. Zuntz bidezko azpiegitura dago jarrita herrigunean, eta gero baserrietara antena bidez zabaltzen da. Kasu honetan berezitasuna azpiegitura horrek jabetza publikoa duela da, hau da, udalarena da.

Herritarren eskari batetik dator proiektua. Gorka Egia alkateak azaldu duenez, herrian azken urteotan egiten diren parte hartze prozesuen bitartez atera zen gaia. Zuntza jarri aurretik wimax edo adsl bitartez jaso ahal zen Internet zerbitzua. «Herri txiki bat gara eta ez dugu asmorik hiri batek dituen zerbitzu guztiak izateko, baina Internet oinarrizko zerbitzu bat da, eta horretan bai izan beharko genukeela eskubide berdina», azaldu du Egiak. «Donostian Internetera sartzeko duten kalitate berdina izan behar dugu Orendainen, urarekin edo elektrizitatearekin gertatzen den moduan».

Telefonica eta Euskaltel konpainiekin jarri ziren harremanetan, Orendainen zuntza zabalduko zuten galdetzeko, baina ezezkoa jaso zuten. Hori horrela, udalak berak jartzea erabaki zuen. Azpiegituraren proiektua, zuntza eta antenak jartzearena, 75.000 euro ingurukoa izan da. Eusko Jaurlaritzako diru laguntza 35.000 euro ingurukoa izan da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 16.500 euro jarri ditu.

Proiektua aurrera eramatea ez da bide erraza izan. «Telekomunikazioen legea da gehien liberalizatuta dagoena eta gainera zehazki agertzen da erakunde publiko bat ezin dela operadorea izan», azaldu du Egiak. «Etengabe egon gara legea begiratzen proiektua gauzatzeko, baita azpiegitura bera muntatzeko ere».

SARE BAKARRA OPERADOREENTZAT

Azpiegituraren erabilpena «gai konplexua» dela esan du Egiak. Batetik, udalaren helburua izan da bikoizketak saihestea. «Herri handietan gertatzen da konpainia handi batek baino gehiagok bere azpiegitura jarri duela. Guk Iparraldeko Europako eredua jarraitu dugu. Han sare bakarra muntatzen da eta gero sare horren erabilera egiten dute konpainiek».

Bestetik, operadoreek sarearen erabilpena nola egingo duten arautzeko Guifi.net fundazioarekin jarri dira harremanetan. Fundazioarekin hitzarmen bat sinatu dute, azpiegituraren erabilera arautzeko. «Hitzarmena sinatu dugu Guifi.net-ekin, bere filosofiarekin bat egiten dugulako. Europan eredugarritzat dute», esan du Egiak. «Besteak beste, diru publikoaren erabilera egokiena egitea bermatzen du».

Zuntzaren gaitasuna infinitua da, beraz bertatik nahi diren megabyte guztiak joan daitezke, aparatu egokia jarriz gero. «Guifi.net-etik diotena da, ez direla zortzi azpiegitura behar, bakarrarekin nahikoa dela eta gero kontua dela horren erabilera arautzea», zehaztu du Egiak.

Horrela, udalak Guifi.net fundaziorekin sinatu du hitzarmena sarea arautzeko eta gero Guifi.net-ek sinatuko du operadoreekin. Azpiegitura edozein konpainiak erabili dezake, guztiek baldintza berdinetan, hau da, betebehar eta eskubide berdinekin. Gero konpainia bakoitzak bere eskaintza egin diezaieke herritarrei.

Orendainen edozein operadorek zerbitzua eskaini ahal duela baliatuz, Talaia enpresa sortu dute hiru pertsonen artean, eta beraiek eskaintzen dute zerbitzua herrian. Orendaingo etxeen %50ean baino gehiagotan Talaia enpresarekin kontratatu dute zerbitzua. «Guk operadore handiak ere parte hartzera eta bere zerbitzua eskaintzera gonbidatzen ditugu», esan du Egiak. «Hori bai, baldintza berdinetan ariko dira».

Aurrera begira, zuntza herriko baserri guztietara eramatea da helburua. Egun baserrietara antena bidez iristen da. Antena bat jartzea falta da, eta horrek zerbitzua emango lioke herrigunetik urrutien dauden baserriei. «Udalaren irizpidea izan da herritar guztiek Internet zerbitzua 30 mb-eko abiaduran izateko aukera edukitzea», esan du alkateak. «Udalak ez du dirurik baserri guztietara zuntza eramateko, eta horregatik herrigunetik kanpokoek antena bidez jasotzen dute Internetera sartzeko zerbitzua».

Aukera hori gauzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen diru laguntzen deialdiarekin ez du bat egiten Egiak. «Orendain gauzak beste modu batera egin daitezkeenaren adibidea da. Baina orain diputazioak lehengo eran egin du deialdia. Zuntza herrigunetik baserrietara eramateko diru laguntzak atera ditu, eta %95ean laguntzen ditu azpiegitura horien gastuak, baina lizitazio bidez irabazle suertatzen den konpainiarentzat. Gero azpiegitura hori geratzen da lizitazioa irabazten duen enpresa horrentzako».

Deialdian diru laguntzak bakarrik operadoreentzat ematen dituztenez, eta erakunde publiko bat operadorea ezin denez izan, Orendaingo Udalak ezin du deialdi horretan parte hartu. «Guk diputazioari eskatu diogu laguntza, baina atzera bota digu. Herrigunean zuntz sarea jarri dugu tartean beraien laguntzarekin, baina deialdi hau atzerapauso bat izan da eta diru laguntzak bakarrik enpresa pribatuentzat daude», esan du Egiak.

Bestalde, Egia kexu da telekomunikazioen gaur egungo egoeraz: «Iruditzen zaigu telekomunikazioen azpiegiturak ez dutela esku pribatuetan egon beharrik, ikusirik herritarren eguneroko bizitzan zer kontrol izan dezaketen. Niri arduragabekeria bat iruditzen zait, baina lege guztiak daude hori horrela gerta dadin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!