Faltatu ezinezko hitzordu horietakoa da, Orendaingo txirrindulari igoera, eskualdeko zale askorentzat. Zizare itxurako aldapa beren indarrak proban jartzeko baliatzen dute askok, eta gehienek kirola eta gozamena uztartzeko, lagun artean. Gaur, XXV. aldiz antolatu dute igoera, amateurrekin batera aritu da Jon Ander Insausti txirrindulari profesionala ere; 12 minutu eta 8 segundo behar izan ditu, Orendaingo plazara heltzeko.
Mende laurdeneko probak, dena den, izerdia botatzeko bezainbeste balio izaten du, eskola sortzeko ere, eta helduak Alegiatik irten aurretik, haur eta gaztetxoen beren ibilbideak osatu dituzte, pozarren. 0-6 urte bitartekoek frontoitik plazara doan bidea osatu behar izan dute, eta Aratz Azpilgain eta Maddi Zumeta izan dira saria eskuratu dutenak. 6 urtetik 10 urtera bitartekoetan, berriz, Kimetz Villanueva eta Naroa Esnaola aritu dira bizkorren, jauregitik plazara bidean. Azkenik, 10 eta 16 urte bitarteko neska-mutilek Abaltzisketako bidegurutzeko plazaraino eman behar izan diete pedalei, eta Manex Esnaola eta Uxue Francisco izan dira irabazleak.
Gaztetxoen hitzordua amaitu eta bost minutura irten da, Insausti, Alegiatik. 12 minutu pasatxotan igo du malda, eta haren atzetik irten diren amateurrek ez dute bere kronoa hobetu. Gero ibili dira, ordea: Antton Labaka eta Aimar Agirresarobe ziztu bizian iritsi dira plaza aurreko maldara, buruz buruko esprinean, eta Labakak segundo bat aurretik zeharkatu du helmuga. Bidek jaso dute, ordea, saria: irabazlearen txapela Labakak, eta herriko azkarrenaren saria, Agirresarobek. Ane Albisuk, berriz, lehen emakumearen txapela jaso du, 21:02ko denborarekin.
Behin balizko harrobiaren ikuskizuna amaituta, jakin-mina eta leku-hartzeak iritsi dira Orendainera; zaleak bidearen ertzetan banatu dira, norbere leku kuttunenean. Batzuek aldaparen marrazki osoa harrapatzeko ahaleginak egin dituzte, petril gainetik edo lepoa altxatuta. Beste askok, berriz, elizako arkupeak eskaintzen duen talaia baliatu dute, 4 kilometroko aldapan gora zetozenak animatzeko.
Indarrak ahitu dituztenentzat eta txalo gogorik egin dutenentzat, Orendainen oraindik ere izango da, gaur, festa, 2017ko jaiak behar bezala biribiltzeko .
Orendaingo XXV. txirrindulari igoera, SAILKAPENAK
0-6 urte
1. Aratz Azpilgain
2. Araitz Zubizarreta
3. Xanet Ormaetxea
4. Maddi Zumeta
6-10 urte
1. Kimetz Villanueva
2. Ibai Lekue
3. Kaiet Zubeldia
4. Unax Ormaetxea
5. Naroa Esnaola
6. Adur Remiro
10-16 urte
1. Manex Esnaola
2. Uxue Francisco
3. Enara Remiro
4. Maria Ormaetxea
16 urtetik gorakoak
1. Antton Labaka (13:01)
2. Aimar Agirresarobe (13:02)
3. Patxi Plazaola (13:17)
4. Iban Eskisabel (13:22)
5. Ibai Arrizabalaga (14:24)
6. Unai Agirre (14:25)
7. Xabi Lekue (14:47)
8. Asier Mujika (15:18)
9. Asier Capa (15:30)
10. Iker Alkorta (17:02)
11. Telmo Francisco (17:15)
12. Harri Arzelus (18:29)
13. Iker Ormaetxea (18:50)
14. Aitor Arzelus (18:50)
15. Ane Albisu (21:02)
16. Jon Telleria (21:03)