Orendaingo Baso Eskola abiarazteko partaide bila dabiltza

Ataria 2017ko uztailaren 20a

Proiektuarekin interesa dutenei eurekin harremanetan jartzeko eskatu diete.

Haurrak naturan hazi eta hezteko proiektua da Baso Eskolaren atzean dagoena eta Orendaingo hainbat gurasok abiarazi nahi dute. Hori dela eta proiektuan laguntzeko kide berrien bila dabiltza. «Guraso, hezitzaile... edo proiektuarekiko interesa duen edonoren bila gabiltza», esan dute. Interesa dutenei orendaingobasoeskola@gmail. com helbidera idazteko eskatu diete.

Baso Eskolaren funtsa haurren ikasgela natura izatea da, idazten, irakurtzen, matematikak lantzen edota talde kooperazioa landuko lukete, beti ere naturak ematen dituen baliabideak baliatuz.

Emmi Piklerren eta Reggio Emilia eskolen metodologian oinarrituko litzateke, hau da, haurren mugimendu askea sustatuz, besteak beste.

HAINBAT EKINTZA

Baso Eskola martxan jartzeko informazio bilerak eta jardunaldi batzuk egin dituzte azken hilabeteetan eta baita informazio mahai bat jarri ere, Tolosako Trianguloan.

Irekiko balitz Orendaingoa Euskal Herriko lehen Baso Eskola izango litzateke. Madrilen ireki zuten bat pasa den ikasturtean, eta Alemanian eta Eskandinavian oso ugariak dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!