[IRAKURRIENAK GOGORATUZ] "Oso gazte gutxi bizi gara baserritik; gure auzoan, bakarrik geratu gara"

Imanol Garcia Landa 2017ko abu. 7a, 09:50

Itsasondon jaiotakoa da Maider Murua (1979), baina Orendainen bizi da duela hamabost urtetik, Zelaieta baserrian. Baserriaren izen bereko gazta egiten du senarrarekin eta koinatuarekin batera.

Nola deskribatuko zenuke Orendain?

Herri txikia da, oso paisaia polita duena. Giro polita egoten da, eta oso gustura bizi naiz bertan. Ni neu kaletarra naiz, baina beti gustatu izan zait baserri mundua. Baserriko mutil batekin ezkondu nintzen, eta oso gustura nago. Ez gara herrigunean bizi, aparte dagoen baserri batean baizik, eta oso gustura bizi gara.

Urte hauetan zerbaitetan aldatu al da Orendain bereziki?

Hona etorri nintzenean, ez zegoen haur eskolarik, ezta hainbeste etxe ere, eta baserriak beteago zeuden. Orain, husten ari dira baserriak, eta horrek izugarrizko pena ematen dit, giroa aldatu egin delako. Baserri giro handiagoa zegoen lehen, eta kaleko jendea dago gehiago orain.

Herri txiki askotan gertatzen ari da hori, ezta?

Baietz iruditzen zait. Oso gazte gutxi bizi gara baserritik. Gure auzoan, adibidez, bakarrik geratu gara. Jendea asteburuetan-eta etortzen da baserrira, eta horrek ere aldatu egiten du giroa. Baserri giroa ahaztuta, beste gauza batzuei begiratzen zaie orain.

Zer gustatzen zaizu Orendaindik?

Artzainak izanik, larreak behar ditugu guk gure bizimodurako, eta guretzat espeziala da leku hau. Kaleko jende asko etorri da Orendainera bizitzera, eta, beraz, horiek ere zer edo zer ikusiko zioten herriari. Askatasuna dago horrelako leku batean; hemen ez dago estresik.

Herriko zein txoko gustatzen zaizu bereziki?

Bizi naizen auzoa, Baldanalde bailara. Leku lasaia da, eta bakardade handia dago. Egokia da gure ofiziorako.

Zein da garairik onena Orendain bisitatzeko?

Nire ustez, udaberria. Berde-berde egoten da dena, eta balioa ematen zaio naturari. Udazkena ere oso polita izaten da, baina udaberria asko gustatzen zait niri; politena orduan egoten dela uste dut.

Artzaintza duzue ogibide. Zein lanetan zabiltzate egun?

Mendian gaude orain, eta gazta egiten ariko gara ekain bukaerara arte. Uda guztian gora eta behera ibiltzen gara: mendira joan, ardiei begiratu, lanak egitera behera jaitsi… Urte sasoi honetan lasaiago ibiltzen gara neguan baino. Ardiak antzutu egiten dira hil honen bukaeran, eta beste lasaitasun bat ematen du horrek. Ez da izaten goizeko eta iluntzeko obligaziorik.

Aralarren izaten dituzue ardiak?

Bai. Enirio-Aralar Mankomunitatearen parte da Orendain, eta hori abantaila da ganaduzaleentzat. Ganaduak mendia behar du udan; askoz garbiago egoten da. Alde handia da herriak aukera hori eskaintzea.

Aralarren ikuspegi ederra dago Orendaindik bertatik…

Bai. Txindoki parez pare ikusten dut etxetik bertatik, eta asko gustatzen zait ikuspegi hori.

Erlazionatuak

Herritarren parte hartzea oinarri

Imanol Garcia Landa 2017 eka 16 Orendain

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!