Zarena Zarelako festa egingo dute bigarrenez larunbat honetan

Imanol Garcia Landa 2017ko urt. 26a, 11:35
Iaz aurreneko aldiz egindako Zarena Zarelako festaren une bat.

Aurtengo urteari «hasiera ona» eman, 2016 urtean jaio diren haurrei ongietorria eman eta herriko emakume bat goraipatuko dituzte; herri afariarekin bukatuko dute eguna.

Bigarren urtez antolatu du Orendaingo Sorginak taldeak Zarena Zarelako izeneko festa, larunbat honetan. «Iaz egin genuen lehenengo aldiz» azaldu du Sorginak taldeko Jurdana Aleman Arbilla kideak. «Festa honetan lehenengo egin nahi dena da urteari hasiera on bat ematea, 2016an jaio ziren haurrei ongi etorria ematea, eta emakume bat goraipatzea urte horretan egin duen zerbaitengatik», gaineratu du.

Orendaingo Sorginak talde feminista dela azaldu du Aleman Arbillak, «emakumearekiko dauden bereizketak salatzeko talde bat, hainbat alorretan laguntzen duena emakumearen ikuspegia landuz». Larunbateko festan Garbiñe Arregi goraipatuko dute. «Ekintzailea da, baratze ekologikoa du, eta kontsumo taldeak ditu herrian eta Tolosan».

Arratsaldez hasiko dute festa, eta haurrentzako merienda egingo dute. Hainbat jolas ere egingo dituzte. Ondoren Ostatuan poteoa izango da, eta afaria egingo dute Eltxo elkartean, herritarren artean prestatua. Afariaren ondoren musika jarriko du DJ Josu herritarrak.

Ostatuan daude afarirako txartelak salgai eta gaur izango da azken eguna horiek erosi ahal izateko. 15 euro ordaindu behar dute helduek eta 5 euro, berriz, haurrek.

Aurreko urtean lan handia egin zela dio Aleman Arbillak Zarena Zarelako festa prestatzeko: «Sorginak Taldea sortu zuen Ameliak prestatu zuen, eta berak egin zuen afaria ere. Oso gustura geratu ginen, eta arrakasta handia izan zuen, 60 pertsona inguru elkartu baikinen afaltzeko».

Zarena Zarelako festa ohitua bihurtzea da asmoa, Sorginak Taldeko kideak azaldu duenez. «Ikusiko dugu nola doan aurtengoa eta poliki-poliki joango gara ikusten zer egin. Lehenengo aurtengoa ospatuko dugu eta ondoren egingo dugu balantzea».

EGITARAUA

Urtarrilak 28, larunbata

17:30. Merienda Orendaingo umeentzat, jolasak eta ongietorria 2016an jaiotakoei .

19:30. Poteoa Ostatuan, herriko trikitilariek alaituta.

21:00. Afaria Eltxo elkartean, DJ Josuren musikarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!