Andra Mari jaiak 2016

Leire Uzin eta Iban Eskisabel lehenak, Orendainen

Eneritz Maiz 2016ko abuztuaren 16a

Jaien azken eguna dute gaurkoa orendaindarrek eta XXIV. Txirrindulari lasterketarekin eman diote hasiera egunari. Lehenak, adinaren arabera banatuta haurrak izan dira bizikletaren gainean ibili direnak. Ondoren, Alegiako bidegurutzetik abiatuta helduen txanda izan da.

Haurrek ibilbide ezberdinak izan dituzte herri gunean, baina helduak Alegiako bidegurutzean izan ohi dute irteera puntua. Orendaingo plazara iristen lehena Iban Eskisabel izan da, eta 13 minutu eta 5 segundo behar izan ditu. Hirukotea agertu da, baina azken metroetan erraz gailendu da. Emakumeen kasuan, Leire Uzin izan da azkarrena 21 minutu eta 31 segundotan bukatuz ibilbidea.

Herri bazkarian elkartu dira herritarrak, Eltxo elkartean. Eta arratsaldean, Herriko XIV. Toka txapelketa eta Zirku tailerra Zirika Zirkusen eskutik, eta puzgarriak izango dituzte.

20:30ean, patata tortilla lehiaketa egingo dute, eta 22:30ean, Erramun Martikorena eta Txintxarri Abesbatzak kontzertua eskainiko dute.

Festak bukatzeko, 00:00etan, eltxoek harriari buelta ematea egingo dute eta segidan Unsain taldearen girotuko du gaua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!