Kale baserria berritzeko proiektuan izen ematea zabalik

Imanol Garcia Landa 2016ko uzt. 27a, 08:00

80 eta 90 m2 bitarteko bost etxebizitza egokituko dituzte Orendainen, herriaren jabetzako Kale baserria zaharberritu ostean; iraila bukaera bitarteko epea zabaldu da izena emateko, ostatuan edota udaletxean.

Udalaren jabetza den Kale baserria eraberritu egingo dute, eta bertan bost etxebizitza egokitu. Lehiaketaren fasea igarota eta aurreproiektua aukeratuta (Iruñeko Jose San Martin Eraso arkitekto estudioarena izan da aukeratua), bizitza horietakoren batean interesa dutenek izena emateko aukera dute orain, irailaren amaiera bitarteko epearekin.

80-90 m2-ko bost etxebizitza egokituko dituzte baserria zaharberritzearekin, eta horietako bat udalaren esku geratuko da. Lau izango dira, beraz, eskuratzeko aukeran jarriko direnak. Bizitza bakoitzak, gainera, 200 m2ko lursaila izango du, eta bi aparkalekurentzat lekua. Prezioari dagokionean, 110.000 euro ingurukoa izango da. Gorka Egia alkateak azaldu duenez «prezio duina izateari garrantzi handia» eman diote: «Guretzat ezinbestekoa izan da nolabaiteko prezio duina izatea, soldata duen pertsonak ordaintzeko modukoa, eta indar berezia jarri dugu horretan».

Izena emateari dagokionean, Euskal Herrian erroldatua izan beharko da eskatzailea, baina, hori bai, lehentasuna izango dute orendaindarrek edota Tolosaldekoek edo Tolosaldean lan egiten dutenek. Era berean, ezinbesteko baldintza izango da beste etxebizitzarik jabegoan ez izatea.

Herritarrek lehentasuna dutenez, herrian bertan aurkeztu dute proiektua, eta Egiak adierazi duenez, dagoeneko interesa ere azaldu dute hainbatek. Egun Orendainera gerturatzen den orok ikusi ahalko ditu proiektua irudikatzen duten panelak Karrapean. Ostatuan dauden inprimakiak bete daitezke izena emateko, eta udaletxeko buzoian utzi. Udaletxera bertara telefonoz deituta (943 65 40 64) ere egin ahalko da. 

Herritarrei aurkeztu zaien moduan, aurkezpen zabalago bat ere egiteko asmoa du Udalak: «Ikasturtea hastearekin batera, iraila erdialdean, Orendainen bertan egingo dugu eskualde osoari begirako aurkezpena».

BASERRI HUTSEI IRTENBIDEA

Etxe eta baserri hutsei irtenbidea emate aldera sortu zen Kale baserria eraberritu eta bertan bost bizitza egokitzeko proiektua. «Herritarrek eskatu zuten parte hartze prozesuaren bitartez etxe hutsei irtenbide ematea. Hala, udalaren jabetza den Kale baserrian saiatu gara prezio duinagoan etxebizitzak eskuratzeko aukera ematen duen eredu bat asmatzen, aldi berean, etxe hutsak dituztenei eraberritzeko aukera emango diena», azaldu du Gorka Egiak.

Berrikuntzaren trukean espazioa ematean datza ideia. Baserria hainbat bizitza hartzeko egokitzen da, egon daitezkeen erosleak bizitzen jabe egiten dira eraberritzearen truke eta bizitza horietako batek jabearena izaten jarraituko du. Horrela izango da Kale baserriaren kasuan, izan ere, egokituko diren bost bizitzetatik batek udalarena izaten jarraituko du, eta beste lauk espazio hori jasotzearen truke eraberritzea ordaindu beharko dute. Baserriaren barruan hainbat bizitza egitea ahalbidetzeko araudia ere aldatu behar izan du Udalak. Orendaingo alkateak dioenez, «gaur egun oso zaila da baserri bat osorik saltzea, eta baserri huts batek gastu handiak edukitzen ditu; modu honetara, baserriaren barruan etxebizitza berritu bat izan dezakezu, gainerako eremua erreforma ordainduko duten horiei emanez trukean».

Eskualdean gisa honetako lehen proiektua da, eta Kale baserriaren zaharberritze proiektuaren eredua zabaltzea da Gorka Egiaren nahia: «Proiektua errealitate bihurtzen denean gonbidatu nahi ditugu etxe edo baserri hutsak dituzten herritarrak eredu berdina erabiliz euren baserriak eraberritzera, eta guk horretan lagunduko diegu. Horrela eraikita dagoenari ahalik eta etekin handiena aterako diogu, eraiki gabe dagoen horretan pentsatu aurretik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!