Uztailaren 6an, eguerdiko hamabietan puntuan, txupinazo berezi bat izaten da Tolosaldean. Orendaingo sanferminzale talde bat elkartu, eta beren txupinazo partikularra botatzen dute: «Iruindarrok, orendaindarrok… gora San Fermin!». Nafarroarekin eta sanferminekin lotura berezia duen herritar bati bururatu zaitzaion, bizilagunak hamaiketakoa egitera gonbidatu eta jaiak Orendainen ere ospatzea eta, bizilagunek, noski, ezin esan ezezkorik. Horietako bat da Jurdana Aleman (Iruñea, 1984), iazko txupinazoa jaurti zuena. Iruindarrak hiru urte daramatza Orendainen bizitzen eta, ekimen polit horrek, bere jaioterriko festak handiaren bitartez, bere nortasuna mantentzen laguntzen dio. Ez da zale-zale horietakoa, eta festak kontraesan, ezinegon eta haserreak sortzen badizkio ere, Jurdanak maite ditu sanferminak.
Urduritasuna nabari al da txupinazorako minutu batzuen faltan?
Badakit jendea urduri egongo dela jaiak gerturatu ahala, baina ni ez naiz horietakoa. Ez dut halako irrikarik sentitzen.
Diozunaren arabera, ez dute halako garrantzirik zuretzako.
Sanferminak hor daude, eta beti eragiten dute, iruindarra izaki, baina nire haiekiko zaletasuna ahuldu egin da.
Adinak eraginda, agian?
Ez horrek bakarrik, nahiz eta orain ez ditugun 20 urte [barreak]. Beste zenbait faktorek eragin dute: desfase handia dago, emakumea ez da errespetuz tratatzen eta, atzerritarrak, legerik gabeko hiri batera joango balira bezala doaz. Mugarik gabeko jaien irudia sortu da, eta etengabe areagotuz joan da irudi hori.
Muga falta horretatik, azken urteotan emakumeen aurkako erasoen salaketa gehiago izan dira.
Emakume izate hutsagatik, badirudi gizonezkoek eskubidea dutela guri hitz lizunak esateko edo ukitzeak egiteko, inongo baimenik babe. Ildo horretatik, bortxatze asko izaten dira sanferminetan, eguneroko gauza da. Drogak eta alkohola tarteko, askok uste dute gauaren errege direla eta dena libre dela, baina hori ez da horrela, eta eskerrak horrelako egoerak mozten ikasi dugun.
Nola ikasten da hori?
Lehen, agian, lotsatu egiten ginen, eta lagun taldearekin alde egiten genuen leku horretatik. Orain ez! Ikasi egin dugu begiratzen edo hitzekin egoera mozten, nahiz eta berez horrelakorik ez genukeen ikasi beharrik izango.
Beste gai batera joz eta, Iruñetik Tolosaldera salto eginez, Orendainen tradizio berezia sortu duzue lagun batzuk: txupinazo partikularra.
Bai, oso ekimen polita da. Bizilagun batek hamaiketakoa egitera gonbidatu gintuen bere etxeko lorategira, eta bertan ospatzen dugu txupinazoa Iruñearekin harreman berezia dugun hainbat orendaindarrok. Txupinazoarekin eta arropa zuri-gorriarekin jaiei hasiera ematen diegu Orendaindik. Jada lau urtetan ospatuta, tradizioa izango da, ezta?
Eta Iruñeko txupinazoa nola bizi duzu?
Ikurrinaren zain egoten gara nafar asko. Garrantzi handia ematen diot momentu horri, munduari nor garen esaten diogulako, eta gu ikusezin egiteko UPNren asmoei «hemen gaude» esaten diegulako; gobernu berriarekin gauzak aldatzen ari dira, dena den. Eta, txupinazoko oroitzapenik gozoena, arrantzale bizardunek ikurrina erraldoi hura modu hartan jarri zutenekoa da. Izugarria izan zen! Mundu guztian ikusi zuten ikurrina, Euskal Herriko hiriburuan.
Munduko festarik ospetsuenak direla esatea ez da astakeria. Nolatan?
Nik uste dut entzierroak eragin handia izan duela horretan. Hiri batean, kalean, zezenak eta jendea korrika aritzea, irudi oso berezia da, eta horrek munduari bira eman dio. Zorionez edo zoritxarrez hala da.
Ez dirudi harrotasunez kontatzen duzunik…
Hor azaleratzen dira nire kontraesanik handienak. Zezenketen erabat aurkakoa naiz, pertsonek ondo pasatzeko animaliak erabiltzea ez dudalako gustuko. Arratsaldeko zezenketak kendu egingo nituzke, baina entzierroarekin barne-borroka bat dut, maitasun-gorrotoa. Berez, ez nago ohitura horren alde, baina, aldi berean, ezin dut saihestu, egunero, 08:00etan, entzierroa telebistan ikusteko jaikitzea.
Orduan, zezenik gabe, nola ospatzen dituzu sanferminak?
Sanferminen irudia zezena bada ere, uste dut sanferminetako gauzarik garrantzitsuena harremanak direla. Egun horiek aprobetxatzen ditugu familia eta lagunekin elkartzeko, jan-edanean jendearekin egoteko; hori da jaien oinarria.
Hori da, beraz, sanferminetatik aukeratuko zenukeena.
Bai. Eta, bestetik, gaueko su-artifizialak ikustea ere gustuko dut, bokadilo bat hartu eta Ciudadelako belazeetatik zeruko ikuskizunari begiratzea. Gero hainbat kontzertu on ere izaten dira, eta ohitura dugu haiek ikustera joateko.
Aurten noiz bertaratuko zara Iruñera?
Asteburuan joango gara, eta urterokoa egingo dugu: lagunekin egon, familiarteko otorduak… Eta, arratsaldetan, peñekin kalejira egitea gustuko dut; peñek ematen diote, jaiei, herri giroa.
Egunen joan-etorrian, azkar igarotzen dira 9 egunak, eta 'Gaixoa ni' erritualak ixten ditu sanferminak. Azken urteotan, ordea, tradizio berri bat sortu da hurrengo goizean, eta duela 30 urte Villavesa autobusaren aurrean korrika hasi ziren gazte haien parodia hori errepikatzen dute uztailaren 15 bakoitzean.
Bai. Niri oso barregarria iruditzen zait, ehunka gaupaserok halako ekimen bat egitea berezia baita, behinik-behin. Nire anaia ere atera izan da Villavesaren entzierroan, eta gustukoa du. Azken finean, tradizio bilakatu den pasartea da.
Eta, bukatzeko, nolako sanferminak irudikatu nahiko zenituzke 2025. urtean?
Bortxatzerik gabeko sanferminak, emakumeok lasai ospatuko ditugunak; berdintasunean. Zezenketarik ez izatea ere nahiko nuke eta, entzierrorik gabeko sanferminak irudikatzea ia ezinezkoa zaidan arren, uste dut etorkizunean hala ikusiko ditugula. Era berean, jai herrikoiak izatea nahiko nuke eta ikurriña balkoian normaltasun osoz zintzilik ikusteko itxaropena dut.