«Ultratrailetan pazientzia gehien emakumeengan ikusi dut»

Imanol Garcia Landa 2016ko api. 15a, 10:35
Leire Elosegiri harrera egin zioten herrian Transgrancanaria proba egin ondoren.

Orain dela gutxitik bizi da Orendainen Leire Elosegi, eta dagoeneko jaso du bere lehen ongietorria herrian, Transgrancanaria proba burutu eta gero.

Transgrancanaria ultratrailean parte hartu berri du Leire Elosegik, hau da, 125 kilometro eta 8.000 metroko goranzko malda duen proba. Orendainera etorri berri da bizitzera, eta Orendaingo Sorginak taldeko kideek bera ere partaidea da harrera egin zioten proba egitetik itzultzean. Ultratraila 21:34:31ko denborarekin egin zuen eta 20. sailkatu zen emakumeen artean.

Nola izan zen Orendainen egin zizuten harrera?
Transgrancanariatik gaueko hamarretan iritsi nintzen herrira eta sorpresa moduan musika jarri zidaten, agurra dantzatu, loreak eta txapela eman; herriko jende asko zegoen.

Transgrancanaria bezalako proba bat egitea ez dago denen esku.
Ez, entrenatu egin behar da, pazientzia asko izan eta pixka bat buru gogorra ere izan behar da.

Beste hainbat proba gogor ere egin dituzu aurretik. Kirol munduan noiztik zabiltza?
Urte asko daramatzat. Gaztetan hasi nintzen 60 metroak egiten, gero altuera jauzia, eta luzera jauzia ere bai. Ondoren, unibertsitate garaian, 10 kilometro egiten, maratoi erdia, maratoia, ultratrailak... Triatloian ere hasi nintzen, eta ia zuzenean ironmana egin nuen. Adinarekin gehiengoaren joera hori izaten da. Hasieran azkar ibiltzen zara eta potentzia gehiago duzu, eta adinarekin proba luzeagoak egiten hasten zara. Burua ere gogortu egin behar da.

Orendainera orain gutxi iritsi zara. Nolatan?
Herrialde askotan bizi izan naiz. Venezuelan jaio nintzen, gero Ingalaterran bizi izan nintzen, Frantzian ere bai, Herbehereetan, eta bikotekidearekin haurra izan eta gero Trintxerpen bizi izan gara. Eta Orendainera kasualitatez iritsi naizela esaten nuen, baina gerora jakin dut nire birramona bat Baliarraingoa dela. Beraz, atrakzioren bat ere izango zen. Hiritik atera nahi genuen, berdea ikusi... Igandetan herrietara joaten ginen, begiratzera, eskolak ikusten ere semearentzako, eta Txindoki betidanik izan da nire mendi maitea. Orain, nire gelatik, ohean nagoela, Txindoki ikusten dut.

Probei dagokionez, zenbat ironman egin dituzu, adibidez?
Bi egin ditut, biak Lanzaroten. Bat Ibai eduki aurretik, eta gero nire buruari erakutsi nahi nion oso ondo errekuperatuta nengoela eta berriro egin nuen hurrengo urtean.



Isostar Extreme irabazi zenuen, esaterako, 2012an. Nolako proba izan zen hura?

Hori Monegrosen izan zen, 114 kilometro izan ziren korrika. Egin dudan probarik gogorrena izan zen. Lehenengoak, bai mutiletan eta bai nesketan, Marathon des Sables proban parte hartzeko txartela jasotzen zuen. Txartel horrek 4.000 euro balio ditu. Nire ametsa zen desertura joatea astebetez, eta Isostar Extreme probara irabaztera joan nintzen. Une bereziak bizitu nituen, 93. kilometroan zorabiatu egin bainintzen. Lehenengoa nindoan 30 minutuko aldearekin. Mediku batekin korrika egiten nuen, lagun bat, eta nire onera etorri nintzenean, berak sinatu zuen bere kargu hartzen zuela nire osasuna, eta azkenean proba irabaztea lortu nuen.

Eta gero aukera izan zenuen Marathon des Sables egiteko.
Esperientzia zoragarria da. Ez nuke edozeinentzako gomendatuko, muturrekoa delako, baina norbaiti gustatzen bazaio abentura raid erara, zoragarria da. Etapaka egiten duzu. Jendeak pentsatzen duena baino egingarriagoa da. 125 kilometroko ultratrail bat zailagoa da hau baino. Hori bai, beroa maite behar duzu. Desertuak bakardadea, sakontasuna du.

Eta nola joan zen?
Esan behar da proba Marokon izaten dela, eta alde horretatik bihotza erdibituta nuen. Nik Saharako Maratoia ere korritu nuen, eta irabazi nuen, eta arrazoi jakin batzuengatik joan nintzen proba hori egitera.

Marathon des Sablesen antzeko beste horrelako probarik egin duzu?
Proba bat oso polita dago Goretex Transalpine-Run izena duena. Oso ondo antolatuta dago, eta Alpeak gurutzatzen dituzu, etapaka eta bikoteka. Nik nire bikotekidearekin egin nuen. Bikoteka egitea gomendatuko nuke elkarrekin ondo eramatea, eta jakitea eztabaidak izango dituzuela. Bikote batek hori gainditzen badu, betirako elkarrekin egongo dira... Norberaren aurpegi txarrena ez da larunbat batean tragoak hartzen erakusten. Horrelako proba batean esfortzu handia egiten ari zara, bat bestea baino lehiakorragoa da, bestea kontuak egiten aritzen da... Gu laugarren iritsi ginen bikoteka.

Horrelako probak eginez zure burua ondo ezagutuko duzu, ezta?
Argi izan behar duzu une bakoitzean, entrenamenduetan batez ere, balantzan jartzen duzun guztia. Alde batean, denbora, sasoia, alaitasuna, ondo egotea, eta bestetik, proba hori egiteak merezi dizuna. Batzuetan entrenatzeko dena uzten duzu, eta bizitzen eta familiarekin lasai egoten jakin behar da.

Gero eta jende gehiagok egiten ditu proba gogor horiek. Osasuntsuak dira?
Egia da orain boom moduko bat dagoela. Lehen ironmanak izan ziren, eta orain mendi lasterketak, eta horietan ultratrailek indar handia hartu dute. Badirudi gero eta gogorrago, are eta hobe. Gogortasun hori bilatzen da. Ez da osasungarria, eta ez dut uste hori dudan jarri daitekeenik. 125 kilometro korrikan egitea gorputzarentzat ez da ona. Gure aitzakia izaten da inguruan dugun bizitza nahiko osasungarria dela. Ultratrailak egiten ditugunontzat osasuna ez da lehenengo motibazioa.

Zuretzat zein da motibazioa?
Jendeak pentsatu ohi du nire mugak noraino iristen diren jakitea dela. Niri horrek ez dit gehiegi erakartzen, adibidez bi ironman jarraian egiteak. Niretzat zerbait prestatzea da, kostatu zaizuna, eta gainditzea. Horrek sari bat ematen dizu, zure buruarekiko konfiantza.

Orendainen bizita, badituzu entrenatzeko moduko inguruak.
Gozamena da bazter guztiak ezagutzen joatea. Hotzarekin eta elurrarekin okerrago moldatzen naiz, nahiago dut lehorra egotea. Txindoki gertukoa da, baina ez da mendi erraza korrika egiteko, beraz entrenatzeko perfektua da.

Parekidetasunaren ikuspegitik, nola ikusten dituzu proba hauek?
Kirol honetaz ez dakitenek pentsatzen dute alde handia dagoela gizon batetik emakume batera, baina iraupeneko kiroletan askoz alde gutxiago dago. Gertatu izan da proba batzuetan, adibidez Tor de Geants izenekoan, 300 kilometrotik gorakoa dena, emakume batek irabaztea. Nik Isostar proban bosgarren egin nuen sailkapen osoa kontua hartuta. Alde gutxiago dago iraupeneko probetan. Buruak duen garrantzia kontuan hartu behar da; norberarengan konfiantza eta pazientzia asko behar da, eta nik pazientzia gehien emakumeengan ikusi dut. Jakin behar duzu noiz itxaron behar duzun, une horretan duzun krisia gainditzeko.

Bestalde, niri gauza asko esan dizkidate. Ordu batzuk entrenatzera joateko ateratzen naizenean, umearengatik galdetzen didate. Eta ea bakarrik nola moldatuko naizen, zein ausarta naizen... Eta gizonezkoei ez dizkiete gauza horiek galdetzen, txapeldunak direla esaten zaie. Txindokira gauetan joan izan naiz, gauez korrika egiteko entrenatzera, eta beti komentarioren bat jaso dut, ea bakarrik noan, beldurrik ez al dudan, iparrorratza eramaten al dudan...

Aurrera begira zer erronka dituzu?
Berriro ikasten hasi naiz. Orain Haur Hezkuntza egiten ari naiz, eta oraingoz azken urtea bukatu eta Laskorain ikastolan Nekane Andueza irakaslearekin egiten ari naizen praktikak ondo egitea dut helburu. Erronka horretaz aparte, ezagutzen ditudan proba batzuk errepikatu nahiko nituzke, baina begiratzen ere ari naiz Atacama basamortua zeharkatzen duen proba egitea. 280 kilometro inguru dira, sei etapatan. Txartela lau edo bost mila euro inguru izaten da.

Eta babesleak topatzea zaila izango da, ezta?
Oso zaila da. Nik txosten pila bat egin ditut eta toki askotara bidali ditut. Ikusten dut garai txarrak direla niri kirol bidaia bat ordaintzeko, baina ni prest nago horren trukean legala den edozer gauza egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!