Feminismotik abiatuta, sortzen

Imanol Garcia Landa 2016ko urt. 20a, 13:45
Orendaingo Sorginak taldeko hainbat partaide, erabilera anitzeko eraikinean.

Orendaingo Sorginak taldeak urrian hasi zuen bere ibilbidea; dozena bat emakume elkartzen dira bi astez behin saioak eginez, feminismoa oinarri hartuta; larunbaterako Zarena Zarelako festa antolatu dute.

Orendaingo Sorginak taldea martxan jarri zenean ikusi zuten oinarriak edo ezpalak nolabait aurretik bazeudela, eta poxpoloa behar zutela sua pizteko, ekimen bat martxan jartzeko. Taldeko Maider Jauregik azaldu duenez, «Amelia izan zen poxpolo hori». Hain justu, Amelia Tziganuxek whatsapp talde bat sortu zuen urrian eta gonbidapena luzatu bertan sartu zituen emakumeei, Jauregik gogora ekarri duenez: «Orendaingo emakumeok elkarrekin biltzen hasteko deia egin zuen. Baditugula hainbat egoera eta istorio elkarbanatzeko modukoak, eta gonbidapena egiten zitzaigun inongo konpromisorik gabe hitzordu batera joateko».

Horixe izan zen taldea martxan jartzeko pizgarria. Aurretik, Tziganux berak azaldu duenez, eraldaketa bat izan zuen: «Orain dela denbora bat, nik ez nuen nire burua feministatzat jotzen. Feminismoa zerbait txarra zela pentsatzen nuen. Horrela dela pentsarazten digute, matxismoa bezain txarra dela. Matxismoarekin parekatzea ez da kasualitatea. Baina, denborarekin, inguruan nituen lagun batzuk hasi zitzaizkidan esaten beraiek feministak zirela. Nik ezagutzen ditut pertsona horiek. Badakit nolakoak diren, eta orduan konturatu nintzen, pertsona horiek feministak baziren, feminismoa zerbait ona izan behar zuela».

Feminismoaz informatzen hasi zen eta «mundu berri bat» ezagutu zuen. «Gero serioago hartu nuen gaia, tailer batzuk egin nituen eta feminismoaz ikasten hasi nintzen. Baina zertarako ikasi hori dena, gero ez badut inorekin elkarbanatuko? Eta horregatik eman nuen pausoa, herriko ahalik eta emakume gehienekin whatsapp talde bat osatu eta hitzordu bat jartzeko». Tziganuxek gaineratu duenez, «guretzat oso esperientzia positiboa izaten ari da, elkar ezagutzeko gune bat da, baina beti ere feminismoaren inguruan, eta horrela aldarrikatzen dugu. Orokorrean harrera ona izan du taldeak, nahiz eta horrelakoetan beti gertatzen den moduan, erresistentzia bat ere sumatu dugun, eta aurreiritziak ere topatu ditugu. Orain, gure ekintzekin eta dinamikarekin ari gara aurreiritzi horiek gainditzen».

Leire Lopez Goiburu taldeko kideak azaldu duenez, «talde erabat irekia da, eta bi astez behin elkartzen gara Orendaingo eraikin berrian. Mota guztietako emakumeak elkartzen gara, adin ezberdinetakoak, eta feminismoarekin kontaktu ezberdina izan duena, edo bat ere ez. Denok dugu elkarbanatzeko eta ikasteko gogoa. Oso gune lagunkoia da, lasaia, errespetuan oinarritzen dena, bakoitzak bere zalantzak eta bere ikuspegiak mahai gainean jartzen ditu eta ez da inolako epaiketarik egiten. Ideia guztiak dira ongi etorriak».

Saio bakoitzean, Tziganuxek bideratuta, hainbat gai lantzen dira: emakumeak historian, asertibitatea, autoestimua, sistema patriarkala nondik datorren... Hamabi lagun inguruko taldea elkartzen da saioetan. Horrez gain, Facebook-en ere talde bat daukate, eta badago saioetara joaterik ez izan arren, taldearen jarduna sare sozialetik jarraitzen dutenak.

Jauregik azaldu duenez, «eztabaida gutxi izaten dira, gehienok ikuspuntu berdintsua baitugu, baina ze gutxi konturatu izan garen gu pribatutzat jotzen ditugun zenbait egoera edota bizipenek duten dimentsio eta garrantzi publikoaz. Beraz, elkarrekin landu eta jorratu beharreko gaiak direla horiek».

Zarena Zarelako festa

Larunbat honetarako, Zarena Zarelako festa antolatu du Orendaingo Sorginak taldeak. «Ideia nagusiena da gauza onak esan eta eskertzea», zehaztu du Tziganuxek. «Beti gauza txarrei buruz hitz egiten da, eta garrantzia gehiago eman behar zaio alde positiboari, harremanak hobeto eraikitzeko». Jauregik gaineratu duenez, «alde ezkorretan erreparatu baino, goazen elkartzen gaituzten horien gainean hitz egitera eta lantzera. Festaren aitzakia da 2015ak eman dizkigunak eta gutako askok jarri ditugun gauza horiek txalotu eta batez ere 2016ari eskatzea gugandik onena ateratzea. Horren bueltan indarrak batu eta baikortasun hori elkarbanatzea».

Egitarauari dagokionez, 17:00etan hasiko da herriko haurrentzako meriendarekin eta ekintzekin, eta 2015ean jaio diren lau haurrei ongi etorria egingo zaie. 19:30ean poteoa egingo da Orendaingo ostatuan eta gero afaria Eltxo elkartean. Bukatzeko, festa egingo da, besteak beste, Xapre, trikitilariarekin.

Ekimenak arrakasta handia izan du eta dagoeneko afarirako txartel guztiak salduta daude: 70 pertsona elkartuko dira. «Ez genuen espero hainbeste jende elkartzerik, oraindik flipatzen ari naiz. Jendeak oso ondo hartu du ekimena, eta baita taldea bera ere», esan du Tziganuxek. «Ikusi da oso positiboa dela egiten ari garena eta egingo duguna. 70 lagun gurea bezalako herri batean eta gurea bezalako ekimen baten bueltan batzea, ez da nolanahiko kontua», gaineratu du Jauregik.

Orendain bezalako herri batean horrelako talde bat sortzeak, «pertsonalki ikaragarri aberasgarria da, bakoitzaren jabetzean eta garapen pertsonalean», esan du Lopez Goiburuk. «Talde bezala ikaragarria da nola batzen gaituen eta elkartzen gaituen, eta zer bizitza ematen dion herriari eta nola ikustarazten duen herri anitza dela, behar ezberdinak identifikatzen ditu eta harreman osasungarriagoak izaten eta errespetuan elkarbizitzen ikasten asko laguntzen du».

Aurrera begira ere badituzte beste ekimen batzuk. Batetik, otsailaren 14rako hitzaldia antolatu dute, San Valentin eguna dela probestuz, «maitasun erromantikoaren gaiari buelta bat emateko». Gero martxoaren 8rako zerbait ere egingo dute, tartean korrikan aritzeko talde bat prestatzea. Bestalde, minbiziaren prebentziorako tailer bat egin nahi dute eta kulturaniztasunaren inguruko ekimen bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!