Orendaindik Abaltzisketara oinezkoen bidea egitea, herritarren proiekturik bozkatuena aurten bultzatzeko

Imanol Garcia Landa 2016ko urt. 14a, 12:29
Eskolako autobusaren zain egoteko geltokia eraikitzen ari da egun udala Jauregiko bidegurutzean.

Parte hartzeren balantzea egin du Gorka Egia Orendaingo alkateak: «Oso positiboa da 2015eko galdetegia herritarren %85ak betetzea»

Aurreko legealdian irekitako bideari jarraituz, Orendaingo Udaletik herritarrek udal erabakietan parte hartzeko prozesua bultzatu zuten iaz ere. Prozesu hori bi fasetan burutu da. Batetik etxez etxe banatu den galdetegia, eta bestetik abenduan egindako herri batzarra. Galdetegian jasotako iritzietako bat aurten herrian zein proiektu lehenetsiko diren zehaztea izan da, eta puntuazio altuena Orendaindik Abaltzisketara oinezkoen bidea edo bide berdea egitearen egitasmoak jaso du.

Gorka Egia alkateak azaldu duenez, parte hartze prozesuaren balantzea «oso positiboa» da. «Galdetegia 16 urtetik gorako herritarren %85ak itzuli du beteta, eta alde horretatik emaitzak ezin hobeak dira. Nekez aurkitzen da parte hartze prozesu bat horrelako ehuneko altuarekin». Herri batzarrera 40 pertsona agertu ziren, hau da, herritarren %27,5a. «Emaitza positiboak dira, baina herri batzarraren kasuan helburu bat badaukagu, gutxienez herriko baserri edo etxe bakoitzetik norbait etortzea, eta horretan badugu zer hobetu», azaldu du Egiak, eta gaineratu: «Hurrengo prozesuari begira, galdetegiaren parte hartzeari eutsi, eta etxe bakoitzetik norbait herri batzarrera joatea lortu nahi dugu».

Julen Aranburu parte hartze teknikariak azaldu duenez, galdetegia etxez etxe pasatzearena urtero nahiko prozesu antzekoa da: «Galdetegia banatzerakoan nola bete behar den azaltzen dugu, eta aurten nahiko ondo joan da, jendeak ezagutzen du prozesua eta errazago betetzen du galdetegia. Jasotzerakoan erraztasun gehiago nabaritu dut, eta jendea ari da ohitura hartzen betetzeko».

Egitasmo bozkatuenak

Galdetegiaren ataletako bat oraindik egiteko dauden ekintza batzuen artean lehentasunak ezartzearena da. Albistearen hasieran azaldu moduan, orendaindarrek garrantzi handiena eman diote herritik Abaltzisketara oinezkoentzat bidea edo bide berdea egiteari. Bigarren puntuazio altuena jaso duena, hainbat zerbitzu emateko gela bat prestatzea izan da. Hirugarrena, herri bideak asfaltatzea izan da, eta, laugarrena, herriko sarreran abiadura moteltzeko neurriak hartzea.

Beste atal bat, aurreko galdetegian jasotako proposamenak bozkatzea izan da, hau da, horiek aurrera eraman nahi diren ala ez jakiteko. Horietako bat, Irurako Ikastolak antolatzen duen eta Orendaindik igarotzen den Ñañarri Rallysprintari herritik pasatzeko baimena ematearen inguruan izan da. «Orendainen gaiak guztion artean erabakitzen ditugunez, hau ere aukeran jarri da, eta ezezko bozkak irabazi du, eta, beraz, Irurako Ikastolaren aldeko rallya ez da Orendaindik pasako», azaldu du Egiak, eta gaineratu: «Irurako Ikastolari nire animoak bidaltzen dizkiot, badakidalako diru iturri hori beharrezkoa duela, eta beste zerbaitetan lagundu badezakegu, eskua zabalik dugula».

Proposamenen artean oniritzi handiena jaso dituzten sei lehenengoak ondorengoak izan dira: herri bideak txukuntzea eta etxeetako bideak konpontzea; lehenengo sektoreari lotutako proiektuak egiten laguntzea; herriko produktuen salmenta ahalbidetzea; ur kontsumoan murrizketa emateko sistemak bultzatzea; herritar sareak sortu bakardade egoeran egon daitezkeenak goxatzeko, astean behin paseoak eginez, adibidez; eta Ibiur aldera errepidea ireki Orendainek beste irteera bat izan dezan. Guztira 34 proposamenen inguruan eman zuten iritzia herritarrek galdetegiaren bitartez. Baiezkoa jaso duten proposamenak aurtengo galdetegian sartuko dira, horietatik 2017an zein jarri nahi diren martxan lehenesteko.

Auzolanaren garrantzia

Herri batzarrean galdetegian jasotako emaitzen berri eman zen, hori baita helburuetako bat. Bestetik, 2015 udal ekonomiaren berri eman zen, besteak beste, egin diren gastuen eta eman diren diru laguntzen berri emanez. Azkenik, auzolanaren gaia jorratzen da. «Auzolanean egiteko proposamenak biltzen ditugu eta batzarrean erabakitzen da auzolanean zeinek zein konpromiso hartzen duen, eta pixka bat antolatzen gara horiek aurrea eramatekoak», esan du Egiak.

Azken herri batzar horretan, auzolanean egiteko egitasmoak erabakitzeko sistema aldatu egin dela azaldu du Aranburuk: «Aurrekoan herri batzarra asko luzatu zen, eta azkeneko honetan erabaki dugu sistema aldatzea, hori berriro ez gertatzeko. Beraz, bakoitzak paper baten bidez zein auzolan egiteko prest egongo litzatekeen azaldu zuen». Egiak gaineratu duenez, «auzolanean izandako aurreko urteko esperientzia hobetzeko, eta jendearen konpromiso zehatzak izateko, eskatu genuen jendeak bere izenak eta kontaktua ematea. Gero, aurtengoari begira, konpromisoa hartu duten jendearekin zehaztu noiz eta nola egingo den egitasmoa, eta gero deialdia egin beste herritarrei parte hartzeko».

Ondorengoak dira konpromiso gehien jaso dituzten egitasmoak: bertako zuhaitzak edo fruitu zuhaitzak lantzea (12 konpromiso); zabor txabolak margotzea (11); plaza inguruan lorategiak sortu edo berdeguneak apaintzea (10), galdutako mendi bideen mapa osatu eta berreskuratzen saiatzea (9), parkeko hesia berriz margotzea (9), zaborrak errepidetik biltzea (8), eta herri-bideak garbitzea (7).

Egiak azaldu duenez, «garbi dugu eskubideak ditugula betebeharrak ditugun heinean. Zentzu horretan udaletik diruarekin zein egitasmo egin behar diren erabakitzeko eskubidea badute herritarrek, eta udala saiatzen bada proposamen horiek betetzen, nik uste dut posible dela herritarrek bere ahalegintxoarekin herriaren alde gauzak egiteko konpromisoa hartzea».

Aurten ere Orendainen parte hartze prozesuarekin jarraitzeko asmoa dute. «Gure udal politikaren ardatzetako bat parte hartzea da eta ez itxurazkoa, baizik eta benetakoa», zehaztu du Egiak. «Bestetik, beste udal txikien moduan, udalean ari garenak gure denbora librean ahal duguna egiten ari garelako, eta beraz, udalean hartzen diren erabakiek behar dutelako herritarren babesa eta gehiengoak aukeratuak izatea. Nik uste dut erabakia hartzen duen edonori, eta kasu honetan udalbatzari, babesa ematen digula, eta bide horretatik gauzak egiten ditugula herritarren erabakiaren arabera eta ez gure iritziaren arabera».

Udalak parte hartze prozesuari eusteko konpromisoari eusten diola esan du Egiak, eta zalantza bat duela gaineratu du: «Egungo Gipuzkoako Foru Aldundiak, aurreko legegintzaldian egin zen moduan, parte hartzea sustatuko ote duen, eta horrek ahalbidetuko digun parte hartze teknikaria kontratatzea. Espero dut eta nahiko nuke gaur egun aldundian daudenak ere parte hartze prozesuak sustatzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!