«Kontsumitzaileek dute giltza eta norberaren erabakietan eragin beharra daukagu»

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2015eko abenduaren 30a

Orendaingo Larreta baserriko Leire Lizeagak eta Andoni Egiak yogurtak eta izozkiak saltzen dituzte

Larreta baserria. Hamarkada ugari jada sektorean. Nola izan da prozesua?
Lehen etxeko ukuiluan zituzten behiak, beste animaliekin batera. 1980.urtean, ordea, nire bikotea den Andoni Egiaren gurasoek ukuilua egin zuten baserritik abereak ateraz. 30 buru ingurura igo ziren. Eta Andoni baserrian lanean hasi zen garaian, berriz ukuilua handitu zuten, eta ia 100 behira igaroz. Gaur, 35 behietara itzuli gara berriro, baina esnea saltzetik produktuaren eraldaketara salto eginez.

Eta nolatan egin zenuten bada, halako saltoa?
Urte txarrak pasa ditugu ekonomikoki. Lehen, Andoniren gurasoek 30 behien apustua egitean, lana egin eta dirua ikusten zuten. Ostera, dena aldatu eta egoera okertu zen: pentsua gora eta esnearen prezioa behera. Andoni, askotan, etsita etortzen zen egun guztia lanean aritu ostean. Jada, ia uztekotan zela, beti buruan izan dugun horretan apustu egitea erabaki genuen. Gure produktuak egitea: jogurtak eta izozkiak egiten ditugu egun.

Zein balorazio egiten duzue?
Oso gustura gaude, nahiz eta, orain ere izaten diren buruhausteak. Baina gure produktuak ditugu, behien bizi-kalitatea asko hobetu dugu… eta egiten dugun lan hori, ilusio gehiagorekin egiten dugu. Esne prezioaren loturatik askatu gara, baina bestelako mundu batean ere sartu gara: produktua dendaz denda saldu, kalitate eta gertutasunaren balio erantsi hori azpimarratzeko bideak landu… Hemen ere, hasiera gogorra da, baina behin oinarria eginda, errazagoa.

Nola ikusten duzu esnegintzaren etorkizuna?
Ez dago erraza, baina jarraitu beharra dago gertutasuna eta kalitatea lantzen. Kontsumitzaileek dute giltza eta norberaren erabaki horietan eragin beharra daukagu. Guk, gure aldetik, produktu eta alor berriak ditugu buruan, gaztak egitea edota bestelako ideia bereziren bat. Ikusiko dugu…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!