'Urki' Aiako finalean ariko da

Iñigo Terradillos 2015ko uzt. 28a, 09:24
Argazkiak: Ibon Errazu (Irudian Ormaetxea, Esnaola, Farflanca eta Gabirondo)

Lehenengo txandan makarik onena egin zuen; Esnaola, Gabirondo II.a eta Kanflanka ere finalean izango dira

Eskualdeko segalari bat izango da abuztuaren 16an Aian jokatuko den Euskal Herriko Sega Txapelketako finalean, Jexux Mari Ormaetxea Urki, hain justu. Herenegun Aiako Aristerrazun jokatu zen kanporaketan orendaindarrak finalean lehiatzeko txartela lortu zuen.

Ekitaldi jendetsua izan zen, ikuskizun politaz eta giro paregabeaz gozatu ahal izan zelarik. Bi txandatan banatuta jokatu zuten. Lehenengoan Ormaetxea, Esnaola, Pardo eta Urrutia aritu ziren nor baino nor. Talde honetako segalariek bigarrenean aritu zirenek baino marka hobeak egin zituzten. Hala, Urki izan zen lehen postuan geratu zena, 30 minutuz lanean aritu ostean, 979,5 kilo belar ebakita. Talde bakoitzetik bi segalari igarotzen zirela finalera kontuan hartuta, bigarren posturako lehia gogorra izan zen Esnaola eta Pardoren artean.

Azkenean, 26 kiloko aldearekin egungo Euskal Herriko txapelduna izan zen bigarren geratu eta finalean ariko dena. 949 kilo ebaki zituen legorretarrak, eta Pardok, berriz, 923 kilo. Urrutiak azken postuarekin konformatu beharra izan zuen 726,5 kilo ebakita.

Bigarren txandari dagokionez, bertan ere faborito ziren bi segalariek egingo dute aurrera, Gabirondo II.ak eta Kanflankak. Beraiekin Merkader eta Berakoetxea aritu ziren lehian kanporaketan. Gabirondo II.ak 804,5 kilo ebaki zituen, Kanflankak 711,5 kilo, Berakoetxeak 607,5 eta Merkaderrek 594,5 kilo.

Bi kanporaketetan lehen bi postuetan geratu ziren segalariak kontuan hartuta, beraz, Ormaetxea orendaindarra ariko da finalean, eta txapela lortzeko Esnaola, Gabirondo II.a eta Kanflanka izango ditu aurrez aurre. Abuztuaren 16an izango da Euskal Herriko finala Aian. Denboraldia amaitzear da, beraz, segalarientzat. izan ere, betiko eran jokatuko den final horri azken jardunaldia gehitu beharko diote, nazioarteko eran jokatuko den Europakoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!