Alkateei elkarrizketak

«Denon artean erabakiko dugu herrian egingo dena»

Imanol Garcia Landa 2015ko uzt. 2a, 09:57

Hainbat proiektu zerrendatu ditu Gorka Egiak aurreko legealdiaren balantzea egitean, parte hartze prozesuak nabarmenduz

Elkarrizketa osoa audioan

EH Bildu bakarrik aurkeztu zenez udal hauteskundeetara, bost zinegotziak ditu Orendaingo Udalean, horietatik hiru berriak. Gorka Egiarentzat bigarren legealdia da alkate karguan.

Alderdi bakarra izanik, zein balantze egiten duzu emaitzei buruz?
Aurreko hauteskundeetan 66 boto jaso bagenituen, eta hamar gutxiago oposizioan izan direnak, oraingoan onartutako 82 boto jaso ditugu. Baina etxeetara banatu ziren EH Bilduko botopaperak gaizki banatu ziren, eta horregatik 22 bozka txuri izendatu dira eta horiek guretzako ziren, beraz, 104 balizko boto jaso ditugu. Horrek adierazten du aurreko alkateari botoa eman ziotenak oraingoan guri bozkatu digutela, eta horrek ilusio berezia egin dit. Saiatu gara herrian egon zitezkeen koskak berdintzen eta badirudi jendeak horrela ikusi duela.

Alderdi bakarra izateak zer suposatzen du?
Aurreko lau urteetan saiatu gara kontrol soziala indartzen, hau da, gardentasunean eta parte hartzean eraginez. Orendainen kasuan, eta uste dut Euskal Herrian ere, udalean gertatzen denaren kontrola gizarte osoak egin behar duela. Horretarako ditugu aurrekontu parte hartzaileak: bertan diru kontuak eta mugimenduak azaltzen dira.

Bost zinegotzitik hiru berriak izango dira. Zer suposatzen du horrek?
Ezinbestekoa da sartu berriek udalaren martxa pixkana hartzea. Bestalde, pertsona hauek modu aktiboan aritu dira, nahiz zinegotziak ez izan. Beraz, hainbat kasutan ondo ezagutzen dute lau urte hauetan egindako ibilbidea.

Aurreko legealdiaren zein balantze egiten duzu alor pertsonalean?
Edozein lekutan zaudela ere beti daude gaziak eta gozoak. Oso aberasgarria izan da, asko ikasi dudalako parte hartzeaz, hirigintzaz, aurrekontuez... Udalaren barruan dauden gaiez ia aditu bilakatzea tokatzen zaizu. Bestalde, nire bizitza baldintzatuta dago, lau urtetan bertan egon behar duzulako, eta pertsonaia publikoa zarelako. Anonimotasunak asko balio du.

Eta udalaren jardunaren inguruko zer balantze egiten duzu?
Kontuan izanik diru justuarekin egitea tokatu zaigula, gauza pila bat egin ditugu. Ikastaroak antolatu dira eta 60 matrikula izan dira. Aurreko legealditik zetozen proiektuei jarraipena eman zaie: eraikin berria, haur eskola, liburutegia, kaleak eta urbanizazioak bukatu dira. Herritarren parte hartzea bultzatu da, eta uste dut kalitatezkoa izan dela, egin diren prozesuak eredugarri izan direlako. Hirigintzan mantenu eta berritze lanak egin dira, tartean Eltxo elkartea. Udal irekia eta gardena izaten saiatu gara, besteak beste aldizkariak argitaratuz. Lanpostuak sortu dira, aldundiaren diru laguntzekin. Guztion Onerako Ekonomian sartu gara. Hondakin bilketa aldatu dugu, sailkatutakoen portzentaia %90era igoz, eta tasa 150 eurotik 62 eurotara jaitsiz. Eta hori dena udalaren egoera ekonomiko jasangarria izanez. Zer dugun hobetzeko? Adibidez, gazteekin eta helduenekin harremanak sendotzea.

Aurrera begira zer asmo dituzue?
Adibidez, Guifi.net proiektua abiarazteko asmoa dugu, ez bakarrik herrian, baita Tolosaldean ere. Horren harira proposamena egin dugu aste honetan beste udalerriei eta enpresa txikiei, lehen zegoenari hobekuntzak eginez. Beste asmo bat da Kalea baserria moldatzea etxebizitzak egiteko. Elkartearentzat eta tabernarentzat gasontzia jartzea. Guztion Onerako Ekonomian sakonduko dugu eta parte hartze prozesuetan ere zer esanik ez. Auzolana berreskuratu eta sendotu nahi dugu. Eta horrela jarraitu daiteke herritarrek egin dituzten proposamen guztiak gehituz: gimnasioa, bide berdea Abaltzisketara, bidegurutzetan ikusmena hobetu... Azken finean, egingo dena denon artean erabakiko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!