Kaleak eta errepideak ere zero zabor izateko deia zabaldu dute Orendaindik

Imanol Garcia Landa 2015ko eka. 26a, 08:00

Errepidera botatzen diren hondakinak jaso dituzte auzolanean eta egoera salatu dute kartelak jarriz.

Orendain zero zabo herria bihurtu zen, Gorka Egia alkateak dioenez, «arduraz jokatuz, etxeetan hondakinak sailkatzen ditugulako». Horrek beste hausnarketa bat ekarri zuen, Egiak azaldu duenez: «Zer gehiago egin dezakegu? Nik uste dut zero zabor herriak direnak badutela zer hobetu, lurrean zero zabor izan daitezen. Gure herrietan zoritxarrez, eta ez bakarrik eskualdean, Iparraldea ez den beste edozein txokotan ere, lurrean hondakinak aurkitzen dira etengabe».

Hausnarketa horretatik abiatuta, kanpaina moduan hasi ziren Alegiatik Abaltzisketara doan errepidean, Orendaingo udalerria dagokion eremua auzolanean garbituz. Bi aldiz egin dute auzolan hori. Lehenengoa aurreko udazkenean, eta garbiketarekin batera argazkiak atera zituzten, gero kartelak egiteko. Bigarrengoa orain gutxi egin dute, eta errepideak garbitzearekin batera kartelak jarri dituzte. «Jendearen jarrera salatzen dugu, eta eskatu nahi dugu mesedez errepidera ez dezatela hondakinik bota. Horren ordez, gorde dezatela eta gero etxean behar bezala sailkatu», esan du Egiak.

Alor horretan «erabat arduragabea» den gizarte batean bizi garela dio Egiak: «Argi dago eskuetan duguna lurrera botatzea oso ohikoa dela. Inork ez du onartu nahi, baina gero buelta bat ematea besterik ez dago: errepideak zerri eginda daude, kaleak zerri eginda daude, ibai ertzak ikusten ditugu horren ondorioz nola geratzen diren urak igo eta jaisten direnean...». Ohitura aldaketak «ezinbestekoak» direla gaineratu du. «Penagarria eta lotsagarria» iruditzen zaio Egiari: «Uste dut erakundeetan gaudenok gizarte arduratsua sustatu behar dugula. Batetik, salatu egin behar da egoera hau. Bestetik, kontzientziazio kanpainak ezinbestekoak dira normalak iruditzen zaizkigun gauza horiek, adibidez zigarro bat lurrera botatzea, urte gutxira zerbait anormal bihurtuz, hori egiteak jendeari tripako mina ematea».

Bi garbiketa saioetan bina zaku hondakin bildu dituzte. «Latak, botilak, autoan kontsumitu orduko botatzen ditugunak, kirola egitean indarra emateko elikagaien bilgarriak, zigarroen hautsontzia herriko plazan hustu, pipa eta patata poltsak...» jaso dituztela dio Egiak, eta gaineratu: «Arazoa larria da, eta gizarte bat berak egiten duenaren arabera definitzen bada, ba pentsatu nola definitu gaitezkeen, batez ere Hego Euskal Herria».

«Arazoa ikusarazi»

Kartelekin egin nahi dena ikusaraztea da: «Ustez inork ez zituen zaborrik ikusten errepidean, eta auzolanean parte hartzerakoan, gero eta kontzienteago egin da errepidean hondakinak botatzen direla. Eta kartelen bitartez batez ere egin nahi izan dugu hondakinak lurrean daudela ikusaraztea. Erakustea astakeria bat egiten ari dela hondakinak lurrera botatzen dituenak, eta gainera ez duela eskubiderik hori egiteko».

Orendaindik espero dute kanpaina horrekin jendeak bestelako jarrera hartzea, baina dagoeneko Egiak errepidean hondakinak ikusi ditu: «Badirudi batzuei bost axola zaiela. Espero besteren bat ohartuko dela eta lortuko dugula praktikak hobetzea».

Egiak gaineratu duenez, «konponbidea ez da» garbitzaile gehiago jartzea edo maizago garbitzea: «Konponbidea dator jendeak hondakinak lurrera ez botatzetik. Askotan pentsatzen dut eskualdean zenbat diru gastatzen den kaleak garbitzen».

Irtenbidea «ardura soziala» eskatzea dela esan du Egiak eta paralelismoa egin du hondakinak lurrera botatzearen eta etxeetan egiten den hondakinen kudeaketaren inguruan: «Ildo bat da esatea zuk zure etxean hondakinak dituzu eta zure ardura da horiek sailkatzea, eta ez duzu eskubiderik zaborra nahastua botatzeko, hori egiten baduzu kutsatzen ari zarelako eta arazo bat sortzen ari zarelako gizarteari orokorrean. Eta beste ildoa da esatea zuk egin ezazu ahal duzuna. Ez baduzu egin behar ere lasai, egin nahi duenari jarriko diogu bosgarren edukiontzia bere kontzientzia lasai geratu dadin, eta politikaria ere bai, zerbait saiatu delako egiten. Baina egin nahi ez baduzu, lasai, jarriko da errauste planta handi bat». Egiak azaldu duenez, «guk exijitzen dugu ardura soziala, eta beste batzuk esaten diote jendeari arduragabea izateko, beraiek arduratuko direla».

Kale eta errepideei dagokionez berdina izan beharko lukeela dio Egiak. Eskualdeko politikariek bat egin behar dutela uste du, «jendeari exijitzeko horrelakorik ez egiteko. Irtenbidea izatea jendeari arazo larri bat dagoela esanez, eta politika zorrotzak jarriko ditugula jendeak bere ohiturak aldatu ditzan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!