Landa eremutik etorkizunera begira

Imanol Garcia Landa 2015ko mar. 1a, 11:18

Erlantz Otamendik eta Fabio Oruçek hainbat gauza partekatzen dituzte: herria, jaioturtea, kuadrilla, lehen sektorean lan egitea, eta sariak jaso berri izatea

«Berezia izan zen. Bi sariak nahiko segidan izan ziren, eta gainera kasualitatez aurretik kuadrillako beste bi lagunek Fronton kafetegiak Beotibar frontoian antolatutako mus txapelketa irabazi zuten. Hiru astetan, hiru txapela lortu genituen. Gero esaten genuen loteria zetorrela eta irabaziko genuela, baina kaka: denon artean 22 txartel genituen eta bat bera ere ez». Gustura gogoratzen dute Erlantz Otamendi eta Fabio Oruç orendaindarrek orain hilabete gutxi kuadrillan gertatutakoa: lehenengo Oruçek Tolosako Babarrun Ekoizleen Lehiaketa irabazi zuen eta hortik gutxira Otamendik Hasania bigarekin Euskal Herriko Frisoi Txapelketa eskuratu zuen.

«Asebetetze handia da horrelako sari bat eskuratzea, pozgarria», azaldu du Otamendik. «Animatzen zaitu lanean jarraitzera. Indarra ematen dizu». Oruçek ere bizitako poza nabarmendu du: «Etxerako sekulako poza izan zen. Aitonari eman nion poza bizi guztirako. Aurten ez da izan lan gehien egin dudan urtea, baina oso gustura gelditu nintzen sariarekin».

Otamendiren lanbidea abeltzaintzan ordezkapenak egitea da. «Ehnelurrentzako ordezkapen lanak egiten ditut. Baserritarrak jai egin behar duenean, edo baja duelako, bere lanak betetzeko». Hasania behia bere arreba Eneritzek eta Eneko Dorronsoro koinatuak Igeldon duten baserrikoa da. «Han hasi nintzen lanean, eta laguntzen ere aritzen naiz. Azkenean Eneko aritzen da gehiago lanean. Nik lagundu egiten diot, eta tokatu zaigu... Nirea zati txiki bat da azken finean».

Bere aldetik Oruçen lan nagusia ez da babarruna ekoiztea. «Pinua eta egurraren munduan sartu naiz. Aizarnazabaleko Papelera Zubialderentzat egiten dut lan, eta ea horrekin gauzak aurrera ateratzen ditugun». Lehen fabrika batean aritu zen lanean lau urtez, baina basogintzaren munduan sartzea erabaki zuen, hori ikasi zuelako eta nahi zuelako: «Bestela damututa egongo nintzen bizi guztirako».

Fraisoron ikasketak amaitu ondoren, eta osaba beti babarrunarekin ikusten zuela-eta, beroaldi batean esan zion hasiko zela. «Azkenean dena berak lagunduta jarri nuen, hasieratik bukaerara berak erakutsi zidan, gauza asko ere berak egin zizkidan, traktore lanak esaterako. Azkenean gehienbat izan da nire osaba Juanjorengatik». Hain justu, saria jaso zuenean berari eskaini zion.

Herrian txikietan, baserriari lotuago

Bere lanbidea lehen sektorera bideratzeko arrazoia galdetzean, Otamendik beste erremediorik ez zuela izan dio: «Ez ditut ikasketak eta zortea izan nuen arreba Igeldora joan zela bizitzera eta koinatuak behiak izatea. Hara joan nintzen eta gehiena han ikasi nuen». Sei urte egin zituen bertan eta gero hasi zen ordezkapen lanak egiten. «Ondo ari naiz, ondo ateratzen ari da, beraz hor jarraitzeko asmoarekin», gaineratu du. Lanean arituz ikasi du bere lanbidea: «Etxean lana eginez ikasitakoa, gero Enekori ikusitakoa, eta orain ordezkapenak egiterakoan baserri askotan ibili naiz eta bertako nagusiekin, beraien ondoan ibilita, asko erakutsi didate. Teoria gutxi daukat, baina praktika asko, horrela ikasi nuen».

Lanbide horretara beste erremediorik gabe joan zela aipatu du Otamendik, baina horri gaineratu dio gustura ari dela: «Gustatzen zaidalako eutsi diot lan horri. Ez da izan horrela tokatu zaidala, gustatzen zaidalako bideratu dut horra ere lanbidea».

Fraisoro eskolan Mendien antolakuntza eta kudeaketa goi mailako modulua egin zuen Oruçek. «Horrek ez du zerikusia babarrunarekin, baina egoskorra naizenez azkenean horretara ere jarri nintzen. Lau urte noa eta aurten egiten badut, bosgarrena izango da». Bere lanbide nagusiari dagokionez, paper fabrikarentzako egiten ari den lana batez ere kudeaketa arloan dela dio: pinua erosi, gero saldu, non kolokatu, langileak eta kamioiak kudeatu...

Herri txiki batekoak izanik errazagoa dela lehen sektorean aritzea diote. «Lotuago zaude baserri mundura. Hobeto, edo behintzat beste begi batzuekin ikusten duzu», esan du Otamendik. «Kanpokoek begiratzen dute eta atzera botatzen die». Oruçek ere gertutasuna aipatu du: «Beti hemen zaude, eta ikusten duzu nola den. Tolosaren erdian bizi bazara ez zaizu etortzen burura hori egitea, ez baduzu familiakoren bat edo ezagunen bat. Halere, badago herrian jendea atzera botatzen diona bizimodu horrek».

«Zerotik hastea zaila da»

Lehen sektorea beti krisian dagoela askotan entzuten den esaldia da. «Krisian dago produktuak gutxi ordaintzen dizkizuelako. Gero behiei ematen diozuna asko ordaindu behar duzu», esan du Otamendik, eta Oruçek gaineratu du: «Merkatuan gehiago balio du, baina handizkariak direnentzako... azkenean esnezaleek eta babarrunzaleek ez dute zuzenean saltzen merkatuan, baizik kooperatiba batera edo, eta prezioa baxuagoa da. Gero prezio asko daude orain 30 urte bezala; ez babarruna, baina arkumeen kasuan adibidez barregarria da». Esnea ia kostuaren prezioan saltzen dela diote, eta alde handia dagoela esnea edo gazta saltzea.

Pinuen merkatuari dagokionez, baserritarrek lehen ezagutu zituzten prezioen herenera ere ez dela egun iristen dio Oruçek. «Lehen urre berdea ere deitzen zitzaion. Orain pixka bat altxatu dira prezioak, baina lehen zeuden prezioetara iristea oso konplikatua ikusten dut».

Orendainen lau baserri indartsu daude eta lauretan gazteak ari direla dio Otamendik. «Familiatik etorritako baserriak dira. Zerotik hastea zaila da. Gazteak badaude baserrietan, baina aitak edo aitonak hasitakoak dira».

Oruçek lehen sektorean negozio bat martxan jartzeak duen zailtasuna deskribatu du: «Baserri bat erosi behar duzu, pabilioia, animaliak, lurrak, horren mantenua... Sekulako dirua da hori. Beraz, edo dirua duzu edo laguntzaren bat, edo herentziaz jasotzen duzu. Aurrera ateratzeko laguntza behar duzu seguru, bestela...».

Alokairuan hartzeak ere inbertsioa eskatzen duela ekarri du gogora Otamendik: «Hustu direnak errentan hartu daitezke, baina hor sartu beharra daukazu traktorea, edo jezteko makina berriak erosi; eta gizentzeko behiak jarri nahi badituzu, edo ardiak, berdin-berdin makinaria behar duzu. Diru laguntzak badaude, baina zaila ikusten dut».

Etorkizunari begira, lehen sektoreak aurrera jarraituko duela dio Oruçek: «Ez genuen ezagutu orain 30 urteko garaia, baina pentsatzen dut orain hobeto dagoela; hori pentsatzen dut. Iruditzen zait jende gehiago animatzen dela mundu horretan sartzera. Ni Fraisoron nengoenean ez ginen bost bakarrik ikasgelan, 23 edo ginen. Jendea ibiltzen da, gero hortik biziko diren ikusi beharko da». Otamendik ere ikusten du jendea baserri mundura zerbait gerturatu dela: «Ikastera joan da jendea, ez duelako ikusten kalean aukera handirik, krisia dela eta. Baserririk izan gabe, baina baratza txiki batekin etxerako lagundu daitekeela ikusten dute».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!