Urtean behin behintzat herritarrek «ardura soziala» hartzea nahi du Orendaingo udalak

Imanol Garcia Landa 2015ko urt. 8a, 08:30

Udalaren jardunaren berri jaso eta hainbat erabaki hartu dituzte orendaindarrek, lehen aldiz egin duten urteko batzarrean.

Urteko batzarra egin zuten abenduan Orendainen, lehenengo aldiz, eta bertan 2014ko diru kontuei errepasoa egiteaz gain, 2015eko aurrekontua azaldu zitzaien herritarrei. Horrez gain, 2015erako proposatutako egitasmoen artean herritarrek erantzundako galdetegian zein izan ziren lehen bost aukeratuak jakinarazi ziren. Bestalde, batzarrean bertan, auzolanean egingo duten proiektua aukeratu zuten. Garrantzia eman dio Gorka Egia alkateak urtero herri batzar bat egiteari: «Ez dugu inor itotzea nahi. Herritarrei eskatzen dioguna da, behintzat urtean behin azaltzea, urtean behin lehentasunak ezartzea, urtean behin diru kontuen inguruko ardura hartzea... Urtean behin ardura sozial hori hartzea eskatzen dugu. Nahi dugu jendea ohitzea, eta ikustea behintzat urte horretan zer gertatu den eta hurrengo urtera begirako erabakietan parte hartzea».

42 pertsona izan ziren batzar horretan eta horrek esan nahi du herritar helduen %30ak parte hartu zuela. «Alde batetik, gustura gaude. Bestalde, etxe guztietatik ezin izan zuten norbait bidali eta hurrengoari begira, guk udalean jarraitzen badugu, ahalegintxoa egin beharko dugu azaldu ez diren horiei animatzeko, eta horrela, ahal dela etxe bakoitzetik norbait izatea urtero bertan», azaldu du Egiak.

Udalak egoera ekonomiko «saneatua» duela azaldu du Egiak. Diru kontuak azaltzerakoan, «pedagogia pixka bat egin nahi genuen herritarrekin, eta beraz, erakutsi beraiei proiektuak aurrera ateratzerakoan nola hasten garen eta nola bukatzen dugun». 2014ko diru kontuen inguruan, urte bukaerarako ia 23.000 euroko gerakina izatea aurreikusten zuten. «2013. urtetik 60.000 euroko gerakinen poltsa bat inbertsioak egin ahal izateko zegoen. Eta horiek erabili nahi ditugu 2015ean inbertsioak egiteko inongo mailegurik hartu gabe», zehaztu du Egiak.

2015eko aurrekontua 280.000 euroko da, eta inbertsioei dagokionez, 38.500 euro aurreikusten dituzte. Kale baserriko ideien lehiaketako sariak, purinen inguruko azterketa eta Tolosaldea Garatzenekin hitzarmena daude sartuta partida horretan.

Aukeratutako proposamenak
Urteko batzarren landu zen beste gaietako bat, 2014an egin zen galdetegian herritarrek aukeratutako proposamenak jakinaraztea izan zen. Hauek dira bozka gehien lortu dituzten lehen bost proposamenak: Orendaindik Abaltzisketara oinezko bidea egitea; herrian ikusmen arazoak dauden bidegurutzeei konponbidea bilatzea; gimnasioa jartzea; herri bideak asfaltatu eta hirigunea oinezkoentzat jartzea. Horretara bideratuko du inbertsioetarako gordetako dirua udalak.

Egiak azaldu duenez, lehenengo proposamena nekez lortuko da urtebetean egitea. «Besteak beste, Abaltzisketarekin elkarbanatutako proiektua izan behar duelako. Orain arte zer egin dugun azaldu genuen batzarrean; esaterako, Abaltzisketako Udala ados dago bidea egitearekin. Hurrengo erronka izango da finantziazioa bilatzea. Kontu zaila da, aldundiak edota Eusko Jaurlaritzak proiektu interesgarritzat jo beharko dute eta diru laguntzak eman».  

Bidegurutzeei dagokionez, bi edo hiru puntu konpondu nahi dituzte, eta aurreikusten dute aldunditik diru laguntza jasotzea. Gimnasioa jartzearena Erein diru laguntzekin egin daitekeen zerbait dela ikusten dute udaletik.

Herri bideak asfaltatzeari dagokionez, aurretik lanketa bat egin behar dela ikusten dute, herri bideak zein diren eta zeinek duten lehentasuna zehazteko. Azkenik, herri gunea oinezkoentzat jartzeko bi pibote jarrita nahikoa izango litzatekeela dio Egiak. «Orain, plazari berritu bat eman nahi bazaio, hori proiektu zabalagoa izango litzateke eta konplikatu daiteke egin nahi dugunaren arabera», gaineratu du.

Alkateak azaldu duenez, «saiatuko gara herritarrek lehenetsi dituzten egitasmo horiek martxan jartzen. Horrek ez du esan nahi horiek direla 2015ean egingo diren bakarrak. Aurreko urtetik datozen beste proiektu eta proposamen batzuk ere badaude».

Horietako bat da Kale baserriaren proiektua. Aste honetan amaitzen da arkitektoen lehiaketara proposamenak aurkezteko epea. Beste egitasmoetako bat etxeetan kontsumitzen den energia elektrikoa murrizteko proiektua da. «Rubi izeneko Kataluniako hirian martxan jarri zen eta Orendain izango da, Tolosarekin batera, proiektua probatuko den lekuetako bat».

Baso eskolarena da beste bat. «Guraso batzuk azaldu dute eskola alternatibo bat sortzeko interesa, eta baso eskola deitzen dena eta 0-6 urteetako izango zena sortzeko aukera etorri da», zehaztu du Egiak. «Tolosaldeko eskola alternatibo bezala martxan jarri nahi da eta hor erronka handi bat dugu irailerako martxan jartzeko».

Behi pixen inguruan, Tolomendi eta Lurgintza elkarlanean ikerketa egiten ari dira. «Horren arabera badugu hainbat inbertsio egiteko asmoa, eta lanean ari direnen eta bizi direnen arteko elkarbizitza sustatzeko asmoa», zehaztu du.

Urteko batzarrean auzolanari buruzko erabakia ere hartu zen. «Parte hartzea eskubide bezala hartzen da, baina badu ere betebeharretik», esan du Egiak eta auzolana bultzatzeko arrazoiak azaldu ditu: «Betidanik datorkigun ohiturari jarraipena eman nahi diogu batetik, baina bestetik ere betebeharrekin oso lotuta ikusten dugulako».

Galdetegian aukera zegoen auzolanean egiteko proiektuen proposamena eta gero urteko batzarrean aukeraketa egin zuten. Aukeratutakoa herriko mendi bideak berritu eta seinaleak jartzearena izan zen.

«Politika, balioetatik abiatuta»
Aurreko urtearen bukaera aldera jaso ziren azken galdetegiaren erantzunak. Galdetegiak hainbat zati zituen, eta horietako batzuetan jasotako emaitzen berri eman zen urteko batzarrean eta erabili ziren erabakiak hartzeko. Julen Aranburu parte hartze teknikariak azaldu duenez, parte hartze «handia» izan da: 121 galdetegi jaso dira, hau da, herritarren %83k parte hartu du.

Halere bazekiten lehenengo galdetegiarekin izandako parte hartzea baino baxuagoa izango zela. «Galdetegia ezberdina izan da, aurrekoarekin alderatuz», zehaztu du Aranburuk. Zati handi batean galderak bizi kalitateari buruz ziren, hau da, herritarrei zoriontsu ote den Orendainen, edo orendaindar sentitzen den edo ez, estresatuta bizi den edo ez... galdetu zitzaien. Erantzun horien berri aldizkari batean azalduko du udalak.

Galdera horien helburua «beste mota bateko proposamenak jasotzea» zen, Egiak dioenez. «Politika egiteko urteetako dinamiken ondorioz», jasotzen diren proposamen guztiak zerbait materiala egitea dutela helburu esan du. «Guk ulertzen dugu, eta pixkana egin nahi duguna da eta horregatik gaude sartuta guztion onerako ekonomia mugimenduan, politika balioetatik abiatuta egiteko». Egiak gaineratu duenez, «plaza oinezkoentzat jartzea ona da, baina baldin baditugu bost edo sei pertsona herrian bakardade egoeran bizi direnak, horiei ere erantzun bat bilatu beharko zaie. Ez dauka zertan beti aurrekontu bat izan behar egin behar dugunak. Asmoa zen galdetegia betetzean, jendeak ikustea agian garrantzitsuena zoriontsu izatea dela». Egiak uste du «garai berrietan behar berriak ditugula, eta gure belaunaldiari tokatzen zaiola politika ulertzeko beste molde eta modu batzuk martxan jartzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!