Balorazio oso ona Orendainen, hondakin bilketa sistema berriari

Imanol Garcia Landa 2014ko aza. 13a, 12:25

Orain bi urte jarri zen martxan, eta udalak bukatutzat ematen du ezarpen prozesua

Hondakin bilketa sistema berria martxan jarri zenetik bi urte pasa direnean, Orendaingo Udalak amaitutzat eman du ezarpen prozesua. «Gure helburua ahalik eta zabor gutxien sortzea denez, badago zeregina, eta horretan lanean jarraituko dugu. Baina, hondakinak biltzeko sistema Orendainen bertan ezartzearena itxitzat ematen dugu», zehaztu du Gorka Egia alkateak, eta gaineratu: «Sistema berriaren balorazio oso ona egin dute herritarrek».

Parte hartze prozesua egiterakoan, galdetegia banatu zen etxez etxe, eta hondakinen bilketa sistema berriari buruz ere herritarren iritzia jasotzeko aprobetxatu zuten. Hala, hiru galdera jarri zituzten. «Oso erosoa da konpostagailu bidez organikoa kudeatzea» esaldiak, batez beste 7ko balorazioa jaso du. «Birziklagunean hondakinak sailkatzea oso erosoa da» esaldiak 7,9koa jaso du. «Oso gustura nago hondakin bilketa sisteman egin den aldaketarekin» esaldiari, berriz, 7,7koa balorazioa eman zaio. «Horrek erakusten du argi eta garbi, galdetegia herritarren %90ak erantzun duela kontuan hartuta, orendaindarrak oso gustura daudela sistema berriarekin», esan du Egiak.

Kritika batzuk ere jaso ziren galdetegian, eta hiru ildo nagusi izan zituen. «Batetik, batzuk azaldu zuten konposta egitea ondo zegoela, baina etxean bertan ez zutela nahi egin. Beraz, aukera ematen da konpostagailu komunitarioak jartzeko, hala eskatuz gero. Horiek erabiliz gero baldintza da %25 gehiago ordaintzen duzula tasa», zehaztu du Egiak.

Beste kritika bat konpostagailu batzuetan saguak azaldu zirela izan zen. «Horren aurrean, konpostagailu bereziak erosi ditu udalak. Horiek ez dute lurra jotzen, airean daude, gaztainak erretzeko danbolinen antza dute. Horrelakoak nahi dituztenak kostuaren %25a jarri beharko dute, hau da, 30 euro», azaldu du alkateak. Hirugarren kritika etxolak batzuetan zikinak zeudela, eta kiratsa zegoela barruan, izan zen. «Horren aurrean haizebide batzuk jarri zaizkio etxola bakoitzari eta udaletxeko garbitzailea tartean behin joango da etxolak txukuntzera».

Hondakin tasa merketu egin da

Hasiera batean, aldaketarekin hastean, esfortzua suposatu zuela ohitzeak, baina behin aldaketak eman ondoren etxe guztietan hondakin guztia sailkatzera ohituta daudela dio Egiak: «Nik uste dut jendea ohartu dela ondo egiten ari dela eta ondo egiten ari zaren sentsazio horrek beste guztia tapatzen duela».

Sistema berriak udalak ordaindu beharreko diru kopuruan ere aldaketa ekarri du: «Ia %60 gutxiago ordaintzen ari gara. Horretarako ere diseinatu da sistema, zero zabor sortzeko eta ahal den gastu gutxiena suposatzeko. Hein batean ere horregatik daude herritarrak gustura. Lehen 150 euro ordaintzen zituelako zabor tasengatik urtean, eta aurten 65 euro ordainduko dituelako». Kopurua zergatik jaitsi den azaltzeko zenbaki batzuk azaldu ditu Egiak: «Mankomunitatetik etortzen den kamioiak lehen 112 altxaldi egiten bazituen hilean, gaur egun bost astetan altxaldi bat egiten du».

Aurrera begira ere gutxiago ordaintzea espero dute, eta horretan eskualdeko beste herrietan gero eta birziklatze tasa handiagoak izatean du eragina. «2012rako aldaketa hasia genuen, baina beste herri batzuk geroago hasi dira. Beraz, mankomunitatearen parte garenez, birziklatze tasa oso baxuak zituzten herrien hainbat gastu asimilatu behar izan ditugu, esate baterako Tolosarenak. Espero dezagun tolosarrek arduraz jokatu eta beraiek sortzen duten hondakinen zati handi bat sailkatuta aterako dutela hemendik aurrera; horrela merketu egingo da tasa».

Egiak gaineratu duenez, «egun hauetan Tolosan ikusten ari naizen kexa eta iskanbila hauek lotsagarriak iruditzen zaizkit. Inguruko herriak %80an sailkatzen ari gara gure hondakinak, eta tolosarrek ere iritsi beharko dute maila horretara, bestela beraiek asimilatu beharko dute beraiek sortzen duten gastua».

Lehen zero zabor herria

Euskal Herriko lehenengo zero zabor herria izan zen Orendain. «Guretzako sorpresa izan zen. Pentsatzen genuen Usurbil, Oiartzun eta Hernani bazirela», dio Egiak. Zero zabor herri izateak frakzio organiko guztia herrian bertan kudeatzen dela esan nahi du: «Organikoa ezin da herritik atera. Eta, gure kasuan, konpostagailuen bidez herrian hondakin organiko guztia kudeatzen dugu».

Beste frakzio guztiak auzoetan jarri dituzten eta birziklaguneak deitu dieten etxoletara bideratzen dira. Hor papera, plastikoa, beira, pixoihalak eta pilak jasotzen dira. «Errefusa etxebizitza bakoitzaren izena duten zintzilikailuetan jasotzen da, kontrola bermatzeko», zehaztu du alkateak. «Azkenik, %90eko birziklapen tasaraino iritsi gara, garbigunera doazen gauzentzako beste kaxa bat dugulako, eta horra jendeak gauza pila bat ateratzen ditu». Aurki beste etxola bat jarriko da, Ikaztegietarako bidea hartzeko bidegurutzean.

Bisitak ere izan dituzte bi urte hauetan. Euskal Herritik etorritakoak izan dira gehienak, 40tik gora bisita. «Asko gure tamainakoak diren herrietatik etorri dira», zehaztu du Egiak, eta nazioartetik etorri diren bisitari buruz ere hitz egin du: «Horiek ez dira etorri Orendainengatik zehazki, baizik Gipuzkoan egin den apustuagatik. Gipuzkoan, inon ez bezala, lortu delako errauste planta bat gelditzea, eraikitzaileekin eta bankuekin kontratuak sinatuta izan arren. Leku guztietan harriduraz, eta inbidiaz ere bai, begiratzen gaituzte. Badakitelako behin errauste planta martxan jartzen bada, birziklatze tasak altuak izatea ezinezkoa dela, errauste planta mantendu egin behar delako, jaten eman behar zaiolako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!