Bigarren herri galdetegia, laster etxeetara

Tolosaldeko Ataria 2014ko urr. 22a, 10:00
Eltxo elkartearen teilatua eta hormak berritu dituzte. ENERITZ MAIZ

Abenduaren 6an urteko batzarra egingo da, proiektuak erabakitzeko. Entzun Gorka Egia alkateari eta Julen Aranburu parte hartze teknikariari Ataria Irratian egindako elkarrizketa.

Orendaingo parte hartze prozesuaren barruan, bigarren galdetegia laster banatuko dute etxeetan. Julen Aranburu parte hartze teknikaria azaldu duenez, egunotan ari dira zehazten zer galdetuko zaien herritarrei: «Egiteko dauden proposamen guztiak zerrendatuko dira. Eta horietatik zehaztu behar da zer egin daitekeen datorren urtera begira». Gorka Egia alkateak gaineratu duenez, galdetegiaren asmoa «urteko ebaluazioa» egitea da: «Aurreko urtean erabaki zirenetatik zein egin diren, eta zein ez. Eta egin ez diren horietan lehentasunak jartzea».
Iaz jarri zuten abian parte hartze prozesua, Agenda 21a eraberritzeko, eta Orendaingo plan estrategikoa osatzeko. «Bertan hemendik 3-4 urtetan egingo diren lan ildoak definitu ziren, eta orain datorren parte hartzea horren jarraipena da», esan du Egiak.
Lehenengo galdetegian %90eko erantzuna izan zuten herritarrengandik. Aranburuk azaldu duenez, «guretzako arrakasta handia izan zen. Orain banatuko dena horren jarraipena izango da». Aurreko galdetegian bezala, oraingoan ere proposamen berriak azaltzeko aukera emango zaie herritarrei.

Auzolanentzako proposamenak
Auzolanak ere bere lekua izango du parte hartze prozesuan. «Parte hartzea eskubide bezala ikusten da», dio Egiak, «baina horrek ere bere ardura du. Beraz, esaten dugu denon artean erabakiko dugula udalean dagoen diruarekin zer egingo dugun, baina aldi berean gustatuko litzaiguke bakoitzak egin dezakeen ahaleginetik abiatuta urtean zehar zer egin daitekeen».
Auzolanaren inguruko hausnarketa ere izan nahi duela gaineratu du Egiak: «Askotan ikusten da auzolana herri bideak garbitzea, lan fisikoa egitea dela, baina agian ikuspegi sozialago batetik ere heldu geniezaioke. Hau da, bakardadean dagoen pertsonari laguntza eskaintzea ere izan daiteke auzolana». Beraz, galdetegian auzolanean zer egin daitekeen proposatzeko aukera izango dute herritarrek.
Galdetegia etxez etxe banatuko da. «Garrantzitsua da etxeetara joan, jendearekin hitz egin, azaldu nola izango den, eta animatu galdetegia betetzera eta parte hartzera. Nik uste dut bultzakada txiki bat ematea garrantzitsua dela», esan du Aranburuk. «Aurreko galdetegian horrenbesteko parte hartzea izatea Julenek txapela kentzeko moduko lana egin ondoren ere etorri da», zehaztu du Egiak.
Galdetegia jaso eta gero, egingo duten lehenengo gauza erantzunak biltzea izango da. Abenduaren 6an egingo den urteko batzarrean azalduko dira emaitza guzti horiek. Batzar horri urterokotasuna eman nahi zaiola azaldu du Egiak, eta abenduko lehen larunbatean egitea finkatu nahi dute: «Gure asmoa da behintzat etxe bakoitzetik konpromisoa hartzea norbait joateko urteroko batzarrera». Batzar horrek bi helburu izango ditu. Batetik, informazioa ematea, eta, bestetik, erabakitzea. Hala, informazioa emango da bigarren galdetegiko emaitzen inguruan, udalaren diru kontuez, proiektuen inguruan zer egin den eta zer dagoen egiteko, eta baita udalaren funtzionamenduaz. Ondoren, erabakiak hartuko dira: zein proposamen berri egin, eta, bestetik, zein auzolan aurrera atera.

Herritarrek lehenetsitako proposamenak

Eltxo Elkarteko teilatua
Eginda. Bozkatuena izan zen galdetegian. Egina dago teilatua eta hormak ere bai.

Baserri hutsei konponbidea bilatu
Gauzatze bidean. Jabego pribatua izanik, gaiari nola heldu izan da lehen kezka. Udala konturatu da baserri bat duela jabegoan. Hori berritu nahi dute, eta hor etxebizitzak egin. Gaiari buruz hitz egiteko, azaroaren 2rako herri batzarra deitu dute.

Bidegurutzeko ikusmena hobetzea
Gauzatze bidean. Egindako obrekin ez da geratu udalak nahi bezala; bigarren saiakera bat egingo da.

Herri bideak asfaltatzea
Eginda eta gauzatze bidean. Urkolamendiko bidea eraberritu da, baina falta dira beste batzuk. Lanketa bat ere egin behar da zehazteko zein diren herri bideak.

Plazak txukundu, zuhaixkak kendu...
Eginda. Lehentasunen artean jarri zuten herritarrek.

Eguzki panelak jarri eraikin publikoetan
Gauzatze bidean. Gaiaren lanketa luzea dela diote udaletik. Helburua energetikoki buruaski izatea da, eta horretarako lehenengo energi kontsumoa murriztu egin behar da.

Erizain zerbitzua herrira ekarri
Gauzatze bidean. Eraikin berriko lehen solairuan hainbat zerbitzu eskainiko lituzkeen gela jarri nahi da: ile apaintzailea, podologoa, masajista, erizaina... Aurtengo diru laguntzen mugek ez dute utzi oraingoz aurrera eramaten.

Inguruko herriekin ikastaroak antolatu
Eginda. Aurten bete den ekintza bat da, arrakasta handia izaten ari dena, eta jende asko ari da parte hartzen Orendainen egindako ikastaroetan. Udalaren helburuetako bat herria lotarako lekua bakarrik ez izatea da. Hau da, herri bizia izatea, eta garrantzitsua da herrian ikastaroak egitea.

Eraikin berrian wifia jartzea
Gauzatze bidean. Wifi konpartitua deritzon proiektuan sartuta dago Orendain, eta guztia lotu dadin zain daude martxan jartzeko.

Idazkaritzatik langabetuei lagundu
Eginda. Administrariari ordubete luzatu zaio lanordua, eta tarte horretan artatzen ditu langabezian daudenak, eta bideratzen ditu elkarrizketetara. Nahiz eta epe jakin baterako izan, hiru bat lanpostu lotu dira.

Behi pixen inguruko araudia sortzea
Ezin da. Behi pixen inguruko araudia sortuta dago Europar Batasunatik eta Diputaziotik, eta ezin da araudi hori gainditzen duen beste bat sortu herri mailan. Udalak plangintza bat sortu du, baserritarrekin eta nekazaritza elkarteekin batera, baserri bakoitzean zenbat pixa sortzen den, gordetzeko tokia nola duten, eta nola banatzen den ikusteko. Hortik aterako dira beharrak. Bestetik, udaletik azaldu dute saio batzuk antolatuko direla pixek nekazaritzarako duten garrantzia azaltzeko.

Uraren kudeaketa ur partzuergoari eman
Eginda. Martxotik aldaketa eman da, eta orduz gero Ur Partzuergoak bermatzen du ura etxeetara iristea.

Elizari erretoretxe ondoko lursaila eskatzea
Gauzatze bidean. Elizaren eraberritze obren hipotekari buelta emateko 70.000 euro jarriko ditu udalak. Ordainetan, Erretoretxe ondoko lursaila eskatuko zaio herriarentzat.

‘Guztion Onerako Ekonomia’ mugimenduan sartzea
Gauzatze bidean. Mugimenduaren inguruko jardunaldi bat antolatuko da martxoan eta hor gauzatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!