Udalaren bideorria osatzen orendaindarren %90ak parte hartu du

asierimaz 2014ko mar. 23a, 20:00
Orendaingo Udalak ondorengo urteetan zer egin behar duen badaki. Hamarretik bederatzi orendaindarrek zehaztu dute bide hori, hau da, 16 urtetik gorako herritarren ia ehuneko ehunak.

Lehenik, orendaindarrek ekimenen proposamenak egin zituzten, eta ondoren, horien artean lehentasunak zehaztu zituzten. Parte hartze prozesua «arrakastatsua» izan da, eta horrela onartzen du, hunkiturik Gorka Egia Orendaingo alkateak: «Herritarren artean banatu zen galdetegia biztanleen %90ak bete du. Aurreko urtean jarri genuen Orendainen parte hartze prozesua martxan, eta emaitzak ikusita, herritarrak bihotz-bihotzez zoriontzea besterik ez zaigu gelditzen».

Guztien artean onartutako ekimenak udalak bilkuran onartuko ditu, eta hortik aurrera, bere bideorria izango dira. Guztiei batera heltzea, ordea, ezinezkoa dela dio Egia alkateak, ondorioz, lehentasunak zehazteko ere baliatu dute parte hartze prozesua.

Udalak bere aldetik, erabakitako ekimenak aurrera ateratzeko %100eko konpromisoa duela esan du, eta jadanik, beltzez azpimarratutako ekimen horiek martxan jartzeko lanean ari da.

Asmoetatik ekimenetara pasatzeko, ordea, aurrekontuak beharrezkoak dira, eta hain zuzen ere, hori da Orendaingo Udalaren hurrengo helburua: aurrekontu parte hartzaileak osatzea.

Orendaingo Udala 2012ko azaroan hasi zen parte hartze prozesuaren inguruan lanean. Agenda 21en barruko udal plangintza osatu nahi zuen modu horretan, hau da, herritarren iritziak jarraituz. Prestaketa lanen ondoren, lantaldeak osatzeko garaia iritsi zen, eta horietan, orendaindarren %40ak hartu zuen parte, hau da, 50 lagun inguruk.

Gai desberdinen inguruan aritu ziren lanean. Proposamenak egin aurretik, egoera aztertu eta ikastaroak jaso zituzten. Behin informazio guztia eskuan, 91 ekimen atera ziren lantalde horietatik. Udalak «entresaka» egin ondoren, besteak beste herri batzarretan ateratako proposamenak gehituz, galdetegia zehaztu zuen.

Prozesuaren hirugarren fasean sartu ziren orduan, eta galdetegia 16 urtetik gorako orendaindar guztien artean banatu zuten. Abenduan izan zen hori. Urte berriarekin batera jaso zituzten emaitzak, eta ez nola nahikoak gainera: ia herritar guztiek bete zuten galdetegia.

Parte hartze prozesuaren helburuen artean Agenda 21 osatzea zegoen, baina ez zen hori helburu «potoloena». Egiak zehazten du beste helburua zein zen: «Herritarrei balorazioa egitea eskatu genien, bai parte hartze kulturaren inguruan, bai hondakin bilketaren inguruan eta baita udal ordezkarion inguruan ere».

«Berriro parte hartuko dut»

Barnera begirako galdeketa horien inguruan jasotako emaitzekin ere «oso pozik» agertu dira Orendaingo udal ordezkariak, eta batez ere, parte hartzearen inguruko balantzea azpimarratu nahi izan dute. «Antzeko prozesu batean berriro parte hartuko dut esaldia, bataz beste, 7,9 batekin baloratu dute. Prozesu honen barruan, helburuetako bat parte hartze kultura sustatzea zen herrian, eta horri lotuta, oso balorazio ona dela uste dugu». Aurrera begira, bide horretatik lanean jarraitzeko «garrantzitsutzat» jo du Egiak balorazio hori; «behin eta berriz esan dugu, ez dela prozesu itxi bat izan orain artekoa, eta jarraipen bat izatea espero dugu».

Parte hartze prozesua ona iruditu zait eta Galdetegia erraz eta gustura bete dut esaldiak 7,5 batekin baloratu dituzte orendaindarrek. Azkenik, eman diren pausu eta hartutako erabaki guztien inguruko informazio egokia izan dut esaldiak 7,2ko nota jaso zuen.

Hobdakin bilketa sistema berriaren inguruko balorazioa honela laburbildu zuen Egiak: «Askotan, albistegietan, hainbat pertsona ateratzen dira esanaz hondakin bilketa sistemarekin ez garela kudeaketa ona egiten ari; ez garela efikazak, ez dakigula nola egin, eta abar. Orendainen kasuan argi eta garbi gelditu da jendea gustura dagoela. Jasotako emaitzek hori erakusten dute». Galdetegiaren datuek hori erakusten dute, gai horren inguruko hiru esaldiek zazpitik gorako nota jaso baitute. «Herritarrentzat sistema aldaketa arrakastatsua izan da, inongo zalantzarik gabe», gaineratu du Egiak. Baina Orendaingo alkatea ez dago zenbaki onen atzean ezkutatzeko asmoz, eta hobetzeko urratsak eman behar direla dio: «Horrek ez du esan nahi aurkako iritzirik egon ez denik, eta ezta horiei erantzuna ematen saiatuko ez garenik. Aldaketak nahi dituztenekin hitz egin behar da, eta deseroso zergatik sentitzen diren ikusi. Behin arazo horiek identifikatu ondoren, konpontzeko proposamenak zeintzuk diren ikusi behar da. Mahai gainean jarri eta sistema hobetzeko».

Balantzeen atalaren azken puntuan, udal ordezkarien lanaren inguruan iritzia emateko aukera izan dute orendaindarrek. Galdetegi guztiak jaso ondoren, emaitzek ondorengoa diote: Gustura nago udal ordezkariak egiten ari diren lanarekin esaldiari, 7,5eko nota jarri dietela herritarrek. Orendaindarrek, galdetegian, zenbaki huts bat jartzeko aukera bakarrik ez dute izan. Euren zalantza, kexa, laudorio eta abar idazteko parada ere eskaini diete. Azken puntu honetan, udal ordezkariei dagokienean, herritarrek euren kritikak egin dituzte, eta Gorka Egiak azaldu duen bezala, horiei erantzuna ematen saiatu dira udal ordezkariak. Kritika horiek, ordea, «herri barruan» mantendu nahi ditu alkateak. Hori horrela izan dadin, kritika eta udalaren erantzunak etxez etxe banatu dituzte herritar guztien artean. Hori egiteko erabili duten modua, orain arteko prozesu guztia aurrera ateratzeko erabili duten bera izan da, hau da, Orendaingo berrie herri aldizkariaren bidez. Horien berri izan nahi duen guztiak, beraz, erraza dauka: udaletxera joan eta bertan jasotzea besterik ez dauka.

Parte hartze prozesuaren kostuei dagokienez, xehetasun guztiak argi eta garbi azaldu ditu udalak. Diru laguntzek bete dute aurrekontuaren zatirik handiena. Guztira 8.700 euro gastatu dira 2012an hasitako proiektu horretan. Horietatik ia 7.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiak ordaindu ditu, eta 1.800 euro udalak. Azpimarratu behar da, parte hartze prozesuaren bidez herriko langabetu bati lanpostua sortu zaiola. Hau parte hartzearen araberako erabakia zen, eta emaitzak positiboak izan direnez, lanpostu horren sorrera ere posible izan da.

 

 
 

Herritarrek proposatutako ekimenak eta udalak emandako pausoak

HIRIGINTZA

1. Eltxo Elkarteko teilatua konpondu.
Aurrekontuak mahai gainean dauzkagu, aukeratu eta elkarteko zuzendaritzarekin adostea besterik ez zaigu gelditzen.
2. Gimnasioa jarri
3. Baserri hutsei konponbidea bilatu: negoziora bideratu, etxebizitzak egin...
4. Kale baserrian turismoarekin lotutako zerbait egin
5. Alegia-Orendain-Abaltzisketa bidegurutzeko ikuspena hobetu. Foru aldunditik errepidetako arduradunak etorri dira eta proposamen batzuk lantzen ari dira.
6. Eraikin berrian Herriko hainbat taldeentzat txokoa jarri
7. Eserlekuak jarri hirigunetik kanpo
8. Herriko sarreran abiadura jaisteko neurriak hartu
9. Udaleko terreno batean baratzak egin eta alokatu
10. Plaza txukundu, zuhaixkak kendu…
11. Herri bideak asfaltatu
12. Frontoia pintatu

INGURUGIROA

1. Herriko eraikin publikoetan eguzki-sistema instalazioak jarri, bere finantziazioa udala eta herritarren artean eginik (herritarren kasuan bono bidez erosteko aukera emanda). Galdetegian atera da instalazio solarra jartzea inbertsio publiko eta pribatua elkarlanean. Lehenengo lana energia kontsumoa murriztea dela ikusten dugu eta aurtengo ildo nagusietakoa hori izango da, esaterako udaletxeok leihoak aldatzea, berokuntza sistema jasangarriagoa, led argiak ezartzeko plangintza.

ZERBITZUAK

1. Erizain zerbitzua herrira ekarri. Zerbitzua jartzeko aukera egongo litzateke baldin eta diru laguntzak lortzen baditugu.
2. Herrian hainbat zerbitzu izatea (Podologoa, ile-apaintzailea...)
3. Eraikin berrian Wifi-a jartzea

HEZKUNTZA

1. Inguruko herriekin ikastaroak antolatu. Plaza libreak ikusten ari gara eta eskaera egingo dugu aste santuen ondoren urte bukaera osatu ahal izateko.

ENPLEGUA

1.Herrian denda bat ireki.
2. Udalak herrian egon daitezkeen lan nitxoen inguruko ikerketa egin eta beste herrietako esperientziak ezagutzera eman.
3. Idazkaritzako langileak langabetuei lagundu.  Herriko udaletxeko langile batek proposamena mahai gainean dauka bere ordutegia luzatu eta ildo horretan martxan hasteko.

LEHEN SEKTOREA

1. Esnea komertzializatzeko gunea sortu.
2. Purinekin araudi bat sortu herri mailan. Araudia sortu baino lehen beste hainbat jarduera egiteko daudela ikusten dugu, eta aurten egin nahi dugun lehen jarduera proposatzen dugu: Tolomendi eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, nahi duguna da formakuntza saio batzuk herrian jarri purinaren inguruan. Onurak, sortu ditzakeen kalteak, proportzioak, gero pixa banatzeko zein alternatiba egon daitezken ikusi eta aztertu, eta hirugarren ildoa, baserritarrei norbanako aholkularitza zerbitzu bat ematea, nola pixa putzuak hobekuntzak...

UDALA

1. Uraren kudeaketa Ur Partzuergoari eman 10 urtetarako. Apirilean ia pasako gara. Aldaketa emango dugu eta Ur Partzuergoak kudeatuko du Orendaingo sare osoa.
2. Orendaingo Udalak Europan indartzen ari den Guztion Onerako Ekonomiaren mugimenduarekin bat egitea.
3. Elizari bere hipoteka ordaintzen laguntzeagatik Erretore etxeko terrenoa eskatzea.
 
 

Parte hartze prozesuaren kostua eta diru laguntzka

KOSTUA

Hizlariei emandako bi gazta 32,57€

Bidaiak eta kilometroak 95,52€

Hirigintzako hitzaldia 380,00€

Digitarte, imprenta 239,58€

Bileretarako materiala 10,88€

Langilearen kontratua 5.121,62€

Tolosaldea Garatzen aholkularitza 2.904,00€

GUZTIRA 8.784,17€

FORU ALDUNDIAREN DIRU LAGUNTZAK

Partaidetza programa 4.000,00€

Agenda 21 programa 2.905,00€

GUZTIRA 6.905,00€

UDALAREN GAIN 1.879,17€

GARBIÑE MENDIZABAL, TOLOSALDEA GARATZENEKO ORDEZKARIA

"Parte hartzeak bizi kalitatea hobetzen du"

 

 

 

Parte hartze prozesuaren emaitzen aurkezpena Gorka Egia Orendaingo alkateak, eta Julen Aranburu herritarrak egin zuten martxoaren 7an. Ekitaldi horretan Garbiñe Mendizabal Tolosaldea Garatzen erakundeko arduraduna eta Arantza Ruiz Larrinaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako zuzendaria egon ziren, hainbat orendaindarrekin batera.

Gorka Egiak prozesuaren «arrakasta» parte hartzean bertan kokatu zuen: «Herritarrek egin dituzte proposamenak, eta eurek erabaki dute aurrera zein joango den eta zein ez. Hasiera batean, jendearen parte hartzea espero genuen, baina ez genuen uste horrenbestekoa izango zenik». Horren adibide bezala, kontaketa garaiak izan zituen gogoan alkateak: «Boto kontaketak izugarrizko lanak eman zizkigun. Auzolana deitu genuen, eta herritarren eta udal idazkariaren laguntzarekin zenbatu genituen».

Nekez pentsatzen zuten horrelako datuetara iristea, eta horregatik, udal ordezkari guztien izenean, Gorka Egiak orendaindarrak zoriondu nahi izan zituen, «hainbeste landu eta goxatu dugun proiektu honi horrelako erantzuna emateagatik. Udaletxean gaudenontzat oso garrantzitsua izan da herritarrek parte hartu nahi dutela ikustea. Udaletxean lanean jarraitzeari zentzua ematen dio horrek».

Tolosaldea Garatzen eta Gipuzkoako Foru Aldundia ere kontuan izan zituen eskerrak ematerakoan Orendaingo alkateak. Prozesu honen kudeaketan eta «une zailetan» jasotako laguntza gogoan izan zituen Egiak, eta foru aldundia «parte hartzearen alde egiten ari den lana» azpimarratu eta eskertu zuen.

Tolosaldea Garatzenen izenean Garbiñe Mendizabalek hitz egin zuen. Herritarrak zorionduz hasi zen, baina udala ez zuen aparte utzi nahi izan: «Parte hartze honen sustapenean udal ordezkariek lidergoa hartu duzue, eta indar hori ezinbestekoa izan da aurrera eramateko». Gauzak «ondo» egin direla esan zuen Mendizabalek, eta horren emaitzak jaso direla. Kultura horren garrantzia ere azpimarratu zuen eskualdeko garapen agentziako kideak: «Tolosaldea Garatzenen udal sail bat daukagu, eta bertatik helburu bezala kudeaketa ahalik eta eraginkorrena eta onena izatea bultzatzen dugu. Azken finean, herritarren bizi kalitatea hobetzeko, parte hartzearen kultura sustatzea ezinbestekoa da. Ikusi da, jendeak bere herriaren eta udalaren kudeaketan parte hartzen baldin badu, askoz erosoago eta gusturago egoten dela herrian bizitzen».

Garbiñe Mendizabalen esanetan eurak hori babesten saitu dira, eta Orendaingo prozesuan eurekin kontatzeagatik, eskerrak eman zizkien orendaindarrei; «guretzako plazer bat izan da, eta gustatuko litzaiguke beste herriek ere horrelako eskaerak egitea Tolosaldea Garatzeni».

«Aldaketarako gogoa»

Arantza Ruiz Larrinaga Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak hiru ideia nabarmendu nahi izan zituen Orendaingo prozesua eredu hartuta. Parte hartzea «paperetatik errealitatera» eramatea lortu dutela esan zien herritarrei eta udal ordezkariei, Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburuetako bat betez: «Parte hartzearen inguruko sarea osatzen hasi ginen duela bi urte inguru. Eta Orendainek kasu praktiko bat izatea lortu du. Hasieratik jo zenuten herritarrengana, eta prozesu hau oso ondo planteatu duzue. Gauza interesgarri asko ditu niretzat, eta horien artean, informazioa lantzearena dago. Parte hartzea bultzatzeko oinarri-oinarrizko elementua. Gero eztabaida guneak egon dira, eta baita erabakitzeko aukera ere. Horrela lortu duzue udalaren eta herritarren arteko lankidetza». Ruiz Larrinagaren ustez «lorpen izugarria» lortu dute orendaindarrek; «herriaren norabidea elkarrekin zehaztea». Foru aldundiko ordezkariaren esanetan, horrek udal ordezkariei eta herritarrei segurtasuna eta lasaitasuna ematen die. Prozesu irekia izatea ere baloratu zuen Ruiz Larrinagak, eta baita aurrera nola jarraitu zehazturik izatea ere, hau da, aurrekontu parte hartzaileak eginez.

Bigarren hausnarketa bezala, foru aldundiko kideak herri txikiak izan zituen hizpide, eta hauetan horrelako prozesuak bultzatzearen beharra; «potentzialtasun izugarria dute herri txikiek horretarako, eta hori, Orendainen argi ikusi da». Diputazioak 2011-2013ko adibide praktikoak, parte hartzearen ingurukoak, liburu batean bildu ditu, eta hor 26 eredu agertzen dira, tartean Orendaingoa. Beste herrietan bide hau hartzearen garrantzia azpimarratu zuen Ruiz Larrinagak. Azkenik, Orendainen udal ordezkariek erakutsi duten «inplikazioa» nabarmendu zuen foru ordezkariak. Aldaketarako «gogoa» ere nabarmena dela esan zuen Ruiz Larrinagak, eta bide horretatik jarraitzeko konpromisoa hartu zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!