Orendaingo Udalak herritarrei eskerrak eman dizkie azken hilabeteetan egin duten lanagatik, eta erakutsitako konpromisoagatik. Gorka Egia alkatearen esanetan, «erronka» betetzea lortu dute. Erronka hori, herritarren parte hartzea bultzatzea zen, eta jasotako erantzunarekin arro agertu da Egia: «Herritarren herenak baina gehiagok hartu du parte Agenda 21 eraberritzeko prozesuaren lehen fasean».
Agenda 21 Orendaingo Udalarentzat tresna oso garrantzitsua eta praktikoa da. Bertan, udal ordezkariek herrian zer egin behar duten agertzen da, eta udalaren helburua, bideorri hori herritarren artean osatzea zen; Orendaindarrei deialdia egin zien laguntza eskatuz, eta Egiaren esanetan, herritarren %37k lanarekin erantzun dute: «Sei-zazpi laguneko zazpi lantalde osatu ditugu. Guztira 54 herritarrek parte hartu dute, hau da, orendaindarren %37k. Guztira 91 ekintza proposamen atera dira lantalde horietatik. Horrez gain, parte hartze honi esker, herriko gazte batentzat lanpostu bat sortzea lortu dugu. Guzti horregatik, udalak herritarrei eskerrak eman nahi dizkie».
Herriari egokitutako 91 ekintza proposamen horiek iragan igandean aztertu zituzten herri batzar batean, banaka-banaka. Galbahea pasa ondoren, galdetegi bat osatuko dute, eta irailaren amaieran, etxe guztietan banatuko dute galdetegia. Hau, Agenda 21 eraberritzeko bigarren fasea izango da, eta Orendaingo alkatearen esanetan, helburua herritarren %90ak parte hartzea da. Hona hemen beraz, udalak herritarrei luzatu dien bigarren erronka.
Agenda 21 zertarako?
Aurten, urte hasieran, Orendaingo Udalak bere burua arazo baten aurrean ikusi zuen: herrian egin beharreko lan estrategikoen %80a egina zegoen. 2013an, gainera, udal ordezkariek %90era iristea aurreikusten zuten. Egin beharreko lan estrategiko horien zerrenda da Agenda 21. Gorka Egiaren esanetan, ez da ezertarako balio ez duen kontzeptu bat Agenda 21: «Udal honentzat oso tresna baliogarria da, gure funtzionamendua bertan oinarritzen baita. Guretzat benetan beharrezkoa dugun lanabes bat da Agenda 21; ez da itxurakeria».
Aurreko udalak osatu zituen Agenda 21eko ekintza proposamenak, eta Bilduko hautetsiak udalera iritsi zirenean, Egiaren esanetan, ekintza proposamen horien %40a egina zegoen. Legegintzaldi honetan, jadanik, %40tik %80ra igaro dira, eta horren aurrean, lanean jarraitzeko Agenda 21 eraberritu beharrean aurkitu zirela dio alkateak.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz Aztiker enpresarekin hasi ziren lanean. Eraberritzea aurrera eramateko, bi fase diseinatu zituzten, eta lehenengoa, herrian lantaldeak osatzea izan da, proposamenak egiteko.
Lehenik eta behin, orendaindarrei zein lantaldetan parte hartu nahi duten galdetu zitzaien, bakoitzak bere alorra erabakitze aldera: hirigintza, udal funtzionamendua, ingurugiroa... Lantaldeak osatu ondoren, lehenengo bileran informazioa banatu zen. Egiaren esanetan, orain arte herrian zer egin den eta gai bakoitzaren inguruan Orendain nola dagoen informatu zen lehen bilera horretan.
Ondoren, informazioa izanda formatzea tokatzen zen. Horretarako adibide zehatzak aztertu zituzten. Udal funtzionamenduko lantaldean adibidez, Oñatiko eredua aztertu zuten; lehen sektoreko lantaldea, aldiz, Orduñara joan zen, bertako baserritarren eredua ezagutzera.
Hirugarren eta azken bileran, herritarrek proposamenak egin zituzten; zazpi lantaldetan egindakoak batuta, guztira 91.
Behin lehen fasea amaituta, bigarrena jarriko dute martxan hilabete bukaeran, hau da, herritar guztien artean galdetegi bat banatuko dute, lantaldeetatik atera eta galbahea pasa duten proposamenekin.