«Herritar guztien artean moldatutako atez atekoa» aldarrikatu dute Villabonan

Ataria 2013ko otsailaren 19a

Hondakin birziklagarri guztiak gaika biltzea posible dela azaldu du Gipuzkoa Zero Zabor (GZZ)  mugimenduak, «herritar guztien artean moldatutako atez atekoa» martxan jarriz gero. Villabonan egindako agerraldian, munduan, Europan nahiz Gipuzkoan atez ateko bilketa sistema gisa ezagutzen diren esperientziak gogora ekarriz, hauexek oinarri hartu behar direla aldarrikatu zuen, pasa den larunbatean, mugimenduak: «Gure herrirako eredu propioa, herritar guztien artean, herriaren eta herritarren beharretara eta nahietara moldatutako atez atekoa nahi dugu».

Bide honetan, gaur egun, gero eta produktu gehiago hondakin bilakatzen direla dio Gipuzkoa Zero Zaborrek, «gehienak nahastu eta alferrik galtzen baitira», euren ustez. Horrela, Gipuzkoan urte osoan zehar ehunka milaka tona zabor sortzen direla azpimarratu nahi izan zuten, hau arazotzat hartuz. «Arazoa hamarkadetan hor egon da, baina edukiontzietan ezkutatu izan dugu, edukiontziak lur azpian sartuz».

Mugimenduko kideek, gainera, herritarrak ere arazo honen zati direla nabarmendu zuten Villabonan: «Jakitun gara, gu arazoaren parte garela, eta zaborretara botatzen ditugun janari hondarrak beste batzuen etxe ondora, usteltzera bidaltzen ditugula».

Honen harira, beraz, herritar guztiek zor bat dutela uste dute Gipuzkoa Zero Zabor mugimenduko kideek: «Gure zaborrak jasotzen dituzten herrietako biztanleekin zor bat dugu, eta haien sakrifizioak gure ahalegina eskatzen du», azpimarratu zuten.

«Material ustelgarririk ez»

«Zaborretan, zaborra ez den ezer ez joatea» bermatzeari berebiziko garrantzia eman zioten Gipuzkoa Zero Zaborreko kideek, aipaturiko zorra kitatze aldera: «Material ustelgarririk bidaliko ez diegula ziurtatu behar dugu».

Helburu honi begira, eta beren aldarri nagusia errepikatuz, «gure herrirako atez ateko bilketa sistemaren eredu propioa nahi eta behar» dela nabarmendu zuten.

Arazoari konponbidea jartzeko modurik eraginkorrena dela uste dute, eta horrela, «Gipuzkoan bilketa eraginkorrean Usurbil, Hernani, Oiartzun, Antzuola eta Orendainen hasitako bideari» jarraitu nahi diotela azaldu zuten.

Gainerako herriei ere, bide bera hartzeko deia egin zieten mugimenduko kideek, «arduraz, elkartasunez eta konpromisoz, arazoa guztiona delako».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!