Kirikiño aisialdi taldeak 1985-1986 ikasturtean eman zituen bere lehen pausoak; Txantxangorri zuen izena garai hartan. Hasi berria den 2012. urte honetan beteko duten 25. urteurrenaren harira, egitarau berezia aurkeztu dute taldeko arduradunek.
Iazko urte hasieran begirale batzordea osatu zuten antolakuntza lanetarako, eta ezer baino lehen bi helburu nagusi finkatu zituztela azaldu du Juanma Carretero arduradunak. Batetik, eskerrak eman nahi dizkiete, urte hauetan guztietan beren denbora eta gogoa taldeari eskaini dioten begirale, guraso, jostun, garraiolari eta abarrei; era berean, «25 urte urtero betetzen ez direnez», festa giroan ospatu nahi dute 2012. urte hau.
Bide horretan, atzo arratsaldean festa antolatu zuten Hirukide Jesuitinen ikastetxean, 10 urtetik beherako haurrentzat. Egitaraua, ordea, maiatza bitarte luzatu dute, eta argazki lehiaketa, Kirikiño eguna, txaranga eta erakusketa izango dira, besteak beste. Azken jarduera honek, erakusketak, lan handia sortu diela nabarmendu dute arduradunek; 25 urte hauetako argazki asko paperean edo diapositibetan gordeta zituzten, eta guztiak eskanerretik pasatzen aritu dira erakusketarako.
Oinarri sendoetatik abiatuz
Apaiza Eskolapioek Orendainen zuten etxera irteerak egiten zituzten garai hartako ikasleek, eta txango haietatik abiatuta, aisialdi taldea sortzea bururatu zitzaien orduko begiraleei. Antxon Iglesiasek irakasle ikasketak bukatu berriak zituen, eta Eusebio Losada apaizaren laguntzaz, UBIko Xabi Espina, Andi Sanchez, Jolanda Perales eta Irene Larraza ikasleekin batera sortu zuten lehen taldetxoa.
Hastapenetako urte haietan finkatutako helburu berak ditu gaur egun ere taldeak: pertsonak hezten laguntzea da euren nahia, fedean biziz eta gizartearekiko konpromisoa sustatuz. Helburu hauek lortzeko gakoak guraso nahiz gazteen prestutasuna, eskolaren laguntza eta neska-mutilak zaintzea izan direla azpimarratu dute.
Guztira 220 begirale eta 6.500 neska-mutil taldeko kide izan direla kalkulatu dute Kirikiñoko arduradunek, eta hauek guztiak ere gonbidatu nahi dituzte aurtengo ospakizun jardueretara.
Kirikiñoren 25. urteurreneko informazio eguneratua nahiz arropa berezia eskuratu ahal izateko, http://25urteurrena.blogspot.com helbidea bisitatu daiteke.
Egitaraua
Urtarrilak 28-otsailak 5
Erakusketa. Antonio Maria Labaien kultur etxean, aisialdi taldearen argazkiak, panelak nahiz DVD proiekzioak ikusgai izango dira 17:30etik 20:30era bitarte.
Otsaila
Inauterietako konpartsa. Aurtengo gaia Willy Fog izango da, eta Kirikiñoko munduari bira izenburua jarriko diote konpartsari. Begirale ohi guztiei dei egiten diete bertan parte hartzea, 25. urteurrena dela eta, aurtengo konpartsa berezia izan dadin.
Martxoa
Lehiaketa. Argazki lehiaketa antolatuko dute.
Apirilak 21
18:00. Eukaristia egingo dute Jesuitinetan. Ondoren, txarangarekin kalejira egingo dute, eguna afari erraldoiarekin eta opari banaketarekin amaitzeko.
Maiatza
Kirikiño eguna.